Egon, badaude. Zientziaren historia mugarriak ezarri dituzten emakumeez beteta dago, euren ibilbidea mespretsuz eta gaitzespenez josita egon den arren. Lorena Fernández Álvarez (Bilbo, 1982) ingeniari eta dibulgatzaileak egutegi batean ezarri ditu orain izen eta ibilbide guzti horiek, merezitako onarpena eskaintzeaz gain etorkizunean zientzialari izan nahi duten neskatoei erreferentziak eskaintzeko helburuarekin.

Aste honetan Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospatu da. Ospatzeko eguna edo aldarrikapenetarakoa?

-Bada, zoritxarrez, oraindik ere aldarrikapenak egiteko eguna da, egia baita STEM-en (Science, Technology, Engineering and Mathematics) esparruan, zehazki ingeniaritzetan, datuak okerrera doazela. Ministerioak estatu mailan eskaintzen dituen datuen arabera, informatikan matrikulatutako ikasleak dauden lehen urtean, 85-86 urtean, %30,12 emakumezkoak ziren, eta 2018-19an %13,17.

Zer dela eta eman da beherakada hori?

-Ingeniaritzaren kasuan oso gauza bitxia gertatzen da. Emakume ingeniari asko egon dira, ekarpen izugarriak egin dituztenak gainera. Norbaitek esaten didanean beharbada neskei ez zaizkiela gustatzen zien-tziak, esaten dut: "Orduan zer gertatu zen 1960ko hamarkadan eta aurreko urteetan, ingeniaritzan aritu ziren emakume horiek guztiak kasu berezia zirela?". Emakumeek zeregin bat zuten ingeniaritzan. Eta paper bat zuten, adibidez, informatikaren arloan, hardwarea garran-tzitsua zenean, softwarearen gainetik. Azalduko dut: ospea zutenak makinek egiten zituztenak ziren; eta ohiko zereginak, giza kalkulagailuak edo programazio kontuak, emakumeek betetzen zituzten. Egoera aldatu orduko, desagertu egin dira emakumeak.

Hau da, arlo hori prestigioaren eta onarpenaren alorrera iritsi denean, akabo.

-Horixe da. Eta oso argi ikusten da hori osasun arloan. Medikuntza oso karrera feminizatua da, baina horrek ez du eraginik botere-postuetan. Pandemia honetan oso deigarria egin zait beti mediku (gizonezko bezala) eta erizainez (emakumezko bezala) hitz egin izana. Arlo askotan bezala, botere-dinamikak nabarmenak dira oraindik.

Berriki ezagutzera eman diren datuen arabera, soilik neskatoen %7k ikusten du bere burua zientzialari bezala etorkizunean. Zein da erreferentzia faltak honetan duen eragina?

-Begien bistakoena da begiratu ahal izateko ispilurik ez baduzu, ezin duzula zure burua irudikatu. Erreferentzia horiek izan ditzaketen ondorioen adibide positiboak baditugu, baita fikziozkoak direnean ere. Bi adibide handi jarriko ditut. Bat, "Scully efektu" ezaguna izango litzateke, Expediente X telesaileko Dana Scully ospetsuan oinarritzen dena. Geena Davis aktoreak telesailak eta filmeak genero-ikuspegitik azter-tzeko fundazio bat sortu du. Halako batea, telesail honen efektuak aztertu zituzten, eta ondorioa argia izan zen: gaur egun zientzian dihardutenen eta Expediente X estreinatu zenean 12 urte inguru zituztenen artean, %63ak onartu zuen Dana Scullyren eragin zuzena izan zuela euren erabakian. Ildo berean kokatu daitezke, Gambito de dama edo Gose jokoak. Azken honen inguruan ere azterketa bat egin zen, eta ondorioztatu zen arkutiroko jardueretan parte hartzen zuten nesken kopurua nabarmen handitu zela. Nire-tzat, beste erreferente bat Uhura tenientea da, Star Trek sagakoa. Mae Jemisonek, espaziora bidaiatu zuen lehen emakume afroamerikarrak, beregan eragin zuzena izan zuela onartu izan du.

Emakume horien guztien ibilbidea zirraragarria izan da...

