Baionako bestak gauerdian bukatuko dira

Euriarengatik zezenketa eta karrozen desfilea bertan behera utzi zituzten atzo

09.02.2020 | 21:51
Milaka beztazale bildu ohi dituzte Baionako bestak aurten.

Euriarengatik zezenketa eta karrozen desfilea bertan behera utzi zituzten atzo

BAIONA - Lapurdiko hiriburuak txuri eta gorriz jantzitako milaka lagun hartuko ditu gaur jaien azken eguna ospatzeko. Joan den asteazkenean ia berrogei gradurekin hasi ziren bestak baina ostiral gauetik hogei gradu apaldu da giroa eta euriarengatik ekitaldi asko bertan behera utzi zituzten atzo bigantxak, zezenketa eta karrozen desfilea besteak beste. Atzo ohi baino bestazale gutxiago bildu zela deitoratzen zuten taberna eta jatetxeetako jabeek. Beren ustez, gaur uholde handia hartuko dute jaien azken orduetan eguzkia itzuliko baita.

Hamasei urteko neska paristar batek eraso sexista jasan duelako elkarretaratze feminista deitu dute arratsaldeko lauretarako Baionako Errepublika plazan. Hiru gizonek etxera eramatea proposatu zioten baina neskaren ezezkoaren aurrean ukitzeak egiten hasi zitzaizkion ihes egitea lortu zuen arte.

Gaur Iruñea hiri senidetuaren eguna ospatuko dute Ana Elizalde jarduneko alkatearekin. Goizeko banden mezaren ondotik Baionako agintariek harrera eginen diete iruindarrei herriko etxean. Bestalde, goizeko 11:00 etan bestetako pilota txapelketa nagusiaren finala jokatuko dute Moderne trinketean. Mathieu Ospital eta Battitta Ducassou gaur egungo txapeldunen kontra ariko dira Bixintxo Bilbao eta Peio Larralde munduko txapeldunak. Herri kirol probak egingo dituzte lehen aldiz Baionan 15h30 eta nor baino nor ariko dira Nafarroa Garaia eta Lapurdiko hiriburuetako taldeak.

Euskara eta gaskoiera gehiago Fantsesaren ondoan Baionako bi hizkuntz gutxituek gero eta toki gehiago hartu dute aurten egitarau ofizialean ere. Egitarauak euskaraz argitaratzeaz gain, tokiko bi min-tzairei ohi baino toki zabalagoa eman diete, besteak beste ekitaldi jendetsuenetan erabili dituzten megafonia bidezko mezuetan.

Bruno Salaberry Akamarreko kantaria pregoilaria izan da eta joan den asteazken gauean herriko etxeko balkoian zegoela bere mintzairan zabaldu zituen bestak, gaskoieraz. Que Quio taldearekin modan dago Salaberry "Les mots d'ici/Hemengo hitzak" irrati eta sare sozialetan etengabe dabilen udako kantuari esker. Gaur Frantziako itzuliaren ekitaldi nagusian kantatuko du Parisen. Akamarrekoa da, Bidaxuneko printzerri ohiaren ondoan Baxenabarre iparraldean eta askok hogeita batgarren mendeko trubadura deitzen diote.

Gaskoiera Baionaldeko hizkuntza ofiziala izan zen hiru mendez, euskarak ez duelarik sekulan horrelako aitorpenik erdietsi.

Peña eta kultur elkarte askok bezala, Baionako Gaskoi Akademiak ere taberna zabaldu du besta garaian bere egoitzan San Ezpiritu auzoan izen bereko zubitik bi urratsetan. Bertan ez dago ikurriña edo euskal musikarik Okzitaniako ikurrak eta erritmoak baizik. Gaur gauean karrozen desfilearen animazioa euskaraz eta gaskoieraz eginen dute lehen aldiz.

Katalanaren antza handia dauka eta gaur egun Ipar Euskal Herriko biztanleen %5 gai da hitz egiteko. Agintari zein elkarteek besta jende-tsuak baliatzen dituzte bi tragoen artean Aturri aldeko ondare historiko kulturala ezagutarazteko umore onean eta ahal dela kantuz.