Gezur hezurretik

Teresa

09.02.2020 | 01:59
Teresa

Teresak denbora asko zeraman harremana zalantzan jartzen. Bere familiak ere pixka bat presiona-tzen zuen egia esan. Ez duzue gehiegi pegatzen edo Zuk askoz gehiago jartzen duzu zure partetik bezalakoak sartu zizkioten buruan pixkanaka, eta horrek zurrunbiloa areagotu besterik ez zion egiten.

Bere bikotekideak, aldiz, onar-tzen zuen ez zela perfektua, bazuela zer hobetu, zer aldatu, eta gehienetan prest egon ohi zen, bion hobe beharrerako baldin bazen, behinik behin. Baina Teresak ezetz, hori agortua zegoela eta ezin zela gehiegi luzatu egoera hori. Denbora bat behar zuela pentsatzeko, hasieran; gero, utzi egingo zuela; gero, berriz ere, denbora bat behar zuela. Familiak zalantzak azaldu zituen orduan. Agian bakarrik egotea ez zen hain positiboa, bazituen bere alderdi txarrak ere. Hipotekari bakarrik aurre egin behar, diru sarrerak kolokan jarriko zituen banaketak, eta bikotean bizitzeak dituen abantailak galtzea ere ez zen gauza xamurra izango. Jende berriarengana ireki eta itxi, gauza guztiak zure baitan antolatu, sortu, ekin, gaizki atera, konpondu, berriz ekin, eta segurtasun falta, agian babes hori faltan botako zuen.

Aldi berean, bere bikotekidea nahiko tente mantendu zen prozesu guztian. Ulertzen zuen Teresaren jokabidea, baina ez zuen utziko burugogorkeria horrek bera ere ondora zezan, eta, gainera, bere bizitza-proiektuak nahiko itxura solidoa zeukan, dantza partenairrerarekin ala gabe. Itsasontziak aurrera jarraitzen zuen, bizitzak bezala, eta maiz hobea izan ohi da zurekin egon nahi ez duen horrekin baino, daukazunarekin aurrera egitea.

Urte luzeetan zehar elkarreragina nabarmena izan zen. Teresak kulturalki eragin handia zuen etxe horretan, eta kanporako harremanetan ere askotan zuen agintari makila eskuetan. Bikotekideak, aldiz, aniztasuna eskaintzen zion harremanari, borondatea, eta lanerako gogoa. Agian ez zen horren distiratsua izango, baina bazuen zer eskaini. Ezagutza askoren bilketa bat zuen bere barnean, eta, harremanak josteko garaian, mila modu ezagutu eta barneratzen zituen, eta ez beti bere iritzia gainean jarriz.

Harrokeria puntu bat ere egotzi ohi zitzaion Teresari. Ez zituen bere ohiturak horrela eta horrela aldatzen, egoskorra zen zenbaitetan, bere etxean horrela egiten zela eta ez zuela aldatzeko asmorik adierazten zuen maiz. Batzuetan zaharkitu xamar gelditu ote zenaren susmoa zuten ingurukoek, oso zurruna ez ote zen bere erabakietan, baina, beste zenbaitetan, bazekien arazoak modu eraginkorrean kudeatzen. Bere familiako beste kide batzuek alde egiteko asmoa azaldu zutenean, elkarrizketarako eta irtenbidea bilatzeko taxua azaldu zuen behin baino gehiagotan.

Akabo, banoa hemendik esan zuen. Brexit.