Gezur hezurretik

Denak gaindituta

19.04.2020 | 00:11

Haize-orratz izaera garatu dugunaren susmoa piztu zait. Maizegi informazio kontrajarriak jasotzen ditugu, eta horrek ez digu batere mesederik egiten. Gaur maskarak erabiltzeko eskatuko digute, bihar aldiz ezetz, eta horrek hiritar xumeongan zalantza sortzen du, eta zalan-tza horren ondorioz, gauzak behar diren bezala ez egitea. Nik entzun dut baietz, nik ordea ezetz, eta azkenean, bakoitzak komeni zaiona egiten du. Oker ziur aski.

Denok etxean geratu behar dugu, eta horrela daramagu batzuek hilabete pasatxo. Baina beste batzuek aldiz lanera joan behar dute, euren lana ezinbestekoa delako, hala nola ospitale, farmazia edo jaki-dendetakoek; edo euren nagusiek hala irizten diotelako beste batzuen kasuan. Gaizki berriz ere. Ezin diogu enpresa buruari erabakitzen utzi, beti joko du enpresaren interesen aldera, eta langileok zer? Bada, lanera, horrek dakartzan arriskuekin. Irakurtzen nuen aurrekoan Euskal Herria zatekeela munduko bosgarren herrialde kutsatuena ehunekoak eta propor-tzioak kontuan hartuz gero. Eta, hala ere, erokeria bat iruditzen zaigu etxean geratze hau. Lantegietakoak lanera, aldagelak zabal askoak izango dira eta. Nork bere kontsumorako baratza dutenek ere ateratzeko eskubidea aldarrikatzen, eta haurrak dituztenek ere bai. Konturatuko zineten dagoeneko, lehenengo paragrafoko ideiara itzuliz, bakoitzari erabakitze ahalmena emanez gero, denok dugula aitzakiaren bat edo beste gure isolamendua ordubetetxoz eteteko. Kontzeptuak eta erabakiak lausotzen ditugu, gure alde joka dezaten. Pentsa, goxoki dendak irekitzeko baimena eman dute, behar beharrezkoak direlako, ez beste komertzioak bezala.

Hezkuntzan ere berdin dabiltza. Batetik inork ez errepikatzeko aholkuak, bestetik eztula baino zaharragoa den aprobado general hori bultzatzen. Ez da erraza, ados, baina zerbait erabaki beharko da. Ezin dugu jendea lanean jarri helburu batekin, gero eten, gero beste era batera planteatu, eta azkenean ardura katearen azkenaurreko katebegian utzi, horrela, gaizki eginez gero, hark izango baitu errua.

Ez dakit ikasle guztiak gainditu beharko diren, baina egoera honek denok gainditzen gaituela argi dago. Erabaki zehatzak behar ditugu. Hau horrela egingo da eta punto. Eta gerora erabakiko dugu hartutako erabaki hura egokia izan ote zen hala ez, edo egongo da ardurak arazteko tarterik, baina momentuan arre edo so, kale edo bale, baina zerbaitekin aurrera.

Eta okerrena ez da zintzo demonio etxean gaudenok beste astebete edo bi pasa beharko dugunik lagunekin zerbait har-tzeko elkartu baino lehen, jendea bidean hiltzen ari dela baino. Ez naiz balkoira ateratzen den horietakoa, eta gai hau beste baterako utz genezake, baina hemendik besarkada bana egoera honetan bere etekin propioa alde batera utzi, eta besteen alde jokatzen duen bakoitzari. Bejondeizuela.