Irriak, oihuak eta negar malkoak, denetik nahasi ohi da eskola sartze garaian. Euskarak ere gero eta toki handiagoa du Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan ikasgela elebidun publiko, pribatu eta Seaskaren ikastolak kontuan hartuz aurten ere Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko haurren erdiak euskara ikasiko baitu lehen hezkuntzan. Kopuru hori asko apaltzen da, halere, bigarren hezkuntzan.

Mattin Ahetzeko bertsolari zena pozik egon liteke ikastola berria zabaldu baitute bere herrian. Hain berea zuen irriarekin gustura ikusiko luke Seaskaren hogeita hamazazpigarren ikastolaren irekiera. Ahe-tzeko ikastola berrian sei haur dabiltza eta laster beste hiru elkartuko zaizkie. Iparraldeko lehen ikastola, ondoko herrian, Arrangoitzen, zabaldu zuten duela 50 urte bost umeekin eta gaur egun sare osoan lau mila haur pasa daude.

“Lapurdiko kostaldeko ia herri guztietan dago orain ikastola, Hendaiatik Bokaleraino, euskara kenka txarrenean den eta biztanle gehien bizi den eremuan” dio Peio Jorajuria Seaskaren presidente izendatu berriak. “Gero eta haur gutxiago sortzen da baina guk gero eta ikasle gehiago biltzen ditugu, lehen aldiz lau mila baino piska bat gehiago” azpimarratu du Paxkal Indoren lekukoa hartu duen azkaindarrak. Bokaleko ikastolan ikasleen kopurua bikoiztu dela begi onez ikusten dute euskaltzaleek.

Nabarmen hazi dira ere Lekorne, Basusarri edo Senpereko ikastolak. Eta garapen bera dute ere bigarren hezkuntzan, Estitxu Robles Baionako kolegioan, Ziburuko Piarres Larzabal gunean edo Lartzabalen dagoen Manex Erdozaintzi Etxart ikastegian. Duela bi urte, euskarazko lanbide heziketa sortzearen aldeko apustua egin zuen Seaskak eta jada 50 ikasle daude Baionan Bernat Etxepare lizeoak eskaintzen dituen sail profesionaletan. Peio Jorajuria pozik dago joan den uztailean lankidetza hitzarmena izenpetu baizuten azkenean Fran-tziako Hezkuntza saila eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin. “Orain hitza errespetatu eta baliabideak emango dizkigutela espero dugu”.

Hendaian 31 nazionalitate

Hendaian ia bi mila gazte itzuli dira ikastegietara. 1.363 ikastetxe publikoetan dabiltza, 375 Jondoni Bixintxo eskola pribatuan eta 247 ikastolan. Denera 31 nazionalitate desberdinetako haurrak dabiltza Hendaiako ikastegietan eta horien artean erdiak bertan hitz egiten du bakarrik frantsesez.

Eleaniztasuna eta aniztasuna daude ere Frantziako Estatuko hainbat tokitan. 15.000 gaztek ikasten dute okzitaniera, bretoiera, katalana edo alsaziera hutsean irakasten duten ikastegi sareetan. Baliabide urriak izan arren, lurralde guztietan gero eta ikasle gehiago hartzen dituzte. “Hizkuntz gutxituak gaixotasun gisa ikusten ziren duela zenbait hamarkada baina gaur egun guraso gazteek ulertu dute eleaniztasuna eta planetaren zaintzea gauza bera direla” dio Jean Louis Blenet Frantziako errepublikako hizkuntzen goi erakundearen presidenteak. “Eskaera soziala gero eta handiagoa da. Montpellier hirian arrakasta oso handia du Calandretak eta urtero 300 ume bertara sartu ezinik gelditzen dira”. Bretañan 4.337 ikasle dabiltza 55 Diwan ikastegietan, 70 Calandretek 3.930 gazte biltzen dituzte eta La Bressola sareko 8 guneek katalana irakasten diote mila ikasle ingururi.