Zer moduzko aldartearekin bizitzen ari zarete Topagunean urte guzti hau?

-Egunez egun egoerara egokitzen joan behar izan gara eta irakasgai polita izan da. Gauzak ongi planifikatzeko ohitura izan dugubeti eta hori oso garrantzitsua da aldatu behar izaten den guztia aldatu ahal izateko. Hori da tokatu zaiguna urtean zehar eta ongi eraman dugu, onik atera garela esan dezakegu.

Urte berezia izan da gainera, zaila.

-Horixe da, baina egoerara egokitu gara eta ikusi dugu zein bidetatik ezin ginen joan eta, nolabait, posible ziren bide horietatik urratsak ematen asmatu dugu kasu askotan. Beste batzuetan, bidean atzera egin behar izan dugu eta hirugarren bide bat topatu, baina hemen da Euskaraldia eta hori denon artean lortu dugun zerbait da.

Bi egun besterik ez dira gelditzen ariketa erraldoiari ekiteko, zirrara puntu bat ere edukiko duzu une honetan...

-Bai, zirrara, gogoa eta ilusioa. Hori da batez ere aste honetan biziko duguna: tentsioarekin, baina tentsioa ilusioarekin lotzen denean gauza ona da.

Erakundeen aldetik babes zabala lortu duzue, kasu batzuetan izan ezik: Nafarroako Parlamentuak Navarra Sumaren ezezkoa dela eta ez du babesa erakusteko adierazpen publikorik egin. Zein da honen inguruan egiten duzun irakurketa?

-Alde positiboekin gelditzea nahiago dut. Bai Nafarroako Gobernuaren aldetik, bai talde parlamentario gehienen aldetik babesa jaso dugu. Udaletan, kasu gehienetan, ere bai. Baina ez soilik adierazpen politikoetan edo alderdiei dagozkien adierazpenetan. Horiek inportanteak dira, baina babes nagusia urtean zehar aurrera eraman ditugun jardueretan atzeman dugu, jakinik askotan oso konplikatua zela. Aldiro egokitzen joan behar izan dugu eta antolatutako ekintza batzuk aldatu eta mugitu behar izan ditugu, eta zentzu horretan bai udalen aldetik bai Gobernuaren aldetik babes handia sentitu dugu. Baita gizarte eragileen aldetik ere. Nik baloratuko nuke, esaterako, Osasuna futbol taldeak bat egin duela Euskaraldiarekin, sindikatu ia denak egin dutela bat, babes hitzak jaso ditugula alderdi gehienetatik... Bestea? Ba, badakigu oraindik bidea egin behar dugula Euskaraldia zertan datzan kontatzeko eta hurrengo batean euren babesa eskuratzeko.

Herritarren aldetik, berriz, harrera ezin hobea izaten ari da, ezta?

-Orain ditugun zifrak joera erakusten digute eta bihar izen-ematea ixterakoan ikusiko ditugu behin-betiko zifrak. Ez dakit iritsiko garen 2018ko zenbaki erraldoi horietara: ordukoan 20.000 lagunek eman zuten izena Nafarroan eta 125.000 euskararen eremu osoan. Astelehen honetan 16.000tik gora lagunen izen-ematea izan genuen. Oraindik falta diren egunetan hurbilduko gara aurrekora. Izan dugun urtearekin aurreko Euskaraldiko zifretara hurbiltzeak esan nahi du herritarren aldetik gogoa, ilusioa eta babesa badagoela, eta engaiamendua ariketa honekin.

Eta aurtengo nobedadea, Ariguneena. Talde txikietatik handietara, arigune aunitz ikusiko ditugu 15 egunetan. Pozik zaudete, alde horretatik?

-Guretzat Nafarroan bereziki erronka zaila zen Ariguneena. EAE-n esan dezagun ibilbide luzeagoa dagoela enpresen arloan eta bestelako gizarte eremuetan, euskararekiko lotura handiagoa izan dute. Hemen nahiko berria zen eta guretzat erronka hortik zetorren, ea kapazak izango ote ginen eragile desberdinetara iristeko. Eta egia da lortu dugula. Lehen aipatu dudan Osasunaz gain bestelako enpresak daude, handi zein txiki; herrietako komertzioek ere bat egin dute eta hori, kontutan hartuta bizi-tzen ari diren egoera, ez dela erraza. Urratsa eman dute Euskaraldiarekin bat egiteko eta hori eskertzekoa da. Uste dut asmatu dugula mezua trasmititzen eta ohiko publikotik haratago iritsi garela sentitzen dugu. Oso esperientzia polita izaten ari da alde horretatik. Argi dago 2021ean denbora izango dugula Ariguneena lan-tzeko, 2022an are gune gehiago izateko eta modu aktiboagoan aritzeko.

