Ehunka pertsona gerturatu ziren herenegun, Nafarroako Goizueta herrian dagoen baina Donostiako Udalarena den Artikutzara, bertako zaindari den San Agustinen eguna ospatzera. Eguraldi ederra probestuz askok autoa Eskas izena duen sarreran utzi eta paseotxoa emanaz Artikutzaraino oinez jaistea erabaki zuten. Beste batzuk ordea autoz joan ziren bertaraino, izan ere, horrela jaitsi daitekeen egun bakarra baita San Agustin eguna. Goizean meza ospatu zen eta ondoren Goizuetako eta Oiartzungo pilota eskolek antolatutako partidak ikusteko aukera izan zen. Arratsaldean berriz, aizkolariek eta lasto-fardo jasotzaileek herri kirol emankizuna eskaini zuten frontoian; azkenik, eguna borobiltzeko, Gabezin taldearekin erromerian dantza egiteko aukera ederra izan zuten bisitariek.

Urtero bezala, artisauen saltoki ugari zeuden bertan eta jende ugari ibili zen postu bateko eta besteko gauzei begira. Igor Unanue eibartarra egurrez egindako produktuak saltzen ari zen postu horietako batean. “21 egur mota desberdin erabiltzen ditut objektuak egiteko. Gauza txikiak dira gehien saltzen ditudanak: kapritxo merkeak, politak eta kalitatezkoak izaten dira”, azaldu zuen lepokoak eta giltzatakoak erakutsiz.

Euririk gabe

Taloak saltzen

Ataungo talogileek ere lanerako egun bikaina izan zuten atzo Artikutzan. Goizeko 8.15ean hasi ziren euren saltokia muntatzen eta erromerian jendea dantzan hasi arte bertan pasa zuten eguna. Eguraldi ona egin zuelako pozik zegoen Ana Berastegi talogilea. “Euririk egiten ez duenean hemengo festa oso ondo joaten da eta talo asko saltzen ditugu”, zioen Berastegik beste emakume batzuekin batera taloak egiteko orea prestatzen ari zela.

Ohi bezala, Oiartzundik ere jende asko joan zen Artikutzako festara. Paco eta Andres Arbelaitz anaiak goizeko 9.00etarako bertan zeuden jada haien lagun Joxerekin hamaiketakoa egiteko mahaia hartzeko pronto. “Urte mordoa daramagu Artikutzara etortzen eta gaur goizean hamaiketakoa egiteko mahai honetan jarri gara”, azaldu zuen Paco Arbelaitzek. “Elkarrekin haserretu arte ez gara egun osoan hemendik mugitu ere egingo”, esan zuen barre artean lagun-taldeko Joxek.

Beste batzuk, ordea, nahiago izan zuten Artikutzarako bidea patxadaz egin. Oiartzungo Joxean Etxeberria eta bere lagunak esate baterako, berandu samar iritsi eta mokadu bat jaten ari ziren zuhaitzen azpiko itzala aprobetxatuz. “Kuadrillan etortzen gara beti. Nahiko berandu iritsi gara gaur eta orain hamaiketakoa eta bazkaria, biak batera ari gara egiten. Arratsaldean ez gara geratuko, aurki trenbideko bidetik Eskasera kotxearen bila igoko gara etxera joateko”, aipatu zuen Etxeberriak.

Horrelako jai batean euskal pastelak ezin hutsik egin. Jesus Mari Olaiz eta Sara Dieguez, beste asko bezala, Eskasean autoa utzi eta oinez jaitsi ziren Artikutzaraino. Bazkaldu ondoren, arratsaldea aprobetxatu eta euskal pastela jateko irrikaz zeuden biak. “Iritsi garenean pilota partida ikusi dugu. Orain taloa eta ogitartekoa bazkaldu eta euskal pastela jan eta gero, arratsaldean aizkolariak ikusiko ditugu”, azaldu zuen Olaizek.

Leaburuko Paulino eta bere lagunak estreinako aldiz etorri ziren Artikutzara. “Entzuna genuen hemen giro polita egoten zela, horregatik erabaki dugu aurten etortzea. Eskasetik oinez jaitsi gara eta arratsaldean ere bertan geratuko gara giroaz gozatzen”, esan zuen Paulinok.

Haur, gazte, heldu, aitona-amona? denek ederki pasa zuten San Agustin jaian, eta familiez gain, gazte kuadrilla asko hurbildu zen Artikutzara egun pasa.