Síguenos en redes sociales:

Hazi Artea: artea, euskara eta ikaskuntza, bidean bat eginez

HAZI ARTEA ERAKUSKETA GELTOKIN IKUSGAI DAGO, ERENTZUN ETA SAN FERMIN IKASTOLETAKO IKASLEEN LANAK BILTZEN DITUENA

Hazi Artea: artea, euskara eta ikaskuntza, bidean bat eginezAinhoa Permach

Egunotan, HAZI ARTEA izeneko arte erakusketa Iruñeko Geltoki gunean ikusgai dago, Erentzun eta San Fermin ikastoletako ikasleen lanak biltzen dituena. Proiektu pedagogiko baten emaitza da erakusketa, eta apirilaren 10era arte egongo da zabalik. Ekimenak artea, hezkuntza eta komunitatea uztartzen ditu, ikasleen sormena eta parte-hartzea erdigunean jarriz.

HAZI ARTEA Nafarroa Oinezen baitan sortutako egitasmo pedagogikoa da. 2026ko edizioa elkarlanean antolatzen ari dira bi ikastolak, Bidean bat gara lelopean. Lelo horrek bidea, elkarlana eta komunitatea azpimarratzen ditu, eta ideiok izan dira proiektuaren abiapuntua. Ikasleek lelo hori berrinterpretatu dute artearen bidez, bakoitzak bere ikuspegitik, bere sentsibilitatearekin eta barne mundua adierazteko moduarekin.

Proiektuaren helburua ikasleen sormena eta adierazpena sustatzea izan da, artearen bidez euskararen eta euskal kulturaren balioa agerian jarriz. Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzaraino, adin guztietako ikasleek parte hartu dute. Margolanak, collageak, instalazioak eta bestelako adierazpen plastikoak sortu dituzte, banaka edo taldeka egindako lanekin.

Ekimenaren alde pedagogiko nagusietakoa sormen prozesuari ematen zaion garrantzia da. Hau da, ez dute soilik azken emaitza baloratu; bidean egindako hausnarketa, esperimentazioa eta ikaskuntza ere funtsezkoak izan dira. Prozesu horren bidez, ikasleek beren ideiak garatzeko, emozioak adierazteko eta sormenaren bidez komunikatzeko aukera izan dute. Horrez gain, artelanak ikuspegi kritikotik eta era eraikitzailean aztertzeko gaitasuna landu da, artea ulertzeko eta baloratzeko tresnak garatuz.

Bestalde, HAZI ARTEA proiektuak kooperazioa ere lantzen du, bai ikasgai gisa bai ikasbide gisa. Bi ikastoletako ikasleak proiektu komun batean elkarlanean aritzeak harremanak sendotzen ditu eta komunitate sentimendua indartzen du. Elkarrekin sortzeak eta ideiak partekatzeak ikasleen arteko kohesioa sustatu du, ikastolarekiko atxikimendua areagotuz.

Proiektuak, gainera, ikaslea bera jartzen du erdigunean. Ikasleak ez dira soilik ikusle edo parte-hartzaile pasibo; sortzaile eta eragile aktibo bihurtzen dira. Horrela, euskararen eta euskal kulturaren hedapenean modu zuzenean parte hartu dute, beren lanen bidez hizkuntza eta kultura balioan jarriz.

Halaber, ekimenak lotura zuzena du Artea Oinez proiektuarekin. Artista profesionalek parte hartzen duten ekimen horren ildotik, ikasleek ere beren sorkuntza artistikoak plazaratzeko aukera izan dute, zenbait kasutan, artista horien obrak inspirazio iturri gisa erabili bait dituzte, arte garaikidearekin harreman zuzena sortuz eta erreferente berriak ezagutuz.

Ikasleek Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan egindako lan guztien artean hautaketa bat egin ondoren osatu da Geltokin ikusgai dagoen erakusketa. Lanek aniztasun handia erakusten dute: estiloak, teknikak eta ikuspegiak askotarikoak dira, eta horrek agerian uzten du sormenak adin guztietan aurkitzen duela bere bidea.

Azken batean, HAZI ARTEA proiektuak argi erakusten du artea hezkuntzaren tresna indartsua izan daitekeela. Sormenaren bidez, ikasleek beren ideiak garatzen dituzte, elkarlanean aritzen dira eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioan protagonismoa hartzen dute. Bidean bat gara leloa, beraz, ez da soilik jaialdi baten mezua: ikaskuntza prozesu baten isla ere bada, bidean elkarrekin egindakoa.