Gaurkoan Berako Labiaga Ikastolako Haur Hezkun-tzako neska-mutilak egiten dugun ekintza hagitz polit baten berri emango dizuegu. Astero errepikatzen dugu eta izugarri gustukoa dugu. Ortziralero lagun guztiak gure herriko bazterrak ikustera joaten gara.

Nondik dator ideia Orain dela urte aunitz, ez dakigu zenbat, eguraldi ona ari zuen ortzirala arratsalde batean, ikastolako irakasleek Berako karriketatik paseotxo bat ematea erabaki zuten. Karriketatik joaki zirela, Peioren etxe paretik pasatu ziren. Orduan bertze neska-mutiko guztiek ere euren etxea erakutsi nahi izan zieten bertzeei. Arratsalde hartan denen etxeak ikustea ezinezkoa zenez, bertze egun batean gainon-tzekoan etxeak non zeuden ikusiko zituztela erran zuten irakasleek. Gure lagunek, aste guzia kalera atera nahi zutela erranez pasa zuten, eta irakasleek hitz eman zutenez, hurrengo ortzirala arratsaldean berriz ere gure herriko txoko desberdinak bisitatzera joan ziren. Ba-t-bateko ekintza hura, ohitura bihurtu zen eta horren ondorioz, irakasleak konturatu ziren horrelako irteerak gure herria eta ingurua ezagu-tzeko aukera paregabea zela. Ordura arte, bertze modu batean landutakoa sakontzeko bide berri bat aurkitu zen, gelan ahoz azaldutakoa inguru errealean ikastea.

Horrela hasi zen Labiaga Ikastolan proiektu berri baten historia: BERA EZAGUTU.

Gure herriko txoko kuttunak Egun batean, ikastolatik ateri baino lehen andereñoekin bileratxo bat egin genuen. Bileran aipatu ziguten Itzea auzora joan behar ginela. Itzea auzoa?, baina non dago hori?. Auzoan bertan bizi zirenak hagitz ezaguna zuten, gainontzekoak berriz idearik ez.

Bikoteka jarri eta espaloitik martxan jarri ginen. Konturatu orduko bertara ailegatuak ginen. Xantel errekako zubi baten ondoan ezkutatuta dagoen etxe haundi bat ikusi genuen. Hori zen Barojatarren etxea! Eta, nortzuk ziren Barojatarrak? Andereñoek erran ziguten Pio Baroja idazle ospetsua izan zela. Gaur egun berak idatzitako liburuak irakurtzen dira. Baina ez da Barojatar ezagun bakarra. Bere ilobak, Julio Caro Baroja, bere liburuetan Euskal Herriko istorioak eta ohiturak idatzita utzi zituen. Hori aditu ondotik, gure herriko lekuek duten garrantziaz jabetu ginen.

Bertze egun batean, herriaren ber-tze alderantz abiatu ginen. Berako karrika estuenetako batetik sartu ginen, Legia kalea, eta Berako Plazara ailegatu ginen. Hara ailegatu bezala marrazkiz betetako pareta handi bat aurkitu genuen. Norbaitek udal etxea zela aipatu zuen.

Plazan ginela, goitiko aldean eliza handi-handi bat ikusi genuen. Malda handiko eskalera pila bat goitu genitun eta aunitz nekatu ginen. Jakin ezazue handik Berako teilatu guztiak ikusten direla.

Azkenean, elizan sartu ginen. Bertako sapaiak izugarri altuak dira eta guretzat hagitz arraro apainduta dago; eskulturak, margo lanak, koloretako beirateak... Bertan sartu eta berehala giro misteriotsua sumatu genuen, erdi iluntasuna, leku ezezagun bat... Agian beldur pixka bat ere sentitu genuen. Ez dakit, baina jakin-mina handia piztu zitzaigun.

Han ginela, irakasleek egurrezko eskailera gehiago goitzera gonbidatu ziguten. Horrela korura ailegatu ginen. Korua altuera handi batean dago eta balkoi handi-handi baten antza du. Han, piano erraldoi moduko bat ikusi genuen. Musika irakaslea jotzen hasi zen eta ez genuen piano soinurik aditu. Organoa zen. Ateratzen zuen soinuarekin txundituta gelditu ginen. Organoren sabelean orkestra bat ezkutatua zegoela zirudien, bibolinak, tronpetak, klarineteak... Mota guztietako musika tresnak aditzen ziren. Badirudi, Nafarroako organo garrantzi-tsuenetakoa dela eta organo joleek aunitz maite dutela.

Berezia izan zen, bertze egun batean egin genuen irteera. Ikastola ondoan Eztegara pasalekua dugu eta ondo-ondoan estrata txiki bat hartu eta arropa garbitzeko leku batera joan ginen, aspaldiko garbitokira, (nere atatxik eta amatxik “lavaderoa” dei-tzen diote). Behin, ikastolara amatxi pare bat euren lehenagoko istorioak eta bizitzeko moduak kontatzera etorri ziren. Garai horietan etxeetan garbigailurik ez zeudenez, karriketako garbitokitara joaten ziren arropa garbitzera. Urteko zein sasoi zen berdin zuen, negua, udaberria, uda...

Irakasleek azaldu zigutenez berdin berdin jarraitzen du. Itturri batetik ateratzen den ura bazterretan dauden bi putzuetara joaten da. Erdian bide estu bat dago eta bidearen bi aldeetan maldan dauden harlauza grisa handi batzuk daude ur putzuetara begira. Itxura denez harri horietan arropari xaboia ematen zioten eta xaboia kentzeko putzuetan arropa sartzen zuten. A! zein garai arraroak... baina gu irrikitan uretan arropa sar-tzeko!

Modu horretan ortziralero gure herriko txoko kuttunak ezagutzen joaki gara. Irteera gehiago kontatuko genizkizueke, baina gaurkoz nahikoa. Gure herriak txoko polit eta guretzat kuttun aunitz ditu. Honat etorri eta BERA EZAGUTUko duze.