BILBO. 2019-2020 ikasturte honetarako matrikula eskaera Hezkuntza Sailaren Ikasgunea plataformaren bidez egin beharko da, bertan izena eman ondoren. Plataforma honetan izenematea egiteko identifikazio-dokumentu bat (NAN edo AIZ) eta posta elektronikoaren helbidea besterik ez dira behar. NAN edo AIZ ez duten atzerritarrek HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria) eskatu beharko dute Hizkuntza Eskola Ofizialean bertan, aurrez agiri hau ez badute.

Erregistroa egin eta Ikasgunean sartu ondoren, matrikula eskaera egiteko prozesua hasi ahal izango da “Onarpen eskaera” atalean. Aurrerantzean, plataforma honen bidez matrikula prozesuaren jarraipena egin ahal izango da (dokumentazioa aurkeztu, beharrezko balitz; zerrendak kontsultatu; erreklamazioak egin; ordainketak ere bai), baina baita beste zenbait izapide ere, hala nola, Eskola Agiri Ofizialak eskuratu edo notak kontsultatu.

Hizkuntza Eskola Ofizialetan ordenagailuak erabilgarri izango dira, eskaerak egiteko epearen barruan eta idazkaritzako ordutegian, Interneterako konexiorik ez duten haiei zuzenduta. Hizkuntza bat baino gehiagotarako eskaera aurkeztu nahi dutenek, eskaera bat bete beharko dute hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere hiru eskaera.

Kontuan hartzeko datak:

  • Irailaren 1etik 18ra: matrikula eskaerak betetzea (on line, irailaren 18ko 13:00ak arte)
  • Irailak 21: onartu eta ez onartuen behin behineko zerrendak
  • Irailak 25: onartu eta ez onartuen behin betiko zerrendak
  • Irailaren 25etk 30era: matrikula ordaintzeko epea

Dena den, gogorarazi beharrekoa da esleipenerako lehen fasean plazarik eskuratzen ez duten eskatzaileak automatikoki pasatu ohi direla bigarren fasera, eskaera berririk egin beharrik gabe, eta lehen fasean bete gabe geratzen diren plazak eskuratzeko aukera berria izaten dutela era horretan.