Nafarroako Gobernuak Montejurra, Zangoza, Erdialdeko aldea, Pirinioak eta Prepirineo eskualdeetan jardungo du lehentasunez, landa-inguruneko despopulazio-arriskuen aurrean

Foru Exekutiboak "Nafarroako lurralde desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak" aurkeztu du, berrikuntza nagusi gisa, despopulazioari aurre egiteko gizarteratze proiektuetan esku hartzeko ildo zehatzak jasotzen dituena

13.01.2020 | 20:53

Nafarroako Gobernuak lehentasunez jardun beharko du Montejurra, Zangoza, Erdialdeko Eremua, Pirinioak eta Prepirineo eskualdeetan, landa-inguruneko despopulazio-arrisku posibleen aurrean. Hala ondorioztatzen da "Nafarroako lurralde-desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak" txostenean, Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak egina, eta Nafarroako eskualde desberdinetako lurralde-, demografia-, lan-, gizarte- eta lehiakortasun-desberdintasunak aztertzen ditu.

Azterketa Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Cirizak aurkeztu du, eta harekin batera izan dira Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusia, Luis Campos, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús Mª Rodríguez.

Cirizak ondorengoa nabarmendu du: "nahiz eta, oro har, Nafarroan biztanle-kopurua igotzen ari, eta despopulazioaren arazo larriaz hitz egin ezin badezakegu ere, badira zona ahulagoak, biztanleriaren atzerapena jada izaten ari direnak; esate baterako, Pirinioetan eta Ameskoetan. Beraz, funtsezkoa da guk zerbait egitea eta, besteak beste, gazteentzako ekintzailetza berritzaileko proiektuen aldeko apustua egitea, landa-berrikuntzako espazioak edota Smart Village-ak sortzea".

Azterketa gizartearen aldetik hiru desberdintasunetan oinarritu da: despopulazioa, enplegua eta gizarte-politikak. Hala ere, desberdintasunean alderdi gehiagok hartzen dute parte. Luis Camposen arabera, aldagai guztietan ikusten da "lurralde-kohesioa ez dagoela bermatuta eta batzuetan, gainera, ahultasun-egoerak nabari direla politika espezifikoak eta sektorialak eskatu behar lituzketen lurralde batzuetan, aukerak gehiago zatitu ez daitezen".

Lurralde eta demografia mailako desberdintasunak

Nafarroa biztanleria-gune batzuen arabera egituratzen da, eta gune horiek eskualdeetako goiburuak izaten direnez, nolabaiteko polizentrismoa dagoela esan daiteke. Iruñak eta Iruñerriak dute Nafarroako demografia-pisu gehien, Foru Komunitateko biztanleria osoaren %50 baino gehiago hartzen baitute. Hiriburuarekin batera, beste gune batzuk daude, batik bat komunikazio-ardatz estrategikoekin lotuta daudenak eta garapenari eusten diotenak. Neurri batean, ardatz horietan aurkitzen ez direnek dituzte lurralde-mailako ahultasun gehien.

Europar Batasunaren arabera, despopulazio-arriskua kilometro karratu bakoitzeko 12,5 biztanleko dentsitatea dagoenean gertatzen da. Nafarroan, bi eskualde horren oso azpitik daude: Pirinioa (4,1 biztanle kilometro karratuko) eta Aurrepirinioa (7,7); beste batzuk, berriz, arrisku-maila horretara iristen dira: Arga Valles (19,9), Zangoza (14,3) eta Larraun (18,8). Dena den, kontuan izan behar da biztanleria-dentsitatea hausnarketa sakonagoa eskatzen duen estatistika dela eta ezkutuko aldagaiak dituela; esate baterako, Ega JurraMendiko eskualdean, Lizarrako herria kentzen badugu, biztanleria-dentsitatea 16,1 biztanlekoa da kilometro karratuko, eta, era horretan, lehentasunezko jarduerako zona izatera igaroko litzateke.

Zahartzeari dagokionean, datu okerrenak dituzten eskualdeak despopulazio-maila handien eta dentsitate gutxien dituztenekin lotzen dira hein handi batean: Pirinioa, Zangoza eta Ega JurraMendi.

Halaber, aipatu behar da euskarri biztanleria deiturikoaren pisu-galera desberdina dela. Euskarri biztanleria esaten zaio bizi den zonako egitura soziala, demografikoa eta ekonomikoa jasaten duenari; alegia, ekonomia sortzen dutenak dira, eta, aldi berean, seme-alabak eta adinekoak zaintzeko erantzukizuna dutenak. Emakumeei dagokienez, haien bizitza aktiboa eta lan-bizitza egitera profesionalki garatzeko aukera hobeak eskaintzen dizkieten espazioetara joan dira.

Inmigrazioa beste faktore erabakigarria da gure udalerrietako egitura demografikoak osatzerakoan. Nekazaritzarekin eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa-industriarekin gehien lotutako zonetan jasotzen dira, proportzionalki, etorkin gehien. Hemen, Goi Erriberako eta Erriberako eskualdeetan aurkitzen da atzerrian jaiotako biztanleria-portzentaje handiena; ondorioz, despopulazioaren fenomenoak ez du zuzeneko eraginik, baina neurriak eta ekintzak abian jarri beharko dira biztanleria horien bizikidetza eta gizarteratzea hobetze aldera.

