Bilbo - Euskaltzaindiak ehun urte iraun baldin badu, pentsamolde desberdinen gainetik gizarte zibila euskararen inguruan egituratzea lortu duelako izan da. Orain, hurrengo mendeurrenera heltzeko bideari ekiteko, euskararen biziberritzeari bultzada berria ematea hartu du helburutzat akademiak. “Euskaltzaindiarentzat aldi bat bukatu da eta bukatze horrekin etorkizunari buruz jardun nahi izan dugu”, azaldu zuen atzo Andres Urrutia euskaltzainburuak azken urtean mendeurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldi guztien balantzea egiteko prentsaurrekoan. Egitarau akademiko, instituzional eta artistiko-kultural zabalaren errepasoa egin ostean, euskararen gizarteratzean digitalizazioak hartu duen pisua nabarmendu zuten.

Sustapen Batzordeko arduraduna den Sagrario Alemanen esanetan, akademiaren helburu berriari ekiteko datozen bi hamarkadetako epea jarri dute, nonbaitetik hasi beharra baitago. Hizkuntzaren biziberritzea sustatzeko, gainera, euskararen alde lan egiten duten agente guztiak ain-tzat hartuko dituztela azpimarratu zuen, “bakoitzak bere arloan, baina elkarlanean”. Era berean, mendeurrenak izandako helburuen artean, akademiak azken ehun urteetan egin duen “lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea” egon dira; betiere, “autokonplazentzian erori gabe”. Gainera, Iker eta Jagon sailek dituzten asmoak gizarteratzeko ere aprobetxatu dute 2018aren urrian hasi zituzten ekitaldietan.

“Euskaltzaindiak berebiziko betebeharra du: pilatutako ezagutza transmititzea gizarte osoari euskararen eguneroko erabilera susta-tzeko”, adierazi zuen Urrutiak. Horretarako, “eraginkorrak diren tresnak eskaini behar dizkio gizarteari, sortu daitezkeen zalantzak argitzeko”. Bere esanetan, hori lortzen baldin bada, “Euskaltzaindiak bere eginkizun handietako bat beteko du, eta, betetzen ez badu, gure lana alferrekoa izango da”. Zentzu honetan, egunerokoan udaletako teknikoekin, itzultzaileekin edota irakasleekin jarduten dutela argitu zuten.

Bere esanetan, mendeurrena baliatu dute “astindu bat emateko Euskaltzaindiak lantzen dituen alor guztietan”. Izan ere, “astindu horren bitartez oinarri sendo bat finkatu, garatu eta aurrera eraman” nahi dute. Andres Urrutiak aipatu zuenez, “XXI. mendean bizi gara bete-betean, euskararen baldintza soziolinguistikoak aldatu egin dira”. Hori dela eta, 1918ko mezu hura gaurko baliabideen bitartez gaurkotzen asmatu behar dutela adierazi zuen. “Pentsaezina da gaur Euskaltzaindia urrezko dorre batean egongo balitz bezala jardutea”, esan zuen.

Mendeurrenaren egitaraua Euskaltzaindiaren zerbitzu bokazioak dituen ardatzen artean, digitalizazioa, internazionalizazio, profesionalizazioa eta sozioalizazioa, mendeurrena dela eta lehenengoak hartu duen pisua nabarmendu zuten. Horrela, webgune berrituak erabiltzaileen %106ko igoera izan duela azaldu zuen Ibon Usarraldek, mendeurrena kudeatzearen arduradunak: 2017-2018an 387.598 bisitari izan baldin bazituzten, 2018-2019an 800.116 bisitari lortu dituzte. “Ahalegin handia egin dugu sare sozialetan baina izan dugun oihartzuna ikusita merezi izan du”, adierazi zuen, bestetik, Usarraldek. Izan ere, Twitter, Facebook, Instagram eta Youtube plataformetan dituzten jarraitzaileen kopurua dezente hazi da azken urtean.

Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldieetan 10.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Egitarau akademikoaren barruan, Usarraldek gogoratu zuenez, 10 jardunaldi ospatu dira Euskal Herriko lurralde guztietan. Horietan, 170 hizlari, 75 aurkezle-moderatzaile eta 1.100 parte-hartzaile izan dira. Bestetik, hainbat izan dira bultzatu diren argitalpenak, “batzuetan paperean, besteetan digitalean eta zenbaitetan bietan ere”. Batzuk aipa-tzearren: Euskara Batuaren Eskuliburua, Hizkuntza-zuzenbidea testu-bilduma euskaraz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - X. liburukia edota Euskal hiztegi etimologikoa.

Egitarau instituzionalei dagokienez bi gailendu dira: mendeurrenaren Ohorezko Patronatuaren eraketa, Bilbon ospatu zena 2018ko uztailean, eta mendeurrenaren amaiera ekitaldia, Donostian jazo dena hilabete honetan. Erakusketak ere antolatu dira: batetik, Baiona, 1964: euskara batuaren zedarria Baionan, Maulen eta Hazparnen, eta, bestetik, Euskara ibiltaria Bilbon, Bermeon eta Donostian. Ospakizunen artean egitarau artistiko-kulturala izan da parte-hartzaile gehien izan dituena. Mende berria kantuz koru emanaldia sei aldiz ospatu da, Tartean taldeko Ghero antzezlanaren 42 emanaldi izan dira, Bizhitza dan-tza emanaldia sei aldiz eskaini dute eta mendeurreneko erromeria behin antolatu da, besteak beste. Gainera, dokumental bat eta komiki bat ere sortu dira mendeurrena islatzeko.