Lizarra Ikastolaren esku gelditu da bestaren lekukoa

Haur Hezkuntzako eraikina hobetzeko helburua izanen du Lizarra Ikastolaren laugarren Nafarroa Oinezak

10.02.2020 | 08:56
Unai Gardoki eta Iosu Sueskun, lekukoa eskuan.

tutera - Urte guztia lanean ibili ondoren, Nafarro Oinezeko leku-koa eskuz aldatzea egokitu zi-tzaion Tuterako Argia Ikastolari. Lizarrako Ikastolak jaso zuen ardura atzokoan. Hain zuzen, Iosu Sueskun zuzendaria eta Unai Gardoki lehendakaria izan ziren lekuko baliotsua jaso zutenak, erronka "gogorra baina oso polita" izanen dela onartuz.

Lizarrako ikastolak bere 50 urteurrenarekin batera ospatuko du 2020ko Nafarroa Oinez. Lehendakariak umoretsu adierazi zuen bezala, "Lizarra non dagoen ez dakienarentzat" argibideak eman zituen: "Ebro ibaia hartu eta indar eginez, segi gora eta bigarren ibaigurutzean eskuinera hartu, hor Ega ibaia aurkituko duzue, hari jarraitu eta aurkituko duzue Lizarrako herria".

2004an ospatu zen azkeneko Nafarroa Oineza Lizarran, lizarran@euskaraz.bai lemapean, eta 110.000 pertsona baino gehiagoren babesa izan zuen. Aurretik beste bi hartuak zituen: 1985ean, Denok bat euskaraz lemarekin; eta 1990ean, Ezina ekinez egina lemapean ospatu zena.

Datorren urtean ospatuko den Nafarroa Oinezak helburu argi batzuk izanen ditu. Alde batetik, bestaren irabazien gehiengoa Haur Eskola lekuz aldatzeko erabiliko da, ziklo honetako gela guztiak solairu bakarrean egoteko, izan ere gaur egun bi solairutan banatzen dira Haur Hezkuntzako ikasleak. Espazio hauen akustika hobetzea ere izanen du helburu hobekuntza honek.

Bestalde, azken urteotan Nafarroako ikastoletan ematen ari den iraultza pedagogikoari jarraipena eman nahi diote Lizarra Ikastolan ere. Keinuka proiektu pedagogikoari helduta, duela urtebete Haur Hezkuntzako espazioen arkitektura eta kontzeptuaren modifikazioarekin hasi zen. Orain, eredu hori Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzara zabaldu nahi dute ikastolako arduradunek, eta horretarako bultzada izanen dute Nafarroa Oinez. - M.M.P.