Azkenik, landa-biztanleriaren maskulinizazioari dagokionean, batez ere gazteengan eta tarteko adinetan gertatzen da; izan ere, adin horretan emakume edo neska askok alde egiten dute produkzio-lanaren inguruan berdintasunik ez izateagatik eta haien hezkuntza-maila handiagoa izateagatik.

Lan-arloko desberdintasunak

Enpleguari erreparatuta, eskualdeen produkzio-espezialitate ezberdina dela-eta, lurralde-mailan alde nabarmenak gertatzen dira.

Erriberako zonan, lehen sektoreak, eta, ondorioz, nekazaritzako elikagaien industriak indar handia dute, eta langabezia-maila handienak hor aurkitzen dira. Azken hamarkadan inguruan langabeziak gora egin du, batik bat emakumeen kasuan. Krisiaren efektuei bestelako industria-jarduerarik, eta bereziki, zerbitzuen sektorekorik eza gehitu behar zaienez, ezin izan da langabezia-mailari eutsi.

Kontrapuntu gisa, Sakana bezalako zonetan, manufaktura-industria tradizionalki jorratu den lekuetan, enplegua asko berreskuratu da azken urteetan. Hala ere, ia erabat industria-sektorean oinarritu da, eta hori maskulinizatuta aurkitzen da neurri handi batean. Prozesu hori Iruñerrian ere berdin-berdin gerta zitekeen, baina eragin txikiagoa izan du emakumezkoen langabezian, zerbitzuen sektorea gehiago garatu izanagatik, eta, batez ere, produkzio-aniztasun handiagoarengatik, profil desberdinagoak sartzeko aukera eskaintzen baitu.

Desberdintasun sozialak

Gizarte-politikei dagokienean, nabarmendu behar da pobrezia-mailak eta behe eta ertain errentak handiagoak direla Erribera, Lizarrako Ega Erribera eta Goi Erribera bezalako eskualdeetan. Halaber, babes sozialeko sistemen eskaera ezberdina da lurraldeka eta langabeziaren arabera (zerbitzuak eta prestazioak).

Azkenik, ahultasun soziala handiagoa da fenomeno globalizatuak (pobreziaren feminizazioa, biztanleriaren zahartzea,€) biltzen diren eskualdeetan. Ildo horretan, ahultasun sozialeko egoeren analisiaren arabera, lurralde-mailako ikuspegia barne hartuta, errealitate hori areagotu egiten da pertsonen sexua, adina edo jaioterria bezalako bestelako faktoreen arabera. Esate baterako, biztanleriaren zahartze-prozesuak nabarmentzen diren eskualdeetan (Pirinioa, Aurrepirinioa, Zangoza,€), onartutako mendekotasuna duten pertsonen presentzia handiagoa da, eta horrek sozialki adierazten du zenbait zerbitzu edo prestazio eskatzen direla edota baliabideak talde horien premia espezifikoetara egokitzen direla.

Despopulazioa gerarazteko jarduera-ildoak

Gogoratu behar da pasa den martxoan onartu zirela Erronka Demografikoaren aurreko Estrategia Nazionalaren Gidalerro Orokorrak, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak eginak. Estrategia horren helburu orokorra da herrialde-proiektu baten oinarriak finkatzea, lurralde osoan aukera-berdintasuna eta herritarren eskubideen askatasuna bermatzearren, administrazio publiko guztien koordinazioaren eta lankidetzaren, baliabide endogenoen aprobetxamendu iraunkorraren eta lankidetza publiko-pribatu estuaren bitartez.

Besteak beste, zeharkako zazpi helburu proposatzen dira: herritar guztiei oinarrizko zerbitzuen prestazio egokia ziurtatzea berdintasun-baldintzetan, lurralde bakoitzeko ezaugarrietara egokituta; lurralde-mailako konektibitate osoa bermatzea, banda zabaleko eta telefono mugikorreko interneteko estaldura egokiarekin; udalerri txikietako Udalen kudeaketa erraztea, araudi eta administrazio izapideak sinplifikatuta; estereotipoak ezabatzea eta arrisku demografikoek eragindako lurraldeei eta haien irudiari balioa ematea; estrategia hori Garapen Iraunkorreko Helburuak eta 2030 Agenda betetzearekin lotzea; legeak, planak eta inbertsio-programak egiterakoan inpaktu eta ikuspegi demografikoa sartzea; eta lankidetza publiko-pribatu handiagorako mekanismoak hobetzea, faktore demografikoak sektore pribatuaren erantzukizun sozialean sartzea bultzatuz, lurralde guztiak aukera-egoera bilakatzearren.

Zehazki, Nafarroako Foru Komunitateari dagokionean, eta Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Batzordearen esparruan, erronka demografiko hori gerarazteko hainbat esku-hartze proposatzen dira: gazteentzako ekintzailetza berritzaileko proiektuak; landa-guneko berrikuntza-espazioak sortzea; landa-guneetan mendekotasuna artatzeko zerbitzuak sortzea; coliving kolaboratzailea; etorkinak lan eta gizarterako programak garatzea; espezializazio adimentsuko estrategiak eskualdeen arabera; zerbitzu-zentroetarako mugikortasun-fluxuak eta eskualde barnekoak aztertzea eta hobetzea; smart villages; eta talentua erakartzeko guneak sortzea, lurraldeko potentzialtasunekin lotuta.