Gezur hezurretik

Sorpresak

10.01.2021 | 01:29
Sorpresak

Bizitzak sorpresa asko ematen omen ditu, eta ezin ukatu tarteka ezustekoren bat hartzen dugunik. Baina beste zenbaitetan urak bere bidea egiten duela onartu besterik ez dugu, kontrakoa izango litzateke eta sorpresa.

Adibidez, Gabonetan birusarengatik inposatuak ditugun hainbat neurri moldatu edo arindu zituzten. Merkatua mugitzeko izango zen, eta ekonomia eta osasunaren arteko balantza ez da erraza izango kasu hauetan, ados. Baina ezin esan sorpresaz hartu dugula egun hauen ostean kutsatuen kasuak gora egin izana. Eta honek, tamalez, hildakoak gehituko dizkio dagoeneko mardul xamarra den zerrenda horri. Hau ere denok ulertzen dugunez, eta ustekabean harrapatu ez gaituenez, esan genezake gaizki hartutako erabakiak izan direla, ez? Hala baten batek bihotzez sinesten zuen egoerak hobera egingo zuela azken bi-hiru asteetako neurrien lasaitzeekin? Nire inguruan ez behintzat. Eta ez dut pozik entzungo berriz herritarron errua izan dela, egoera oso larria dela eta arduragabe batzuk garela. Noski norberaren ardura indibiduala dela neurriak errespeta-tzea, baina gozoki poltsa bat haurtzaindegian utzita azkar desagertuko litzatekeela onartzearen parekoa da egoeraren eboluzioa ulertzea. Gaizki dago asuntoa eta den-denak ez gara fidatzekoak.

Sorpresa ere ezin deituko diogu Kapitolioan gertatukoari. Suari putz eginda pizten den bezala, gizon laranja ilehoriak hauspotu ditu bere gisakoak hauteskundeen emaitzak ez onartzera, eta horrek egunotan ikusi ditugun gertakariak ekarri ditu. Ehunka pertsona Kapitolioan barrena ez hanka ez buru ez duen zerbait defendatzen. Gero esango dute Hego Amerikako edozein herrialdeetan, edo Ghanan aste honetan bertan ikusten diren zirko parlamentarioak lotsagarriak direla. Hortxe bada, demokraziaren izenean mundua salbatzen duten demokratak demokraten aurkako ekintza ez demokratikoak aurrera eramaten. Hortxe zirkoa, eta hortxe piztiak ere, baten bat adar eta guzti.

Piztia hauen gehiengoa zuria zen; itxuraz ekonomikoki maila ertain-baxukoak izan daitezkeenak, eta ziur aski ikasketa maila apalekoak. Edo hori saldu digute behintzat. Trumpen harropuzkeria erosten duten kanoi-bazka bete-betean. Baina ez ahaztu milioika bozka jaso zituela nahiko genukeena baino aztarna gehiago utziko duen ahozabalak. Eta denak ez dira barnealdeko estatuetako nekazari analfabetoak, ez eta gutxiago ere. Kapitolioa erasotu zutenen artean kasko, txaleko eta arma asko zeuden, eta bai, Trumpek hauspotuko zituen txingarrak, baina jendartea militarizatua izatearena lehenagotik dator. Ehiztarien artean tiro hotsak ez dira ezusteko. Gertatutakoa sorpresa baino, agian harritzekoagoa da lehenago gertatu ez izana. Euren etxea defenda-tzeko argudiopean armak eramateak arriskuak dakartzala ulertu beharko dute noizbait, eta 1791ko bigarren zuzenketa horri buelta eman. Sorpresak susto, eta sustoak tragedia bihur ez daitezen.