enix hegaztiaren gisan, baina performance tristeago batekin, berragertu da espainiako politikan alderdi laranja. Intxaurrez egindako itsasontzi txiki horiek errekan behera galtzen diren bezala, edo cowboy-ak iluntze aldera zerumugan desagertzen diren moduan irudikatzen nituen hiritarrak. Baina bat-batean pin-pan. Bi eztanda datoz Trumpen azal kolorea partekatzen duen alderditik. Hil baino lehen azken kolpea ematen duenaren moduan.

Batetik, euren lider gorena izan zen Albert Rivera lanetik bota omen dute. Politika utzi zuenetik bi urte iraun ditu abokatu bulego batean. Lanean esan behar nuen, baina Albert-en nagusiek diotenez, hori izan da despidorako arrazoi nagusia, lan falta.. Hala ere, bulegoak bere propaganda grina asetu du bi urtez, eta Albertek ere izan du aitzakiarik okupatua zegoela irudikatzeko. Laister izango da bueltan, adi.

Bide batez, Riverak, despidoagatik, lan egin duen urte bakoitzeko, bostehun eguneko kalte ordainak eskatu omen ditu. Bi potro hi, jendailarentzat 20 egun nahikoa direla bozkatu eta defendatu, eta berorrentzat bostehun eskatu. Bi urte bakarrik izan direla kontuan hartuta, agian praktiketako kontratua egin ziezaioketen hasieratik, beste guztioi ikasketak amaitzean irenstea tokatu zitzaigun bezala. Ziur horren aldekoa ere badela gure Albert, badakizue, esperientzia hartzeagatik ia ordaindu behar deneko hori.

Bestetik, pandemiari berari titularrak lapurtu dizkion lan erreformaren ikuskizuna ere izan dugu. Alderdi laranjak alderdi sozialista babestu du bozketan, eta beste zenbait bazkiderekin batera,erreforma aurrera atera dute. Beno, hori eta UPN-ko bi transfugei jokaldia gaizki atera zaielako, alderdi popularreko baten batek, berriz ere, ez zegokion botoia sakatu baitu. Ezin ahaztu Iturgaiz jaunaren ekintza hura. Txundigarria benetan, zirko honek eskaini ditzakeen ikuskizun anitz bezain penagarriak. Gogoratu Navarra Suman alderdi laranja ere tartean dabilela, aurrez aipatutako beste bi kideez gain, eta aste honetako maisu lan politikoa ikusita, agian koalizioari Navarra Summum jarriko diote izena. Maila gorena. Batek alde bozkatu, besteak kontra, eta hirugarrenak alde bozkatzeko asmoa bazuen ere, bi parlamentari bihurriek kontra bozkatu eta hala ere bozketa galdu. Eta irabazi zutenaren ustean ospatu gainera. Hamaika ikusteko jaioak bagara, honekin guztiarekin, hamalau.

Traizioa itsusia dela beti erakutsi digute, bai etxean, batai Hollywood-en ere. Baina sikiera, zure alderdia ipurdi bistan uztera zoazelarik, garaile atera zaitez alde batetik ez bada bestetik. Nafarroako bi summum hauena aldiz, ez dakit nola azaldu. Zubia gorriz josita dagoelako bertatik pasako ez direla esan eta ibaia oinez zeharkatzerakoan erdian gelditu. Ezin irteerara bueltatu, eta ezin helmugara iritsi. Cowboy-aren txapela jarri bai, baina errebolberrean balarik ez. No Credit.