-Bai, baina kontuz ibili behar dela uste dut. Askotan, erreferente bikainak, ibilbide distiratsuak ezagutzera ematen saiatzen gara. Horrek ere eragin perbertsoa izan dezake, hau da, emakumeen arrakasta guztiz ohiz kanpokotzat hartzea. Horregatik, garrantzitsua da zientzia eta teknologian lan egiten duten baina maila geografikoan nahiz sozialean hurbilekoak diren emakumeak erakustea.

Zientziaren alorrean ibilbidea egitea lortu duten emakumeen kasuak halabeharrez akatsik gabekoak izan direlako, akaso?

-Bai, izan ere askotan "gelako emakume bakarra" izatearen efektu horrekin aurkitu dira. Emakume askok beren nortasuna ere atzean utzi behar izan dute, kanpoko pertsonatzat hartzen ziren espazio horretan sartu ahal izateko. Alde horretatik, oso garrantzitsua izan da, eta hala izaten jarraitzen du, ahizpatasun-sareak ezartzea. Horren adibide argi bat Anita Borg da, teknologian diharduten lehen emakume-taldea sortu zuena. Lau emakume bakarrik zeuden kongresu batera joan zelako egin zuen. Komunean aurkitu ziren eta han antolatu ziren sare hori sortzeko.

Sareak sortzeaz ari garela, berriki emakume zientzialarien inguruko gertakariak biltzen dituen egutegi bat sortu duzu: Women in STEM. Nondik sortzen da ideia eta zein helbururekin?

-Nire #Inspira saioetan erabiltzeko eta haurrekin lantzeko tresna gisa sortu zen ideia. Gure saioetako bat iraganeko eta etorkizuneko emakume garrantzitsuei buruzkoa da. Beti izan dut interes handia emakume horien bizitza ezagutzeko, eta pentsatu nuen egutegi batean jarriz gero errazagoa izango zela kontsulta egitea eta haurrak animatuko nituzkeela, adibidez, urtebetetzea noiz den eta norekin egiten duten bat ikustera. Emakume horiek ezagutarazteko aitzakia bat da.

Hari batetik tira egin eta mundu oso bat agertu zaizu, beraz.

-Bai, egia esan, ikertzen hasi eta konturatu naiz ez nekiela zientziaren mugarri handietan parte hartu zuten hainbeste emakume egon zirela. Istorio horietako batzuk izugarriak dira. Adibidez, kometa bat aurkitu zuen astronomoarena. Senarrari hainbesteko lotsa eman zion bere kideek emaztearen lorpenaren berri izateak, aurkikuntzaz jabetu zela. Bere bizitzako azken urteak arte ez zuen onartu.

Horren antzeko zenbat istorio izanen diren...

-Virginia Woolfek esan zuen: "Anonimoa emakume-izena da". Gizon izenez plazaratu diren material pila bat izango ditugu, dela gizonezkoek bereganatu zituztelako, dela soilik inizialekin sinatzen zutelako, Ada Byronen kasuan bezala. Beste askok gizonezko izen bat aukeratzen zuten euren ikerketak kontuan hartzeko. Zentzu horretan, egoera ez da hobea gaur egun. Hortxe dugu Katalin Karikoren kasua adibidez. Koronabirusaren aurkako txertoaren oinarrian dagoen ARN mezulariaren ikertzailea. Bere aurkikuntzaren berri eman zuenean inork ez zion jaramonik egin.

Historiari errepasoa ematen badiogu, segituan konturatzen gara emakume zientzialarietako asko bizi izan zela euren senarraren itzalpean.

-Bai, gehienek jasan dute "Matilda efektu" ezaguna, orain hain modan jarri dena AMITek (Emakume Iker-tzaile eta Teknologikoen Elkartea)egin duen #nomorematildas kanpainari esker. Kanpaina honek, aurkikuntzak ebatsi dizkieten emakumeak jartzen ditu erdigunean. Emakume horiek intelektualki crack batzuk izan dira, eta horrez gain, oztopo asko ezabatu behar izan dituzte. Adibidez, hezkuntzarako aukerarik ez izatea. Adibidez, Philippa Fawcett matematikariak lortu zuen puntuaziorik handiena Cambrigeko azken azterketetan, baina, jakina, arrakasta ez zen onartu, urte horietan emakumeei soilik ikasgeletan egoteko aukera ematen bai-tzieten. Kanpotik ebaluatzen zituzten, baina ez zieten titulu ofiziala ematen.

