- Krisiak sektoren guztietan izan du eragina. Euskalerria Irratiari dagokionez, zein da egoera?

-Bi kolpe jaso ditugu, lehendabizikoa eta nagusia publizitateari dagokiona. Gure komunkabidea oso lotuta dago komunitatearekin eta komunitateari zerbitzua ematen dioten komertzio, denda eta enpresa txiki eta ertainekin, horiexek dira gure iragarle nagusiak. Esan gabe doa konfinamenduak sekulako eragin birrintzailea eduki duela beraiengan, eta horren eraginez gure publizitatean jaitsiera latza pairatu dugu. Horren aurretik, aurten beste kolpe bat jasoa genuen: publizitate instituzionalari dagokionez Iruñeko Udalak oso baldintza baztertzailea ezarri zuen publizitate hori banatzerakoan, hain zuzen gutxienez %10eko audientzia edo zabalkundea izatea Iruñean. Hemen euskaldunak guztira %10 garela kontutan izanda, atera kontuak...

Kolpe horien aurrean, #PiztuIrratia kanpaina abiarazi duzue. Zer nolakoa izaten ari da erantzuna?

-Oso ona izaten ari da. Irudipena daukagu konfinamenduan guztiok jabetu garela kilometro zeroko merkataritza, elikadura eta bestelakoen garrantziaz. Eta komunikabideekin antzeko zerbait gertatu dela uste dut, konturatu garela zer nolako garrantzia duten halako krisi egoeretan eta bestelakoetan ere. Gurea, komunitatearekin oso loturiko proiektu komunikatibo bat da, hainbat talderi ahotsa ematen diena. Nafarroa ofizialaren informazio jarioa atzematen dugu eta horren berri ematen dugu baina, halaber, ahotsa ematen diegu beste hainbat eta hainbat talderi.

Hortik harago, zeintzuk erranen zenuke direla Euskalerria Irratia identifikatzen duten ezaugarriak?

-Iruñerriko tokiko programaziorik zabalena daukagu, gaztelaniazko irratiak ere kontutan hartuta, eta kolaboratzaile talderik zabalena duena: 180 bat kolabaratzaile, jakintza alor eta ideologiko guztietakoak. Luxua da hori, ordainezina zentzu literal zein figuratuan. Irakasleak, musikariak, okinak, idazleak... Denetarik dago. Egoera honek ere lagundu digu horretaz jabetzen eta eran-tzuna oso ona izaten ari da hortik ere. Jendea bazkidetzen ari da eta asko eskertzen dugu.

Kanpaina antolatzeko tenorean, komunitate horren esku utzi duzue irratia babesteko arrazoiak ematea.

-Bai, hori da. Oso jende askotarikoa parte hartzen ari da kanpaina honetan. Hasi ginen Osasunako kapitainarekin, Oier Sanjurjorekin, gure bazkidea dena duela hamar urte, eta berak zioen Osasunako partiduak euskaraz entzutea gustatzen zaiola eta horregatik pizten duela gure irratia, adibidez. Bigarren bideoa Nerea Fillatena izan da, Katakrakeko kidea, eta bideoan esaten du Silvia Federici Iruñean noiz izanen den jakiteko Euskalerria Irratia piztu eta mantendu behar dela. Beste adibide asko daude: Ainhoa Tirapu Athletikeko kapitaina, Aingeru Epaltza idazlea, Kike Amonarriz soziolinguista... Oso arrazoi interesgarriak atera dira tartean. Arrazoi horietako bat, niri asko gustatu zaidana, Euskalerria Irratia lagunduz beste proiektu asko laguntzen dituzula da.

Bestelako proiektuen ahotsa ere badelako, ezta?

-Bai, euskararen uhinak eramaten ditugu Iruñerriko bazter guztietara eta horrek ere badu bere garrantzia. Fisikoki sakabanatuak bizi gara euskaldunok Iruñean, eta komunitate sentimendu horretaz jabetzea ez da erraza. Irratia bezalako tresnek balio dute topaleku edo plaza bezala, elkarren berri izan dezagun. Sorkuntzaren aldetik ere badu bere garrantzia: 30 urteko ibilbidea daukagu eta urteotan Iruñerrian kulturgintzan norbait den oro hemendik pasa da.

Krisi garai honetan zerbait argi gelditu bada, hori komunitatearen beharra izan da...

-Denok jabetu gara gure arteko lotura horien garrantziaz. Euskalerria Irratia saiatzen da, hain zuzen ere, sare horiek ehuntzen eta indartzen. Orain da unea halako proiektuak indartzeko eta sustatzeko. Nik ez dut irudikatzen Iruñea Euskalerria Irratia bezalako proiektu bat gabe.

Abantailak ez dira, alta, ekonomikoak soilik.

-Hala da, irratiaren bazkide izateko aukerak balio erantsia ematen diozulako Iruñerrian euskaldun izateari. Balio erantsia zergatik? Aipatzen nuen horregatik guztiagatik, Iruñean irrati programazio zabalena eskain-tzen dugulako, kolaboratzaileen sarerik zabalena dugulako eta Iruñean euskaldun izateagatik beste irratietan aditzen ez diren hainbat eta hainbat ahots entzuteko aukera badaukazulako. Euskaldun izateari balio erantsia ematea da, azken finean.

#PiztuIrratia. La crisis económica derivada de la pandemia ha supuesto un duro golpe para Euskalerria Irratia, la única radio en euskara de la comarca de Iruñea. Para hacer frente a la situación, la radio ha puesto en marcha una campaña de afiliación bajo el hashtag #Piztuirratia (enciende la radio). "Más allá de las cuestiones materiales, el ser socio y socia de la radio tiene un plus importante", subrayan, "un valor añadido a ser euskaldun en Iruñerria, ya que Euskalerria Irratia es la radio que tiene la mayor programación de las radios locales, incluyendo los medios en castellano; y cuenta con una comunidad de más de 180 colaboradores y colaboradoras".