lurrikara izan da Albanian, 25 hildako gutxienez, eta zaurituak ehunka kontatu daitezke. Zauritu fisikoez ari naiz noski, horrelako txikizioak denoi utziko liguke eta orbainen bat bertan tokatuz gero. Etxebizitzak suntsituta, azpiegiturak erabilgaitz, anbulantziak hara eta ona eta tristura begi bistan. Hondamendia.

Albistegietako irudiak ikustean aipatutakoaz gain, bi gauzek eman zidaten aten-tzioa. Batetik oso gutxi dakidala Albaniaz eta bere testuinguru historiko politikoaz, zertarako gezurrik esan, eta bestetik, hildako eta zaurituak hondakin artetik ateratzen zituzten bitartean, ohatila bakoitzaren atzetik dozena erdi pertsona zihoazela guztia sakelakoarekin grabatzeko asmotan. Pertsona esan dut, baina agian termino positiboegia da, horrelako egoera batean grabatzea beste borondaterik agertzen ez duenarentzat. Zein da bideo horren helburua? Hildakoaren aurpegia ikustea? Zaurien gordintasuna agertzea? Ez diot erabilpen praktikorik ikusten egia esan, morbo-gose hori asetzea ez baldin bada. Ezin dut inor irudikatu hori grabatu eta etxeratzerakoan pantailari begira irudi horiei behin eta berriz begira. Agian ni naiz berezia, edo agian irudi horiek ez dute ezertarako balio.

Grabatzearen afera alde batera utzi gabe, baina gertaeren larritasunean ehunetik zerora salto eginez, Bilboko Intermodala aurkeztu dute aste honetan, eta bertan jende andana bildu zen azpiegitura berriak zer moduz geratu diren ikusteko. Ez zait plan erakargarriegia iruditzen, baina tira, baten bati gustatuko zaio. Bertaratutakoen ehuneko oso altu bat nahikoa lan egin duten gizarte talde horretakoak ziren, egiari zor, eta hantxe zebiltzan gora eta behera, eraikuntzan adituak bailiran. Bada, hortxe galdetu zioten gizon bati ea zertan zebilen mugikorra eskuan, eta zalantza izpirik gabe bota zuen, dena grabatzen ari zela txukun-txukun. Eta berriz etorri zitzaidan zalantza burura, egun bateko teleberri eta teleberri arteko tartearekin. Zertarako hori dena grabatu? Etxean behin eta berriz ikusteko? Dokumentu ordainezina inondik inora, kontuan hartuta guk denok berdina ikusi genuela, baina kalitate onean, dardararik gabe, eta zegokion azalpenekin sofa pareko pantaila ederrean.

Sakelako gizarte honetan jarri nintzen pentsatzen orduan, guztiari argazkiak atera behar dizkiogula, eta dena grabatu, eta dokumentu hauen erdiak gero ez ditugula berriz ikusten ere konturatu naiz, baina lasai gaude, Google-k ederki gordeko digu eta kopia bat haiek beste bat gordetzearen truke. Eta neure burua aurkitu dut, oporretan, ikusten dudan guztia islatu nahian eskuan eramaten dudan traste ezin bananduzkoarekin. Eta etorri zait burura ere pasa den asteburuko kontzertu galduezin horietako irudi eta bideoak behin eta berriz ikusi ditudala. Eta tristura sartu zait, niregatik, eta haiengatik, irudi hori grabatzeko garaian, norbaitek momentuaren esentzia bera galdu duela, ona edo txarra, kasua kasu, eta momentua mugikorrean izango duela, baina barruko horrek askoz gehiago balio duela.