Eta emakume arrazializatuen kasuan zer erranik ez.

-Bai. Hor daude NASAren ingeniari ezkutuen kasua. edo Raye Montagueren kasua, ontziak diseinatzeko lehen softwarea garatu zuen emakumearena. Montaguek gauza askori aurre egin behar izan zion. Ez zioten inolako erraztasunik eskaini, ezta lantokira joateko ere: bere kabuz ikasi behar izan zuen gidatzen. Nixonek bi hilabetetan proiektu bat garatzeko eskatu zionean, 19 ordutan egin zuen. Oztopoz betetako lasterketa izan arren, helmugara iristea lortu zuen. Beste asko bidean geldituko ziren, noski.

Historia zientifikoa markatu zuten emakume horietako askok komunean dutena zera da, bere aurkikuntzak ez zirela aintzat hartu, ingurukoen mespretxua ere jasan behar izan zutela.

-Bai, eta guztiz indarrean dagoen gaia da. Adibidez, aerosolek Koronabirusarekiko duten arriskua sumatu zuen lehen ikertzailea ero-tzat hartu zuten, ez zioten kasurik egin. Gainbehera horrekin gizarteak galdu duena... Adibidez, Alice Stewar doktoreak jakin zuen minbizia zuten haurren erdiak amankomunean zutela haurdunaldian erradiografiak egin zizkietela. Ez zioten kasurik egin, bizkarra eman zioten, "gas-argia" deritzona egin zioten. 25 urte behar izan zituzten Stewartek zioena berresteko eta praktika hori uzteko. Zenbat minbizi kasu saihets zitezkeen?

Zein da genero rolek emakume zientzialarien ibilbidea onartzerakoan daukaten pisua?

-Nabarmenetako bat Dorothy Hodgkinen kasua da, besterik gabe, kimikako Nobel saria jaso zuen emakume bat, txikikeria bat. Hau izan zen titularra: "Etxekoandre batek Nobel saria jaso du". Gaur egun ere, zuzentzen ari den arren, horrelakoak gertatzen dira. Duela gutxi, Martera doazen suzirien abiadura aldatuko duen propultsio-sistema bat diseinatu du Fatima Ebrahimi fisikariak, eta hau izan da titularra: "Emakume fisikari batek propultsio-sistema bat asmatu du". Inori ez li-tzaioke bururatuko "Gizon fisikari batek€" izenburua. Izugarria da.

Dirudienez egoera ez doa hobera...

-Ez dakit positiboa naizen edo izan nahi dudan. Berdintasuna goma bat bezalakoa da; tira egiteari uzten diogunean, bere posizioa berreskura-tzen du. Oso garrantzitsua da tiraka jarraitzea, baina egia da, halaber, nik adin horretan inoiz egin ez nituen gogoetak ikusten ditudala inguruan ditudan 11 urteko nesketan. Geunden baino askoz hobeto gaude, baina oso poliki goaz.

Etorkizunera begira, nola hautsi kristalezko teilatu eta paretak?

-Hain zuzen, nik kristalezko korridoreez hitz egiten dut. Bizitzako titulazio edo espazio jakin batzuetarako askatasun-premisa faltsuaren pean gure haur eta gazteak zuzen-tzen dituztenak. Erronkak, asko ditugu esparru honetan, zulo asko baitaude emakumeen talentuak ihes egiteko. Alde batetik, nesken konfiantza landu behar da, izan nahi dutena izan daitezen, eta, batez ere, ausartak eta ez perfektuak izan daitezen. Bi, STEMekin lotutako estereotipoak ezabatzea. Hiru, fikzioaren eremua aldatzea, fikzioan, telebistan, publizitatean... genero-rolen bitarismoarekin. Familiak ere horretan sartzea garrantzitsua da. Jakina, emakume-erreferente asko izatea garrantzitsua da, horretan gaude.

"Erreferente faltaren ondorio argiena da begiratu ahal izateko ispilurik ez baduzu, ezin duzula zure burua irudikatu"

"Ahizpatasun edo sororitate sareak sortzea oso garrantzitsua izan da historiako emakume zientzialarien ibilbidean"

"Etorkizunaren inguruan baikorra naiz, nik egiten ez nituen hausnarketak egiten dituzte orain 11 urte dituzten neskatoek"