Euskarak espazio horien beharra duela erakusten du Ariguneek izan duten harrera onak?

-Bai, gure bizitzaren ehuneko oso handi bat ematen dugu horrelako espazioetan: lantokia dela, elkartea dela, gure zaletasunei lotutako kolektiboak direla… Gure bizitza hor ematen dugu. Horietan ariketa txertatzea eta denak kontzienteki jokatu ahal dugula bistan jartzea urrats kualitatibo politena dela uste dut.

Ariketaz arago espazio horiek gerora mantendu ahal izatea izanen litzateke hurrengo urratsa?

-Ariketan sartu dira, beraz, gogoeta eta diagnostikoa egin dute. Hurrengo urratsak emateko ez dira zerotik abiatuko, beraz, uste dut zerbait geldituko dela. Gainera, aurrera begira ere segituko dugu, hau ez da urte solte bateko ariketa baizik eta errepikatuko dena. Ikusten dugu bai herritarrak bai Ariguneak erdigunean jarri behar ditugula hurrengo edizioetan. Izan ere, guneen identifikazioak eragiten du norbanako gisa bizi garen leku horietan kokatzea ariketa.

Euskararen erabilera eta hizkun-tza komunitatearen motibazioa lantzea izan du Topaguneak helburu mugimendua abiatu zenetik. Euskaraldiak, nolabait, Topagunearen sena hobekien azaleratzen duen ekimena dela erranen zenuke?

-Bai, erdian kokatzen duelako erabilera eta, gainera, modu praktikoan. Inportantea da aldeko jarrera izatea, are gehiago euskara ez dakitenena. Baina erabilera erdigunean jartzeko moduaren bila ibili gara urte askoan, gogoetatzen nondik jo genezakeen… Eta egia da Euskaraldiak eman digula aukera hori eta, gainera, modu masiboan egin ahal izatekoa. Guztiz bat dator Topagunearen helburu eta egiteko moduarekin.

1996an sortu zen Euskaltzaleen Topagunea. Ordutik egindako bidea luzea izan da, testuingurua nabarmen aldatu da… Hasierako erronka berdinak mantentzen dituzue egun?

-Testuingurua aldatu da eta parte hartzeko moduak ere aldatu dira. Horretara egokitzen joan behar izan dugu. Hasieran Topagunea tokiko euskara elkarteek sustatuta sortu zen, haiei zerbitzua emateko gune gisa. Denboraren poderioz eta 2000an ospatu genuen kongresuan hausnartu genuenaren ondorioz, beharra ikusi genuen Euskal Herri mailan indarra edo diskurtsoa hartuko zuen erakundea izan behar ginela. Gurea, behetik gora doan mugimendua izan da beti, euskaldunen saretzea bilatzen duena. Topaguneak gizarte mugimendua izan behar zuela ikusi genuen.

Zein erranen zenuke dela bide honetan eskuratu duzuen lorpen handiena?

-Hasi ginenean erabilerari garran-tzia eman genion, eta uste dut gaur egun diskurtso hori jendarteak barneratzea lortu dugula. Hasiera batean indar handia jartzen zen bestelako beharretan, bazeudelako bestelako beharrak ere, baina erabilera erdigunean kokatzea lortu dugula uste dut. Agente guztiek horretan begiak eta indarra jartzea ere. Gaur-gaurkoz erakundeetan hizkuntza plangintzak ikusi ditzakezu eta denek nolabait nabarmentzen dute erabileraren beharra. Beste gako batzuk ere badaude baina gako nagusietako bat da.

Zergatik uste duzu Euskaraldia hain sakonki errotu dela herritarrengan, hain denbora gutxian?

-Uste dut, alde batetik ikusi delako erakunde, agente, euskalgintza eta era guztietako eragileen babesa handia izan dela. Bigarren ezaugarri bat, ariketaren sinpletasuna da: bere konplexutasunean sinplea da. Ahobizi edo Belarriprest izatea aukeratu eta Ariguneak identifikatu: ongi ulertzen den ariketa bat da. Gainera, epe mugatua du, 15 egun. Jendearentzat egingarria den gauza bat da. Herriz-herri ilusioa pizteko ekimen bat dela ikusi da.

Alderdi emozionala ere gako nagusietako bat izan daiteke...

-Erabatekoa. Emozioa, gogoeta eta erronka, hiruak biltzen ditu.

“Nafarroan bereziki erronka zaila zen Ariguneena eta erantzuna ona izan da, mezuarekin asmatu dugu”

“Euskaraldiak euskararen erabilera erdigunean jartzeko aukera eman digu, modu masiboan gainera”

“Erakunde gehienen aldeko babesa sentitu dugu urtean zehar egin ditugun jardueretan batez ere”