Momentu batean gizarteko kide guztiek ontzat eman eta ongizatea lortze bidean adosten edo onartzen diren arau edo printzipioen multzoa da justizia. Ezin ginateke ados jarri printzipio horietan, eta horregatik ez dagokio norbanakoari erabakitzea zein arau ezarri eta zein ez, edo zein onartuko duen erabakitzea, eta zein ez. Eskerrak, bestela norbanakoak haina justizia bailegoke, eta honek Narcos telesaileko kapitulu baten antza handiagoa luke ohituta gauden bizikidetza harmoniatsu honena baino. Ejem.

Emakume batek irudikatzen du justizia normalean. Begiak estalirik eraman ohi ditu, gizakiei ez begiratzeko, gizakiak ez epai-tzeko nolabait, hauen ekintzak baizik. Balantza bat ere eraman ohi du alde batean, eta honen alde bakoitzean argumentu eta ebidentziak jarriko lituzke, epaia garbiagoa izateko. Tamalez badirudi batzuetan balan-tzaren alde bat bestea baino pisutsuagoa izan ohi dela, epaiketa bera hasi baino lehen. Azkenik, eta tunika greziarra alde batera utzita, ezpata bat ere eraman ohi du emakumeak. Arma honen bitartez errudunak zigortuko ditu, gupidarik gabe, behin errudun ebatzi dituelarik. Ezpata honek ere, tarteka beste batzuetan baina pisu gehiago duela dirudi, gogorrago datorrela zenbai-tzuen lepo atzean, eta beste batzuetan ez dela zauri gehiegi egitera iristen.

Aspaldidanik onartua dugu beraz justizia itsua dela, baina hainbeste? Tamalez, gurean ohitu xamarrak gaude epaiak bataren edo bestearen arabera hartzen direla ikusten, baina zenbait gauza normaltzat hartzen ditugu, eta ez luke horrela behar. Ez zait bidezkoa iruditzen, demokraziaren izenean, Kataluniako auzian hamabost eta hogeita bost urtetik gora doazen kartzela zigorrak proposatzea, eta Izar gaixoa labankadaz hiltzen saiatu zen tipoa kalean egotea bi urteren bueltan. Ez zait buruan kabitzen. Batak edo besteak erratua behar du egon, edo biak akaso.

Pentsatzen dut niri bezala beste askori ere hainbat erabaki zentzugabeak iruditzen zaizkiela, baina benetan kezkatzen nauena zera da, albiste horiek denak jasotzen ditugula, justizia edo justizia falta nabarmen identifikatzen ditugula, baina etsita gaudela horren aurrean. Alegia, horrela da eta kitto. Okindegira joan, ogi bat eskatu eta hiru laurden emango balizkigukete, segituan kexatuko ginateke, ziur, baina aldiz, egunerokoa ez eta esfera goitiarragoetan gertatzen diren horiek frustrazio edo atsekabez hartzen ditugula hartu, baina sistemaren errore ohikotzat ere hartzen ditugula, eta besterik gabe irentsi. Agian izango da sistema urrutiratu digutela, eskuraezin bihurtu urrutitik bizi dugunontzat, agian izango da gure hipoteka ordaintzeko dugun bitartean, bakoitzak bere ipurdia salbatzearekin nahikoa duela. Jarri biak justizia andereak daraman moduko batean, eta ea zein aldek irabazten duen.