- San Fermin Ikastolan aniztasunaren gaia jorratzeko formakuntza lanketa berezia egin da urte luzeetan, baina, azken hilabeteotan, arreta berezia jarri dugu gai honetan. Inklusibitatea helburua baino, abiapuntua izan behar duela sinetsita, alde batetik, Rosabel Rodriguez psikologo eta pedagogoarekin goi gaitasunen inguruko lanketa egin genuen eta, bestetik, Palma de Mallorcako Colegio LLadóren eskutik, multinibel estrategiak garatzeko formakuntza jaso dugu.

Helburua ikasle guztiei, modu proaktibo batean, aukera berdinak eskaintzen zaizkiela bermatzea da eta, zentzu honetan, garrantzitsua da gogoratzea ez dela ikaslea gurera moldatu behar dena, baizik eta gai izan behar garela gu, hezitzaileok, aukera eskubide horiek bermatzeko.

Zentzu honetan, egunerokoan ematen den hezkuntza erantzuna garrantzitsua da, baina maila berean kokatu beharko genuke honen guztiaren inguruko lanketa kulturala. Izan ere, aniztasunean egunerokoan ikasleekin egiten den lanketa oso garrantzitsua da baina familiekin ere alderdi kultural hori lantzearen beharra ere ikusten ari gara, nekez egin dezakegulako askotan aurrera haien laguntzarik eta babesik gabe. Gure seme-alabek beharrak dituztenean, erraz ulertu eta babestu ohi ditugu egiten diren moldaketak, baina besteenak direnean ez ditugu berdin ikusten eta onartzen. Izan ere, zorionez, gero eta hedatuagoa dago gizartean aniztasunak eskaintzen digun aberastasunaren printzipioa, baina hori benetan gauza dadin, beharrezkoa da elkartasun handia erakustea eta horretarako familiak ere prestatzea.

Aniztasunaren lanketa zer den zehazten goazen heinean, argi ikusten ari gara, bestalde, gaitasun akademiko eta kognitiboak kontuan hartzeaz gainera, beharrezkoa dela beste hainbat aldagai ere kontuan hartzea: aniztasun familiarra, sexuala, kulturala... Izan ere, oso argi identifikatzen ditugu haur edo gazteen beharrak, adibidez, atzerapen mental batekin lotuta, baina ez dugu berdin ikusten, familia desegituratu batetako umeak jokabide ezberdinak izaten dituenean. Horregatik, garrantzitsua da dauzkagun marko mental horiekin erne egotea eta familiekin ere honen guztiaren lanketa egitea; honela, honi guztiari begirako lanketa egituratu bat sortzeari ekin diogu Lehen Hezkuntzan, familiei ere honen guztiaren inguruko hezkuntza eta formakuntza eskainiz.

San Fermin Ikastolan, aukera berdintasunak ziurtatzeko, baliabide berriak sortzen ari gara poliki-poliki.

Eskaintza pertsonalizatua da, ez indibidualizatua, gure helburua, laguntza berezia behar duten ikasle horiei tresnak eman eta hauek talde barruan garatu eta erabili ahal izateko aukera ematea baita. Bere aukera taldearen barruan izango duela ziurtatu nahi dugu, eta ez taldetik kanpo, modu indibidualizatuan, isolatua gelditzeko arrisku handia ikusten baitugu horretan. Zentzu honetan, aurrera eramaten ari garen Gero bat Gugan 2030 Hezkuntza Eraldaketa Prozesuaren baitan, gaiari sakontasunez heltzeko lan ildo bat zabaldu dugu.

Multinibel estrategiarekin, berriz, aurrerapenak eman dira ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan eta, berriki, egiten ari garen lanketa horren guztiaren feedback-a jaso dugu Colegio Lladó-ko Veronica Alfambra adituaren aldetik. Bide eder honetan, jarraipena egiten ari zaizkigu, hastapenean diogun moduan, aniztasunaren lanketa bide bat bezala ulertzen dugulako.

Artikulu honen goiburuan azpimarratu bezala, aniztasuna eta inklusibitatea ez delako helburu bat, abiapuntua baizik.