Atarrabia - Zergatik aukeratu duzu ahobizi rola? (¿Por qué elegiste ser ahobizi?)

-Euskaraldiari jarri diodan helburu pertsonala ohikoak ditudan euskararen erabilpen esparruetatik harago joatea denez, aukeratu dudan rola ahobiziarena da.

Zein da zure harremana euskararekiko? (¿Cuál es tu relación con el euskera?)

-Iruñerriko nire belaunaldiko askok eta askok bezala euskara eskolan ikasi nuen, nire gurasoek ez baitute euskaraz egiten. Gaur egun, nire bizitzaren parte handi bat hizkuntz honetan egiten dudala harrotasunez esan dezaket; lanean eta lagun euskaldunekin erabiltzen dut euskara batez ere, baina gehienetan hizkuntza ez dakien norbait ondoan dagoenean euskara alboratzeko joera daukagu. Horrela zaila da euskara bezalako hizkuntza baten erabilpenak aurrera egitea.

Zer espero duzu Euskaraldiaz? (¿Qué esperas de Euskaraldia?)

-Gustatuko litzaidake euskararen erabilpenak ikusgarritasuna irabaztea eta euskara kaleko hizkuntza dela erakustea. Askotan, nire ustez euskaldunok oraindik ditugun konplexuengatik, zuzenean lehen hitza erdaraz egiten dugu, jakin gabe ondokoa euskalduna den ala ez. Hori oso tristea iruditzen zait eta Euskaraldia horri buelta emateko tresna ona izango delakoan nago.

Nola ikusten duzu euskararen egoera zure inguruan? (¿Cómo ves el euskera en tu entorno?)

-Zorionez eta oztopoak oztopo azken hamarkadetan aurrerapausoak eman ditugula iruditzen zait, batez ere ezagutzari dagokionez. Baina oraindik bide luzea dugu aurretik. Bestetik, erabilpenaz ari bagara, daukagun hutsune nagusia dela esango nuke. Garrantzitsua iruditzen zait esatea bietan; ezagu-tzan zein erabilpenean, euskaldun guztiok ardura handia dugula. Baina ondare kulturala den heinean eragile publikoek euskararekiko berezko ardura daukate, edo izan beharko lukete. Gainera, eskubide kontu bat ere bada; oso larria iruditzen zait oraindik ere lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea, hori onartezina da.