Aldarrikapenak eta jaiak bat egingo dute Herri Urratsen

Milaka lagunek Seaskaren berrogeita hamar urteak ospatuko dituzte bihar Senpereko aintzira inguruan

09.02.2020 | 08:06

bAIONA - Senpereko aintziran dena prest da bihar Herri Urrats ospatzeko eta antolatzaileek diotenez aurtengo hitz ordua berezia izanen da Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak mende erdia betetzen baitu aurten. Euskararen presentziaren apaltzeaz kezkaturik familia batzuek sortu zuten Lapurdiko lehen ikastola Arrangoitzen 1969an. Orduan bost haur besterik ez ziren baina gaur egun lau mila gazte biltzen dituzte Hendaia eta Sohüta artean dauden hogeita hamasei ikastoletan. Euskal egutegi ospe-tsuak saltzen dituen taldearen sor-tzea mugarria izan zela dio Libe Goñi lehen andereñoak. "Lehen jendea zigortzen zuten euskaraz mintzo zirelako bainan guk euskara erdi erdian ezarri genuen, euskara eta pedagogia berezia haurren garapena bultza-tzeko". Lehen urratsak egiteko Libe Goñiren ondoan ziren, besteak beste, Argitxu Noblia, Manex Pagola eta Ramuntxo Camblong.

Hasieratik garapen handia izan dute Iparraldeko ikastolek denbora laburrean ehunka familia bildu baitziren lurralde osoan. "Debekuak eta jazarpena ere laster heldu ziren lehen mailak ideki genituelarik bereziki", azpimarratzen du Paxkal Indo Seaskaren presidenteak. "Sortzaileak aintzindariak izan ziren zinez eta eskerrak eman behar dizkiegu ez baitzuten zalantzarik izan buru belarri lan egin, eta manifestaldiak edo gose grebak antolatzeko Ikastola, herri eskola lelopean". "Maiz azpikultura bat izanen balitz bezala jokatu dute kontrakoek bainan azpijendeak garela uste badute Frantziaren berdintasunaren araua hausten dute" dio Indok.

1975an lehen mailak ideki zituzten Angelu eta Donibane Lohizunen, eta bertan lehen kolegioa zabaldu zuten bost urte geroago. Lehen lizeoak ateak ideki zituen 1989an eta hiru urteren ondoan baxoaren azterketa egiten hasi ziren ikasleak. Urteetan emaitza oso onak erdietsi dituzte eta borrokan segitzen dute azterketa guziak euskaraz egin ahal izateko. Azken 10 urteetan %60 hazi dira ikastolak eta gaurko egunean lau mila gazte biltzen dituzte, ikasleen %10 hain zuzen. %20 izanen dira 10 urteen buruan.

aINTZINDARIAK Euskara irakaskun-tzan txertatzeaz gain, Seaskak ildo asko erein ditu 50 urtez, hala nola bertsolaritza sustatuz ikasgeletan eta Olentzerori toki berezia emanez. Pozaren negar malkoak ikusten zaizkio Libe Goñiri. "Lehen multzo ttikia besterik ez ginen biltzen Olen-tzeroren inguruan eta orain ehunka haur agertzen dira herri ainitzetan egiten diren ekitaldietan". Gainera, ahalmen urriko haurrak ikastoletan eskolatzeko euskaltzaleek Integrazio Batzordea sortu zuten ere 1999an. Lehen, erdarazko gune berezietara joan behar zuten baina eskoletan izateko eta euskaraz aritzeko batzorde hau sortu zen familia baten inguruan. Seaskaren ibilbidea Herri Urrats jaiari lotuta dago. 1984tik urtero maia-tzaren bigarren igandean milaka euskaltzale biltzen dira Senperen besta egin eta ikastolei laguntza emateko. Aurtengo leloa euskararen erabilera sustatu nahi duen LK hitz jokoa da. - Franck Dolosor