Hezkuntza munduak gizartearen erritmoa jarraitu edo horren eragile izan? Erronka hori daukagu ikastetxeetan eta Zangozako Ikastolak, gizartearen eragile izatearen alde apustu egiten du eta horrela islatzen dugu gure Hezkuntza proiektuan. Gure ikasleen irteera-profilak hala ezartzen du, kooperatiboak, ekintzaileak, konprometituak, inguruko munduan modu aktiboan parte hartzen duten pertsonak hezi nahi ditugu eta horretarako ardatz desberdinak jorratzen hasi gara azken urte hauetan. Pentsaera konputazionala Haur Hezkuntzatik hasita lantzen dihardugu eta DBH3. mailan Tekno-STEAM deitu dugun ikasgaiarekin ibilbidea osatu dugu DBH4 arte, hau da, gure ikasleek ikastolatik kanpoko mundura salto egiten duten arte.

Ikasgaiaren oinarrian EKIMAKER proiektua daukagu, Ikastolen Elkarteak Mondragon Unibertsitearekin hasitako ELKARMAKER proiektuari jarraipena ematen diona. Horrek aukera ematen digu oinarrizkoak ikusten ditugun helburuak aurrera eramateko.

STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) arloetan ikasitakoak martxan jartzen ditugu, sormen esperientziaren bidez bokazioa sustatu nahiaz eta etapa ezberdinen arteko kooperazioa bultzatuz (Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza ikastolan bertan eta Lanbide Heziketarekin proiektuko beste parte-har-tzaileekin). Gainera, ikasleen beharren, gaitasunen, emozioen, nahien edo abilezien aniztasuna integratzen dugu eta estereotipoak eta genero rolak gainditzeko asmoz, erreferente positiboak eskaintzen dizkiegu.

Egunerokotasuneko arazo erreal bati nola aurre egin jakitea. Horretarako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako ikasleen irudimena probestuz, egunerokotasunean duten arazo baten aurrean, hura konpontzeko makina baten diseinua eskatzen zaie. Prozesuan DBH3. mailako ikasleak dituzte bidelagun eta lana osatzen dutenean azken hauei aurkezten diete, DBHkoek maketa baten bitartez errealitate bihur dezaten.

"Guztia txikien diseinuekin hasi zen. Ikasle bakoitzak marrazki bat egin zuen bere makinarekin, eta ondoan haren izen originala, definizioa eta deskribapena idatzi zituen. Eta ez ziren gaizki geratu! DBH3ko ikasleak hiru taldetan bildu ginen eta ikasle-talde bakoitzak diseinu bat aukeratu zuen. Aukeratu genituenak: Pinza-txikitinen laguntzailea, Robot lanzapelotak eta Gaileta eta esne dispentsadorea. Makinek, izenak dioena egiten dute. Berehala hasi ginen dena prestatzen; makinen zirriborroak egiten, bozetoak eta planoak, roboten mekanismoa pentsatu eta diseinatu, zerrenda beharrezko material guztiekin, etab. Eta orain maketaren eraikuntzarekin gabiltza. Bukatu bezain laster LHko ikasleei aurkeztuko diegu beraien makinaren maketa eta ikastolan gure proiektuak aurkezteko beharrezkoak ditugun euskarriak sortuko ditugu, egunerokoan bildutako informazio, argazki, marrazki eta diagramekin".

Zein izan da orain arteko lanen artean zailena? LHko ikasleekin ideia sortzeko saioa bideratzea. Adinari egokitutako azalpenak ematea haiek ulertu zitzaten.

Eta ezinbestekoa ikusten duzuen zein alderdi azpimarratuko zenukete?

Talde on bat sortzea lana aurrera ateratzeko. Taldean ondo antola-tzea, bakoitzak gustokoen dituen gauzak probestuz baina guztiok lan guztietan parte hartzen.

Gustora egon zineten makinen marrazkiak egiten? Bai, oso gustora. Marraztea gustoko dugulako eta oso Interesgarria izan zelako.

Gustoko duzue DBHko ikasleekin lan egitea? Bai, oso gustora egon ginen. Jatorrak dira eta elkarrizketa ematen dutelako.