Donostia- Donostiako Udalak eta Iberdrolak elkarrekin lan egingo dute mugikortasun jasangarria sustatzeko; horretarako, ibilgailu elektrikoa kargatzeko bost estazio jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Horietako bi karga azkarrekoak izango dira (50 kW), eta hiriko bi puntutan egongo dira jarrita (Federico Garcia Lorca pasealekua eta Igarako aparkaleku publikoa); gainerako elektrolindegiak, berriz, lurpeko aparkalekuetan egongo dira. Denetan kargatu ahal izango da bateria doan, urtebetez.

Akordioa Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iberdrolaren iparraldeko merkataritza ordezkari David Martínezek sinatu dute, eta 2020ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean. Hortik aurrera, automatikoki berrituko da.

Hitzarmenaren arabera, Udalak hiri lurzorua utziko dio Iberdrolari, bi karga puntuak jarri ahal izan ditzan, eta ekipoak funtzionamenduan izateko azpiegitura lanak ere egingo ditu.

Iberdrolak, berriz, ekipoak jarriko ditu, eta horiek instalatu eta kudeatzeaz arduratuko da hitzarmena indarrean den bitartean; horrez gain, lehenengo urtean, haren kontura izango da estazio horietan ibilgailu elektrikoak kargatzeko behar den elektrizitatearen kostua. Erabiltzaileek, hala, auto elektrikoen bateria % 100 berdea den energiaz kargatuko dute; hain zuzen ere, energia hori sorkuntza garbiko iturrietatik ekarria izango da, eta jatorri berriztagarria bermatzeko ziurtagiria ere izango du.

INFORMAZIO OHARRA

Bestalde, Iberdrolak karga estazioak ondo erabiltzeko informazioa eta aholkuak emango dizkie taxilariei nahiz Udalari lotutako zerbitzuetako langileei, hala eskatuz gero.