BILBO. Sansar C. Sharma irakaslea doktorea izenzatuko dute datorren ostiralean Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Sansar C. Sharma irakaslea munduko adienetarikoa da oftalmologiaz eta glaukomaz.

Ekitaldia goizeko 11:30ean hasiko da eta streaming bidez emitituko da: http://ehutb.ehu.es/canal1. Ekitaldian parte hartuko dute Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak, Elena Vecino Zelulen Biologia eta Histologian katedradun eta Sansar C. Sharma-ren amabitxiak, Patxi Juaristi EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak, Pedro Iriondo EHUko idazkari nagusiak eta Joseba Pineda EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak.

Sansar C. Sharma Indian jaio zen eta bertan ikasi zuen, Panjab University Chandigarh unibertsitatean. Doktoregoa Eskozian egin zuen, Edinburgoko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan, R.M. Gaze doktorearekin (1967), eta nerbio optikoaren birsorkuntza ikertu zuen bertan, hainbat egoera esperimentaletan.

AEBetara joan zen doktorego ondoko ikerketa egitera, St. Louis-eko Washington University-ra, eta han Viktor Hamburger eta Rita Levi-Montalcini irakasleekin egin zuen lan, txita enbrioietan portaeren agerpenaren korrelazio elektrofisiologikoak aztertzen. Bestalde, espezifikotasun neuronalaren arloan Edinburgon hasitako proiektuetan lanean jarraitu zuen.

Sharma doktorea 1972an sartu zen New York Medical College-ko Oftalmologia sailean eta gaur arte izan da bertan, sailkapen akademikoetan aurrera eginez, eta azken 28 urteetan Medical Neurosciences erakundeko zuzendari gisa.

Sharma doktorearen ikerketa gaien artean daude neuronen espezifikotasuna eta plastikotasuna, nerbio laringeo atzerakariaren birsorkuntza, portaera ereduen garapena eta haien korrelazio elektrofisiologikoak eta glaukoma esperimentala. 150etik gora artikulu idatzi ditu, bai eta hiru liburu ere, eta arlo horretan lanean jarraitzen du.