Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafarroako Errenta Bermatuari (EB) buruz lantzen duen aldizkako urteko txostenaren arabera, 2018aren bukaeran 12.562 familia unitatek zuten prestazio hau jasotzeko eskubidea. 2017ko abenduan baino 22 familia unitate gehiago baizik ez dira. Nabarmentzeko modukoa da, halaber, 2018ko martxoan izandako 12.780 familia unitatetako gehienezko kopuruaren ondoren, azken hilabeteotan EB hilero jasotzen dutenen kopuruak pixkanaka-pixkanaka behera egin izana, % 1,7 behera martxotik abendura bitartean. 2019aren hasieran ere, joera hori bere horretan mententzen dela irudi du, izan ere, urtarrilean eta otsailean eskaera berriak % 4,2 murriztu dira iazko epealdi beraren aldean.

Kontratazioari dagokionez, Errenta Bermatua jaso zuten 7.000 pertsonak gutxienez enplegu bat izan zuten 2018an, guztira 21.064 kontratu sinatu zituztelarik.

Datu horiek gaur aurkeztu dituzte Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Errealitate Sozialaren Behatokiko eta Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñonek eta Gizarteratzeko eta Babes Sozialeko zuzendari nagusi Gema Mañuk.

Babestutako herritarrak

2018an 36.303 pertsonak jaso dute Errenta Bermatua edo Gizarteratzeko Errenta, hots, 2017an baino % 2,22 gehiagok. Horietatik, % 52,87 emakumeak ziren eta % 47,13 gizonak.Adinaren arabera, gehienak (% 36,45) adingabeak ziren (hau da, 13.233). Portzentaje hau egonkor mantendu da azken urteotan, baina 2018ko urtetik urterako aldakuntza puntu bat gehiagokoa da, pertsona kopuru osoan izandako gehikuntzaren aldean.

EB jasotzen duten 36.303 pertsonak 16.053 familiatan banatuta daude, eta hauetarik, % 21,77k guraso bakarra du, gehienak emakumeak direlarik (3.262 familia). Aurreko hiru urteetako datuak kontuan hartuz gero, egonkortasuna antzematen ahal da portzentaje horietan. Familia unitateen % 79 kide 1 eta 3 kide bitartekoak dira, eta Errenta Bermatua jaso zuten familia unitate guztien % 44 pertsona bakarrekoak ziren.

Eskatzaile gehienek nazionalitate espainiarra izaten jarraitzen dute (eskatzaile guztien % 65,4), baina jaitsiera arina antzeman da iazko datuekin alderatuta (ia 2 puntu gutxiago), 2015aren aurreko urteetako portzentajeen gainetik. Halaber, familia unitateen izenean prestazioa emakume gehiagok (% 54,9) eskatzen dutela egiaztatu da, 2008az geroko portzentajerik handiena izanik.

Estaldura eta tokiko banaketa

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak eta Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkarteak berrikitan plazaratu duten 2017ko Gizarteratzeko Gutxieneko Errentei buruzko Txostenaren arabera, Nafarroa bigarren postuan dago prestazioa jasotzen duten herritarren estalduran pobrezia-arriskuan dauden herritarrekin alderatuta.

Espainian dagoen % 8ko batezbestekoaren aldean, Nafarroa da, Euskadiren atzetik, estaldura tasarik altuena duen bigarren autonomia-erkidegoa: % 66,1ekoa, 2017an.

Iruñean daude estaldura duten familia unitate gehienak (% 40,9). Ondotik daude Iruñerria (% 22,1), Tuterako eremua (% 15,8), Lizarra (% 9,8), Tafalla (% 6,1), ipar-mendebaldeko eremua (% 3,8) eta ipar-ekialdeko eremua (% 1,6). Ehunekoetan, datuak 2017koaren oso-oso antzekoak dira.

Oinarrizko eremu eta auzoetako unitateen artean, % 5etik gorako portzentajearekin nabarmendu dira Arrotxapeako Auzoko Unitatea (guztien % 7,6), Milagrosa-Azpilagañakoa (% 6,5), Berriozarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua (% 5,4) eta Tuterakoa (% 5,5).

Gizarte inbertsioa eta inpaktu ekonomikoa

2018an, 103.520.674 euro bideratu dira guztira, 2017an baino % 5,5 gehiago, baina 12,8 puntu gutxiago 2017ko urtetik urterako aldakuntzaren aldean.

