ordizia - Gasteizen erizaintza ikasi zuen Marina Etxeberria ordiziarrak eta gaur eta bihar materiala bilduko dute Sahararako, Ordiziako Majori kiroldegian. Horren inguruan eta eskubaloiaz aritu da hizketan, irribarrea momentu batean ere galdu gabe.

Ordiziako eskubaloi taldeko neska gaztetxoak entrenatzen dituzu orain. Nolatan murgildu zinen kirol honetan?

-Gure aita Patxi eskubaloian ibilitakoa da Beasainen eta ondoren, anaia eta bere adineko beste batzuekin batera taldea osatu zuten Ordizian. Nik, beraz, txikitatik bizi izan dut kirol hau. Herrian kluba sortu ostean, lortu zen eskola kirolean sartzea eta hor probatu nuen lehen aldiz.

Ibiltzetik erakustera pasa zinen.

-Bai, klubean beharra zegoen eta neska gaztetxoak entrenatzen hasi nintzen. Ondoren, senior mutilak entrenatzera pasa nintzen, aitarekin batera, eta iazko urtean ni bakarrik aritu nintzen lan horiek egiten. Egun, ordea, berriz ere neskatxoak entrenatzera pasa naiz. Azken finean mutilen taldea ez zen emai-tza onak lortzen ari eta ni beste mila kontutan sartuta nengoenez, aukeratu egin behar nuen. Hala ere, balantze oso ona egiten dut.

Gaur eta biharko material bilketa antolatu duzue Majori kiroldegian. Zer jasoko duzue?

-Bai, hori da. Osasun material bilketa solidarioa egingo dugu gaur eta bihar. Jasotako materiala Saharako kanpamendu batera eramango dugu otsailean egingo dugun bidaia batean. Eskatzen duguna, edo jendeak ekartzea nahi dugunaren artean daude konpresak, pixoihalak, gasak, antiinflamatorioak, antibiotikoak, termometroak, hortzetako pasta eta eskuilak, eskularruak... alor horietako gauzak dira behar ditugunak.

Eta horiek Saharara eramateko asmoa duzuela esan duzu. Nortzuk?

-Ikasten ari ginela klasean saharar bat geneukan eta hark gonbidatu zigun bertara joatea. Duela bi urte apirilean joan ginen eta material pila bat eramateko balio izan zigun. Iaz ere esperientzia errepikatu egin genuen. Orain Gobernuz Kanpoko Erakunde bat sortu dugu, Enfermeras en el Sahara deitzen dena. Bertan zazpi gara, baina bidaia 25 lagun inguruk egingo dugula aurreikusten da.

Zeintzuk gehiago joango dira?

-Gasteizko Unibertsitatearekin hi-tzarmen moduko batera iritsi gara eta erizaintza ikasten ari direnak praktikak egin ahalko dituzte Saharako Bojaudor kanpamenduan.

Zu ere bertan izan zara bitan. Nolako esperientzia izan da?

-Gehien harritu ninduena bertakoen bizimodua izan zen. Azken finean gauza asko espero dituzu, eta hemendik oso gogotsu joaten gara haiei ahalik eta gehien laguntzeko, baina, azkenean, haien errealitatera moldatu behar zara. Niretzat oso arraroa izaten zen ikustea, adibidez, emakume batek egunean zeukan zeregina denbora pasatzea zela, edo ospitale batera joan eta inor ez egotea; ez pazienteak, ez langileak. Bestalde, familiaren garrantzia ere nabarmentzekoa da. Beste indar bat dutela esango nuke eta orduan konturatzen zara ez dela asko behar pozik bizitzeko. Nik, behintzat, bertan nagoela ez dut ezer faltan bota-tzen, zoriontsu naiz.

Zein zeregin egin dituzue?

-Gu joan garen zonaldean bost kanpamendu daude eta bertakoei zerbitzua emateko ospitale nagusi bakarra dago. Guk eramandako material guztiarekin lortu dugu beste bi anbulatorio txiki sortzea, eta horrez gain, bertako jendeari gauzak erakusten saiatu gara.

Zer, adibidez?

-Erizaintzaren inguruk tailerrak, nola zaindu behar diren gaixo kronikoak, turnoak antolatzea eta materiala ondo erabiltzea. Badakigu baliabide asko ez dituztela, baina horiek nola kudeatu ditzaketen azaltzen diegu. Bestalde, garbitasuna behar beharrezkoa dela ere nabarmentzen dugu.