Urtearen hasierak Nafarroako etxebizitza eta eraikinen zaharberritze-lanetarako dirulaguntzak eskatzeko deialdien irekiera ekarri ohi du. Horren kariaz, atzo, asteazkena, urtarrilak 2 hasita, laguntza-espedientea tramitatzen ahal da Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoetan (ORVE). Foru Komunitatean dauden bederatzi ORVE bulegoen zerrenda, bakoitzari dagozkion udalerriak barne harturik, Etxebizitza Departamentuaren webgunean argitaratuta dago.

Halaber, Estatuan parekorik ez duen prozedura izanik, deialdia urte osoan irekita egoten da, eta aurrekontu-mugapenik ez dagoenez gero, ez da lehia-konkurrentziaren bidezko prozedura: ez dago espedienteen artean banatu beharreko kopuru zehatzik, eta ez dago epez kanpo aurkezteagatik nahiz esleitutako aurrekontu-saila agortzeagatik deialditik baztertuta geratzen den eskaerarik. Ondorioz, eskatutako dirulaguntza guztiak ematen dira, baldintzak behar bezala betez gero.

Deialdi honen bidez lor daitezkeen dirulaguntzak etxebizitzetako lan txikiak egiteko nahiz jabeen komunitateei dagozkion eraikin osorako neurri handiko jarduketei ekiteko baliatzen ahal dira.

Horren harira gogoratu behar da 2018an 22,5 milioi euro baino zertxobait gehiago banatu zela zaharberritzerako dirulaguntzetan, 5.429 etxebizitzari dagozkien 1.302 espedienteren bitartez, 65 milioi eurotik gorako guztizko inbertsioa tarteko. Zenbateko horiek 2017koak baino % 25 handiagoak dira.

Baldintzak eta diruz lagun daitezkeen lanak

Etxebizitzak 25 urteko adina izan behar du, gutxienez, eta onuradunaren ohiko bizitoki iraunkorra izan behar du. Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lanen kasuan, ez da beharrezkoa etxebizitzak gutxieneko adinaren baldintza betetzea. Onuradunak izan daitezkeen familien diru-sarrera haztatuak SARA halako 3,5 baino txikiagoak izan behar dute, baina jabeen komunitateendako dirulaguntzetan ez dago gehienezko sarrera-mugapenik.