Prestazioa ematen den unean hileko batezbestekoa 686,14 eurokoa da familia unitate bakoitzeko, 2017an baino % 3,3 handiagoa.

Kalkuluen arabera, Gizarteratzeko Errentan 2018an egindako 103.520.674,39 euroko inbertsioak honako efektu hau izan du Nafarroako Balio Erantsi Gordinaren gainean:

-Efektu zuzena: 71.115.356,92 euro

-Zeharkako efektua: 15.900.918,28 euro

-Eragindako efektua: 16.708.132,06 euro

-Guztizko efektua: 103.724.407,25 euro

-Itzulkina: 1,002 euro, euro bakoitzeko

-BEGaren portzentajea: % 0,54

Hauexek dira Nafarroako enpleguaren gainean kalkulaturiko efektuak:

-Efektu zuzena: 796 enplegu

-Zeharkako efektua: 242 enplegu

-Eragindako efektua: 262 enplegu

-Guztizko efektua: 1.300 enplegu

-Enpleguaren portzentajea: % 0,50

Azkenik, hauexek dira kalkulaturiko efektu fiskalak: 10.235.00,89 euro BEZean, 7.105.031,44 euro PFEZan eta 17.340.037,33 euro, guztira.

Laneratzea

Prestazioa jaso eta lan egiteko adinean dauden 6.997 pertsona kontratatu dituzte guztira 2018an, 21.064 kontratu sinatuak dituztelarik (hots, 3,01 kontratu batez beste, pertsona bakoitzeko). 2016ko datuekin alderatuta, kontrataturiko pertsona kopurua % 24,5 igo da. Hartara, 2018an, 4.114 familiak lanari loturiko diru-sarreraren bat izan dute, 2016an baino % 90 gehiagok.

Prestazioa jaso eta kontratua lortu duten pertsona hauek prestazioa jaso eta lan egiteko adinean dauden pertsonen % 30 dira. Migratzaileen artean, handiagoa izan da kontratazioaren portzentajea, guztizko kopuruaren barnean dagokiena baino handiagoa alegia. Gainera, kolektibo honetan, nazionalitate espainiarra izanez gero, kontrataturiko pertsonen portzentajea 4 puntu handiagoa da taldearen guztizko portzentajearen aldean, gizonentzat zein emakumeentzat.

Horrez gain, hazkunde nabarmena egiaztatu da kideren bat lanean duten familia unitateen espedienteetan (2016an baino % 90 gehiago); gora egin du, halaber, bestelako prestazio eta pentsioei atxikitako diru-sarrerak dituztenen espedienteen kopuruak, baina kasu honetan, 2016an baino % 16,5 handiagoa baizik ez da. Horren guztiaren eraginez, Errenta Bermatuaz kanpo inolako diru-sarrerarik ez duten familia unitateen portzentajea murriztu da (% 51).

Halaber, 2017arekin alderatuta, pertsona hauen artean enplegua sustatzeko mekanismoak eta pizgarriak % 47,3 igo dira: laneratzearen ondoriozko behin-behineko etena, aldaketa tarteko duen enpleguaren aldeko pizgarriak eta diruz lagundutako enpleguaren aldeko pizgarriak.

Kontuan hartu behar da langabeziagatiko prestazioen estaldura eta zenbatekoak Errenta Bermatuaren beharrari zuzen-zuzenean eragiten dioten elementuak direla. 2018an, prestazio horiek murrizten jarraitu zuten: urtean 8,4 milioi gutxiago Nafarroan. 2012etik 2015era bitartean, urteko gastuaren murrizketa 241,3 milioikoa izan da Nafarroan. Horrek % 55,4ko jaitsiera suposatzen du aipaturiko epealdian, langabezian izandako % 33,6ko beherakada baino dexente handiagoa.

Espedienteen kontrola eta jarraipena

Berariaz nabarmendu behar da 2015etik 2018ra bitartean prestazioen gainean egin ohi diren kontroletan izandako gorakada, izan ere, 2018an espedienteen % 72 kontrolatu da, eta % 21,37, 2015ean.

Egiaztatu denez, espedienteen % 4,41etan arau-hausteren bat gertatu da, eta horrek % 1,28ko igoera suposatu du 2018an, bereziki kontrol eta jarraipen mekanismoetan izandako gorakadaren eraginez.