GIZARTEA

“Lanetik etxera bidean zortzi ahobizi eta hiru belarriprestekin gurutzatu nintzen. Izugarri polita da hori”

07.02.2020 | 20:49
Xabier Meabe.

beasain - Kazetaritzan graduatua da Xabier Meabe beasaindarra. Ikasketak amaitu ondoren, baina, bere ibilbide profesionala beste lerro batetik enfokatu zuen eta irakaskuntzan dabil lanean gaur gaurkoz, Beasaingo Ikastolan. Bertan, euskarako klaseak ematen dizkie ikasleei.

Txikitatik euskara zure bizitzan presente egon da, euskaldunzaharra zara. Nola bizi duzu?

-Bai, betidanik euskaraz bizi izan naiz, txiki txikitatik zorte hori izan dut. Beste hizkuntzak ere ikasi izan ditut, noski, baina modu natural batean bizi naiz euskaraz eta bizitzako alor guztietan erabiltzen dut.

Kazetaritza ikasi eta euskal komunikabide batzuetan ibili izan zara jardunean. Nola ikusten duzu euskararen egoera hedabideetan?

-Kazetari lanetan ibili izan nintzenean ere euskaraz bizitzeko eta lan egiteko aukera izan nuen. Egia esan behar bada, hala ere, euskararen presentzia nabarmenagoa izan beharko litzatekeela uste dut, askotan modu naturalago batean tratatu beharko litzatekeela.

Modu natural batean tratatu beharko litzatekeela esan duzu. Zertan, adibidez?

-Oroitzen naiz ni umea nintzenean euskaraz sekulako fikzio pila kontsumitzeko aukera izaten genuela eta orain bertan hutsune nabarmena ikusten dut, egungo haurrek ez dutelako ia aukerarik, telebistan, esaterako, euskarazko saioak ikusi ahal izateko.

Euskaraldian murgilduta dabiltza asko eta asko, tartean zu. Zer iruditu ekimena horren berri izan zenuenean?

-Hasiera hasieratik ekimen oso interesgarria iruditu zitzaidan eta nire babes pertsonala ere emateko prest nengoen. Izena ematerakoan ere ez nuen zalantzarik izan, nik uste pentsamendu eta jarrera aldaketa bat izan beharra daukagula. Beste batzuk ere komentatu dituzte Amets Arzallusen hitzak eta nik ere bat egiten dut horiekin: hamahirugarren egunetik aurrera hasten da euskararen benetako erronka.

DBHko irakaslea zara Beasaingo Ikastolan. Ikusten al duzu euskararekiko kontzientzia zure ikasleen artean?

-Orokorrean kontzientzia bat badagoela esango nuke. Hala ere, erabilerari aipamen bat egiterakoan uste dut familien ohiturak eta errealitateak ere kontuan hartu behar ditugula.

Beasainen, beste hainbat herritan gertatu moduan, ezagutza erabilera baino handiagoa da.

-Datuetan desoreka handia ikusten da, bai. Beasainen pertsona euskaldunak direnak eta hizkuntza ondo baino hobeto menpera-tzen dutenak elkarren artean beste hizkuntza batean komunika-tzen ikusi izan ditut. Bada esaldi bat, ondo laburbiltzen duena mezua zein den: maite nazazu gutxiago eta erabil nazazu gehiago. Hori da egin behar duguna, euskara erabili, bakoitzak ahal eta dakien moduan. Hala ere, Euskaraldian ia 2.000 lagunek eman dugu izena Beasainen, eta hori ere poztekoa da. Gehiago izan zitezkeela? Noski, baina hastean dago gakoa.

Aipatu duzun moduan, Beasainen asko ari zarete Euskaraldian parte hartzen. Horietako askorekin gurutzatu al zara?

-Bai, joan den egunean, lanetik etxera bidera nindoala zenbatu egin nituen zenbatek zeramaten Euskaraldiko txapa. Zortzi ahobizi eta hiru belarriprestekin gurutzatu nintzen eta ilusio handia egin zidan ekimenean asko eta asko parte hartzen ari direla ikusteak.

Zuk zeuk aldaketarik nabaritu duzu egunotan?

-Ba ni neu ere kontzientegoa naiz nire buruarekiko eta jardunarekiko. Lehen norbaitek erderaz hitz egiten bazidan nik ere hala erantzuten nion bi aldiz pentsatu gabe, eta orain, berriz, euskaraz eran-tzuten saiatzen naiz, hark ulertzeko moduan, noski. Aurrekoan gertatu zitzaidan, adibidez, kafe bat eskatzerako orduan euskaraz eskatu nuela, eta erderaz eran-tzun zidaten. Nik, euskaraz jarraitu nuen elkarrizketa eta ondoren ikusi nuen berak belarripresten txapa zeramala. Etxera bidean nindoala pentsatu nuen zein polita izaten ari den Euskaraldia lortzen ari dena.

Kalean beste giro bat dagoela uste duzu?

-Bai, nabaria gainera. Umeengan ere ikusi dut ilusioz bizitzen ari direla eta hori beharrezkoa da euskara bultzatu eta sustatzeko.

Txikitatik landu beharreko zerbait da?

-Noski, azkenean haurrei erakusten badiegu Euskaraldiaren garrantzia zein den, haiek ere modu berean biziko dute. Nork daki, agian etorkizunean haiek ere ahobizi eta belarriprest izango dira.