Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekintza

Elika Fundazioak sasoiko elikagaiak jatea gomendatu du

08.02.2020 | 22:09
Elika Fundazioa

BILBAO. Elika Fundazioak sasoiko elikagaiak jatea gomendatzen du.  Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekintzak saltokietan garaian-garaiko fruta, barazkiak eta arraina kontsumitzearen onuren gainean informazioa zabaltzen ari da.

Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen Elikadura Osasungarriaren aldeko Euskadiko Ekimenen esparruan, Elika Fundazioa, Sasoiko Elikagaien kanpaina sustatzen hasi da; haren helburua da herritarrei elikagai horiek kontsumitzearen onuren berri ematea, beren ohiko elikaduran sar ditzaten, osasungarriago bihurtzeko.

Sasoiko Elikagaien kontsumoak bizi-kalitate hobea ematen digu, osasunarekin eta ongizatearekin lotutako zenbait onura dituzte-eta, baita gure inguruarekin lotutakoak ere. Unerik onenean biltzen direnez, nutriente gehiago dituzte, eta beren ezaugarri organoleptikoak onenak dira, hau da: zaporea, aroma, kolorea eta testura ezin hobeak dira. Gainera, elikagai horiek tokiko ekoizpenetatik badatoz, landa-ingurunea babesten ariko gara, baita bioaniztasuna, ondare kulturala eta gastronomikoa ere, gure lurraldeko garapen ekonomikoa eta soziala sustatuz.

Ekimen horren testuinguruan, abendu bukaeran hormako egutegi batzuk banatu ziren, sasoi bakoitzeko elikagaien irudiekin, egunkari nagusietan, baita mahaiko egutegiak ere, euskal administrazioko eta Osakidetzako bulegoetan; 300.000 ale, guztira.

Urte hasieratik, hilero ari da informatzen fruta baten, barazki baten, eta sasoiko arrain baten ezaugarri elikagarri, osasuntsu eta gastronomikoen gainean, saltokian jarritako kartelen bidez, bildumatzeko fitxa soil batzuekin batera. Fitxa horietan, sukaldeko trikimailuak eta errezetak sartzen dira, zazpi euskal ostalaritza-eskolek eginak, zein ekimen honetara batu baitira: Bilbo-OGE, Leioa, Galdakao, CEBANC-Gipuzkoa, Aiala, Egibide-Mendizorrotza eta Gamarra. Horrez gain, beste jarduera batzuk ere egingo dira: hitzaldiak, dastatzeak, bisitak, sukaldaritza-tailerrak, erakustaldiak eta abar, saltokietan.

Kanpaina urtarrilean jarri zen martxan, porru, sagar eta lupina sustatuz Eroski, Carrefour, Mercadona eta BM-Super Amara supermerkatu eta hipermerkatuetan, baita Mercabilbaon ere; guztira, 350 saltokitan.

Otsailean, 17 tokiko merkatu batu zaizkio ekimenari: Gernika, Bermeo, Markina, Durango, Ondarroa, Mungia, Areatzako estalpeak, Azpeitia, Zarautz, Ordizia, Tolosa, Hernani, Bretxa, San Martin, Laudio, Amurrio eta Vitoria-Gasteizko handizkako merkatua, kalabaza, kiwiak eta urraburua sustatuz.

Martxoan, azelgak, fruitu lehorrak eta berdela sustatuko dira, eta 200 arraindegi txiki batuko direla aurreikusten da.

Ekimen hau hurrengo kolaboratzaileekin garatu da: Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala (CODINE-EDINEO), Euskadin ezarritako elikagai-banaketa enpresa nagusiak, eskualdeetako Landa Garapenerako Elkarteak, HAZI Fundazioa, lehen sektorearen eta elikadura sektorearen lehiakortasuna bultzatzen duena, eta NIREA, lehen sektorea eta landa nahiz itsasertzeko ingurunea berrindartzeko ekimena.

Lo último Lo más leído