gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz programa politika egiteko beste modu bat da, denon artean gure etorkizuna nola izatea nahi dugun erabakiz: herritarrek, antolakundeek, enpresek, elkarteek, unibertsitateek, etab. Helburua ekonomia sendo bat lortzea, komunitatearen ongizate soziala bultzatzea, bizi kalitatea hobetzea eta Gipuzkoa oraindik eta lehiakorragoa egitea da. Programa honen babesarekin eta filosofia horri lotuta, Goieki, Goierriko Garapen Agentzia, proiektu bat lantzen ari da eskualdean: Goierriko Ekosistema Soziala.

Helburu nagusia bazterkeria egoeran dauden pertsona langabetuak lanerako presta-tzea eta beraien enplegagarritasuna hobe-tzea da. Iker Galparsoro Goiekiko zuzendariak dioenez, eskualdeko enpleguaren diagnosia egin ondoren, argi eta garbi ikusi zuten langabezian zeuden pertsonek ezaugarri berezi batzuk zituztela eta, egoera horri aurre egiteko, kolektibo horrekin lan egitea erabaki zuten: “Emakumea eta ikasketa maila oso baxuarekin, hauxe da Goierrin langabezian dauden pertsona gehiengoen profila”. Hori dela eta, eskualdeko hainbat eragileren artean lantalde bat sortu zuten egoera horri aurre egiteko asmoz: Goieki, Goierri Eskola, Caritas, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria eta Peñascal kooperatiba, besteak beste.

“Langabezian dauden hamar pertsonatik zazpi emakumeak dira eta askok ez dituzte oinarrizko ikasketak”, dio Galparsorok. Arazoa da Goierrin dauden enpresek ez dituztela lanerako pertsona kualifikatuak aurkitzen, langabezian dauden pertsonen formakuntza maila oso baxua baita eta, ondorioz, lan merkatutik geroz eta urrunago daude.

FORMAKUNTZA Hori jakinik, Goieki ikastaro batzuk ari da prestatzen kolektibo horrengan pentsatuz eta dagoeneko Goierriko hainbat herritako 50 emakume langabetuek eman dute izena. Denekin elkarrizketak egin ondoren, hamabost emakume langabetu aukeratuko dituzte, ehungintza industrialean formakuntza jasoko dutenak Sarea Fundazioaren eskutik (Caritas).

Momentu honetan ikastaro hau prestatzen dabiltza buru-belarri. Azaroan hasi eta apirilera arte iraungo du eta, Goiekiko zuzendariak adierazi duenez, maiatza eta ekainean “enpresa industrialetan praktikak egiteko aukera eskainiko zaie”. Parte hartuko duten enpresek ez dute konpromisorik izango praktiketan joango diren emakumeak kontratatzeko, “baina lehen graduko ziurtagiri profesional bat jasoko dute eta horrek beraien enplegagarritasuna hobetuko du”.

Etorkizunari begira, honi jarraipena ematea da asmoa eta horrelako ikastaroak antolatuko dira urtero hainbat espezialitatetan. “Lantaldeak jarraipena egingo dio prozesu guztiari eta ikastaro proposamen berriak landuko dira merkatuan sumatzen diren beharren arabera”. Horretaz gain, eskualdeko enplegu planaren eguneraketa egiten hasiak dira eta hor adostuko dituzte ondorengo ekintza guztiak: formakuntza bereziak, sentsibilizazio kanpainak, etab. Dagoeneko badituzte datozen urteetan aurrera eraman nahi dituzten proiektuak. Baina, batez ere, “sortu dugun dinamika berri hau mantendu nahi dugu eta ahal den neurrian eragile berriak eransten joan eta proiektu berriak garatu”.