Donostia - 41 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak ostegunean, Astigarragako industria-pabiloi batean gutxienez 340 marihuana landareen ustiapeneko ustezko arduradun izatea leporatuta.

Segurtasun Sailak adierazi zuenez, Astigarragako industrialde batean patruilek marihuana usaina sumatu ondoren Hernaniko polizia-etxeko agenteek zaintza antolatu zuten bertan.

Horrela, zaindutako gunera iritsi zen pertsona identifikatu zuten er-tzainek, pabiloietako baten ustezko arduraduna zelarik. Gizon horrekin batera, agenteek ikuskapena egin zuten, eta egiaztatu zuten barruan hazkunde-egoera desberdineko marihuana-landareak zituzten lau gelatan banatutako instalazioa zegoela.

Lekua, laborantzaren mantenurako beharrezkoak diren argitasun eta ureztatze sistemaz ongi hornituta zegoen. Guztira, 340 marihuana landare inguru zenbatu zituzten, baita beste kukuludun hirurehun adar, aldaxkak, landare-gai lehorra, balantza bat eta hutsean ontziratzeko gailu bat, guztia prestatu eta banatu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, ertzainek atxilotu egin zuten ustezko landaketaren arduraduna, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuz.

Halaber, beste gizon bat -hau 29 urtekoa-, atxilotu zuten Donostian atzo, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta; bere autoan hainbat substantzia estupefaziente zeramatzan, baita eskudirua eta material teknologikoa ere. Horien guztien jatorriak ikertzen ari dira.

Segurtasun sailetik adierazi zutenez, atzo goizeko 6:15ean izan zen atxiloketa, Herritarren Babeserako patruila batek Urbieta kaletik abiadura handiegian zihoan gama altuko ibilgailu bati erreparatu zionean.

Jazarpena egin ondoren, ertzainek turismoari alto eman zioten Amara auzoko kale batean, eta barruan zihoazen bi bidaiariak identifikatu zituzten.

Horretan zenbiltzala, agenteek marihuana-usain bizia hauteman zuten, eta ibilgailuaren barrualdean haxix tableta bat aurkitu zuten maleta baten hondo bikoitzean, eta baita maletategian poltsa txiki bat landare-substantzia bat zuena, ustez marihuana.

Ertzainek bederatzi telefono mugikor, bi ordenagailu eramangarri, ipad bat, argazki-kamera bat eta 12.000 euro baino gehiago aurkitu zituzten autoan. Horien guztien jatorria ikertzen ari dira. Ibilgailuaren gidaria, droga-trafiko delituagatik atxilotu egin zuten, aurkitutako substantzia estupefazienteen ustezko erantzuletzat. - M. Tolosa