- Hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen atzo, partzialki, Frantziako Konstituzio Kontseiluak. 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla argudiatu zuen eta, beraz, Frantziako Hezkuntza Kodean ez da murgiltze eredua sartuko. Apirilean Martxan talde parlamentarioko 60 diputatuk hizkun-tza gutxituak erabiltzen dituzten eskolak diruz laguntzeari buruzko 6. artikuluaren kontra jarri zuten helegitea, baina artikulu hori ontzat eman du Konstituzio Kontseiluak.

Hala ere, gainerako artikuluak aztertzea erabaki du Konstituzio Kontseiluak eta 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoak direla ebatzi du. Artikulu horrek dio frantsesa dela Frantziako Errepublikako hizkuntza.

“Konstituzioaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide publikoko pertsona juridikoei eta zuzenbide pribatuko pertsonei frantsesaren erabilera inposatzen zaie zerbitzu publikoko eginkizun bat gauzatzean. Administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan partikularrak ezin dira frantsesa ez den beste hizkuntza erabiltzeko eskubideaz baliatu, ezta horren erabilerara behartuak izan ere”, dio Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak.

Ebazpenak hizkuntza gutxituen irakaskuntza bidezkoa dela dio, beti ere 2. artikulu horren eskakizunak betetzen baditu, baina hizkuntza gutxituen irakaskuntza murgiltze ereduan egitea Frantziako Konstituzioaren aurkakoa dela dio. Horrenbestez, Frantziako Gobernuaren iritziaren aurka, apirilaren 8an aldeko 247 botorekin onetsi zuten hizkuntza gutxituen aldeko legea ez da konstituzionala izango.

Erabaki honek ezinegona sortu zuen hainbat euskal kolektiboren artean eta erantzuna berehalakoa izan zen; Ikastolen Elkartearena izan zen horietako bat.

Ebazpenaren ondorioak “larriak” direla salatu zuen komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, batez ere, murgiltze ereduari dagokionean. “Gure ikastolak, beste behin, ataka larrian jarri ditu, eta berriro ere etorkizun ziurgabe baten aurrean ipini gaitu”, deitoratu zuen Ikastolen Elkarteak.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak euskalduntze prozesuan eta murgiltze ereduaren garapenean aurrerapausoak ematea “eragozteaz” gain, atzera egitea “behartu” nahi dituela salatu zuen oharrean. “Hala ere, Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok kosta ahala kosta defendatuko ditugu gure ikastolak; kosta ahala kosta defendatuko dugu murgiltze eredua; kosta ahala kosta defendatuko dugu Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea”, azpimarratu zuen.

Ikastolen komunitateko kideek euskaraz hezi eta bizitzeko asmoari “tinko” eutsiko diotela nabarmendu zuen eta gauza bera egiteko eskatu diete Euskal Herriko erakunde, hautetsi, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eta euskalgintzako eragile eta herritar guztiei ere.

Amaitzeko, apirilaren 8an hizkun-tza gutxituen aldeko legea babestu zuten diputatu guztiei frantsesa hizkuntza bakartzat “inposatzen” duen Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua kendu edo aldatzeko ekimen bat abiaraztea eskatu zieten.

Euskaltzaindiak ere Konstituzio Kontseiluaren ebazpena salatu zuen ohar baten bidez. “Euskaltzaindiak erabaki horrekiko erabateko desadostasuna agerrarazi nahi du eta lan egingo du hizkuntza gutxiagotuen, kulturen eta aniztasunaren alde arduratzen ari diren guztiekin, hizkuntza horien legezko babesa hobetzeko”, azaldu zuen.

“Euskaltzaindiak lan egingo du hizkuntza gutxiagotuek legezko babesa lortzeko”

Ebazpenaren aurka

“Gure ikastolak, beste behin ere, ataka larrian jarri ditu, etorkizun ziurgabe baten aurrean”

Ebazpenaren aurka