Ezagutu nazazu... Errespetatzeko

01.04.2022 | 00:35
Erentzun Ikastolako 5. mailako ikasleak Maitasungraman elkarri mezu positiboak bidaltzen.

nafarroako gobernuak antolatzen duen ‘Aniztasuna aberastasun’ ekimenaren bosgarren edizioan parte hartzen ari da erentzun ikastola

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Aniztasuna aberastasun eskola lehiaketa antolatzen du 2018 urtetik. Honen bidez, balioan jarri nahi dira bizikidetza aberasten duen gizarte anitz bateko hiritar izateak eskaintzen dituen aukerak. Nafarroako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, eta Lanbide Heziketako ikasleek aniztasunaren inguruko hausnarketa egin eta haiengan ezberdintasunaren aurrean begirada inklusibo eta baikorra sustatu nahi da.

Aurten, V. edizioa ospatzen da, eta Aniztasuna aberastasun testuinguruaren barne, ikasle parte hartzaileek landu beharko duten gaia Ezagutu nazazu izenburupean dago. Honen helburua eta gaia kontuan hartuta, adinaren arabera 3 lan ezberdin egin beharko dituzte, lelo batekin lagunduriko marrazki kolektibo bat, argazki bat eta hori testuinguratuko duen testu labur bat, eta gehienez minutu bateko iraupena duen bideo bat.

Erentzun Ikastolako 5. eta 6.mailako ikasleek iazko edizioan parte hartu eta haien modalitatean saria jaso zuten aurkeztutako lanagatik. Ni ezberdina naiz gaipean, gure ikasleek haien ezberdintasunak aitortu zein besteenak errespetatu eta baloratzeari eman zioten garrantzia, desberdintasun horiek norberaren nortasunaren parte direlako eta denenak kontuan hartzeak aberasten gaituelako.

Iazko esperientzia aberatsa ikusita, aurten, Lehen Hezkuntzako gela guztiok hartu dugu parte. Izan ere, gurea Ikastola txikia izan arren, anitza da noski. Horregatik, aniztasunaren trataera eta eskuhartzeari, zein bizikidetza errazten duten jarrera eta balioak sustatzeari garrantzia eman eta sortutako beharrei modu eraginkorrean erantzuten saiatu gara beti. Gure helburuetako bat ikasleen heziketa integrala bultzatzea izanik, elkarlana eta berdinen arteko ikaskuntza eman dadin, giro aproposa sortu behar dugu gure ikasleen artean; elkarren arteko errespetua, onarpena eta bizikidetza ardatz izan behar dira.

Guzti honi erantzuna emateko, hainbat proiektu, programa zein ekimen eramaten ditugu aurrera Eren-tzun Ikastolan. Esan bezala, giroa sortzeak garrantzia handia dauka, ikasleen arteko harreman onak, positiboak bultzatu nahi dira eta horregatik, Ikastola Positiboen parte gara 2013 urtetik. Positivities izeneko proiektu honen helburua, ikasleen ongizatea bultzatzea da haien fun-tzionamendu optimoa lortzeko asmoz eta horretarako ariketa ezberdinak proposatzen dira astero. Egiten ditugun jarduera horietako ba-tzuk, iraupen zehatza duten arren, gure ikasleen arteko harreman positiboak bultzatu eta norberaren ongizatera eramaten gaituzten praktikak, denboran luzatu egiten ditugu ikasleek dituzten beharren arabera.

Egunero hiru gauza on ariketaren bitartez, egunero, joan aurretik gure ikasleek ikastolan gertatu zaizkien 3 gauza on pentsatzen dituzte eta ahoz zein haien egunerokoetan idatziz adierazten dituzte. Horrela, egunik txarrenetan ere, gauza onak gerta-tzen direla eta horiek baloratzen ikastea bultzatzen dugu, eta gure ikasleak etxera baikortasun sentsazioaz joan daitezen ahalbidetzen dugu.

Maitasungrama dinamikaren bitartez, astero sekretua izango den gelako kide bati mezu positiboak idaztea egokituko zaio, astearen bukaeran, mezu horiek jaso eta zeinek idatzi dien asmatzen saiatu, zein erantzuteko aukera izaten dute.

Horietaz gain, norberaren ongizatea bultzatzen duten beste ekimen batzuk ere egiten ditugu, eskola jazarpenari aurre egiteko Kiva programan ere hartzen dugu parte. Bertan besteekiko izan beharreko jarrerak aztertu eta lantzen ditugu jazarpena ekidin edo honekin bukatzeko asmoz, ikasleengan jarrera kritikoa eta errespetuzkoa sustatuz.

Irakasleon etengabeko prestakun-tza bultzatze lan honetan, Skolae programan sartu gara eta oraindik prestakuntza fasean gauden arren, lan batzuk egin ditugu Erentzun Ikastolan. Skolaeren bitartez, ikasleen arteko berdintasun jokabideak bultzatu eta honen aurrean ikasleen ikuspegi kritiko eta parte-hartzailea bultzatu nahi dira jarduera eta dinamika ezberdinen bitartez. Lehen Hezkuntzako 5. mailan, garrantzia handia eman diogu autoirudiari eta norberaren burua zaintzeari, besteak ere errespetuz eta maitasunez tratatzeko. Horretarako, Pentsamendu negatiboak zakarrontzira ariketa proposatu zitzaien, zeinetan ikasle bakoitzak identifikatu behar dituen zeintzuk diren beraren inguruan esaten dituzten gauza negatiboak, papertxoetan idatzi eta beste paper batean mezu horiek positibo bihurtu guk egin dezakeguna gehituz. Horrela zakarrontzira botako dituzte mezu negatiboak eta positiboekin geratu, hobetu behar dituzten gauza horietan modu baikorrean ekiteko.

Beraz, hasierako gaiari berriro helduaz, Erentzunen aniztasuna kontuan hartzen dugu eta gure ikasleek haien nortasuna eraikitze prozesu honetan aske aurrera egiten bultza-tzen saiatzen gara, betiere, elkarren arteko errespetua eta bizikidetza ardatz izanik. Balio horiek ezin ditugu lortu elkarren arteko ezagu-tza alde batera utzita, ezinbestekoa da gure ikasleek, besteen begi zein betaurrekoez mundua ezagutu eta ulertzea, haien begirada aberatsagoa izango baita anitzagoa den heinean

noticias de noticiasdenavarra