BILBO. Eneko Agirrek, EHUko Informatika irakaslea, Google-en ikerketa sarietako bat lortu du . Agirrek 80.000 dolar jasoko ditu "Accessing FAQ and CQA sites via dialogue" ikerketarako. Makinekin Interneten dagoen informazioari buruz berba egin kapaza izateko elkarrizketa sistemak garatzeko da ikerketa .

Agirre Ixa Taldeko eta sortu berri den HITZ ikerkuntza zentroko kidea da, eta Aitor Soroa irakaslea, Arantxa Otegi ikertzailea eta Jon Ander Campos doktoregaia izan ditu lankide bere azterlanean. Google erakundeak 12 sari eman ditu hizkuntzaren prozesamenduaren arloan, eta 158 proposamen saritu ditu, Adimen Artifizialaren esparruko 18 arloetako 910 hautagairen artean, 40 herrialdetako 320 unibertsitatek bidalita.

"Gaur egun, bilatzaileen bidez eskuratzen dugu Interneten dagoen informazioa, Google eta Bing bezalakoen bidez, eta aurkitu nahi ditugun dokumentu esanguratsuak ematen dizkigute. Hori aldatzen ari da, gure ahotsa ulertzen duten laguntzaile birtualen garapenari esker. Laguntzaile horiek oso azkar ari dira hedatzen, dela mugikorren bidez, dela Amazon Echo edo Google Home bezalako bozgorailu adimentsuen bidez, eta errotik aldatzen ari dira makinekin komunikatzeko dauzkagun moduak. Hala ere, gaur gaurkoz gutxi dira elkarrizketaren bidez eskura ditzakegun aplikazioak; neurri batean, makinek ez dutelako hizkuntzaren konplexutasuna ulertzen eta berehala galtzen direlako gure hizkuntzaren anbiguotasunean", azaldu du Agirrek.

HELBURUA

Saritutako proiektuaren helburua da Interneten dagoen informazio andana laguntzaile birtual horien bidez eskuratzea, adimen artifizialeko tekniken bidez. "Informazio hori pertsonarekin ahalik eta modurik naturalenean elkarrizketatuz ematean datza erronka", zehaztu du.

Horretarako, ikertaldeak bi pertsonaren arteko elkarrizketa asko eta asko jasoko ditu, non pertsona batek galderak egingo dituen eta besteak dokumentu zehatz batean datorren informazioan oinarrituz emango dituen erantzunak. Elkarrizketa horiek eredu automatikoak entrenatzeko balioko dute, beste edozer gairi buruz naturaltasunez erantzuteko gai izan daitezen.

"Nahiz eta proiektua ingelesez egindako elkarrizketetan oinarrituta egon, beste hizkuntza batzuetan ere jaso nahi ditugu elkarrizketak. Zehazkiago, elkarrizketak euskaraz jaso ahal izateko boluntarioen bila dabil gaur egun Ixa Taldea. Lagundu nahi izanez gero, aski da http://ixa.eus/lagundu webgunean sartu eta izena ematea. Bildutako informazioan oinarrituta, hainbat lan egingo ditugu hizkuntzaren prozesamenduko masterrean http://ixa.eus/master", azaldu du Agirre irakasleak.