San Valentin egunaren aurrean, bi pertsona mota daude: alde batera uzten dutenak egun hau, beste edozein egunari baino kasu gehiago egin gabe; eta plan bat bikotean egiteko aukera ezin hobea ikusten dutenak.

Urte honetan, San Valentin eguna asteazkena izango da. Hala ere, ez dugu horregatik aurreratzeko edo atzeratzeko aukera galdu behar, eta asteburuan bikotekidearekin plan bat egiteko aukera izan dezakegu. Sakela doituenentzat, edo egun bateko plana bakarrik proposa dezaketenentzat, asteazkena egun aproposena izan ahal da ere bikoteko errutinatik ateratzeko.

Zinema

Nahiz eta beti esan den lehenengo zita baterako ez den planik egokiena, gure bikotea jada ezagutzen badugu, plan oso interesgarria izan daiteke. Pelikula zehatz bat ikustera hurbildu ahal gara, edota edozein pelikula ikusteko asmoz joan ahal gara.

Plan interesgarria ez ezik, ezer planifikatu ez dugunean azkar eta asko pentsatu gabe egin dezakegun plan bat da. Gainera, zinemaren onurak askotarikoak dira, eta bikotean ere eragina dute. Onuren artean estresaren murrizketa dago. Bakarrik edo bikotean bagoaz, estresa arindu egiten da plan dibertigarri baten bidez. Horregatik, bikote-tentsioak ere murriztu egin daitezke, ohiko estresaren artean, erosotasun-une bat aurkitze hutsagatik.

Gehigarri moduan, boloak

Zinema eta geroko ohiko plana afaltzera joatea da, baina sabela betetzeari uko egin gabe, plan ezberdin bat bila dezakegu: boloak. Boloetara jolasteko hainbat leku daude eta gainera, gehienetan, zerbait jateko eta edariren bat eskatzeko aukera izango dugu. 

Bizkaian, adibidez, Max Center-en aurkituko dugu bat, non boloak ez ezik, jolas areto bat ere badago. Plan ezin hobea izan daiteke bien arteko konbinazioa, non boloetara jolastu ondoren, hainbat motatako jokoak frogatu ahal diren: mugitzen den saskia, edo dantza-makina, besteak beste.

Asteburu bat kanpoan

Astean zehar zaila izan daiteke bikote-errutina apurtzea, gure egunerokotasunean mugiezinak diren hainbat zeregin aurkituko ditugulako: lana, familiarekiko betebeharrak… Baina horrek ez du esan nahi gure bikotearekin zerbait ezberdina egin ezin dugunik. 14an ez bada, ostiraletik iganderako plan bat egin dezakegu, eta noski, dirua kontrolatuz.

Nahiz eta urteak aurrera egin ahala, kontzienteago garen otsailaren 14rako diseinatutako planak marketin hutsa direla, badaude aukerak horrelako beherapen faltsuetan ez sartzeko. Gakoa, normalean, astebururako plana gure kabuz antolatzea izango da, dendetan eskaintzen dituzten aukerak alde batera utzita. Gure poltsikorako egokiagoa izango da gure kabuz spa edo bainuetxe bat bilatzea, adibidez, love plan deitutako pack-etan aurkituko ditugunak aukeratzea baino.

Egun bateko planak

Bizi ahal dugun beste egoera bat hurrengoa da: lan egiten dugu astean zehar, eta asteburua heltzen denean, ez daukagu diru kantitate nahikorik asteburu oso bat kanpoan pasatzeko edo ez dugu horretarako erabili nahi. 

Hori gertatzekotan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan egun bat pasatzeko milaka plan daude, non esperientzia ikaragarriak bizi ahal diren. Mendira joatea ez ezik, ohiko plan bat izan ahal dena, mendiko giroari plus bat gehitu ahal diogu.

Azken aldian oso famatuak bihurtu dira Vía Ferrata deituriko ibilbideak. Mendia maite dutenentzat, baina eskaladan arituak ez direnentzat, horrelako ibilbideak gero eta ezagunagoak bihurtzen ari dira. Mendian zehar, bide egokituak dira, non, oinez aurrera egin beharrean, mugimendu eta ariketa fisiko ezberdinen bidez aurrera egin behar duzu. Mendizaletasunaren eta eskaladaren arteko erdibidean kokatzen da plan hau. Gainera, maila ezberdinak daude, non K1 errazenak diren, eta K6 zailenak. 

Euskal Herrian momentuz Via Ferrata bakarra dago: Sobron herrian dago, Araban. Kasu honetan K5 mailako ibilbidea da, beraz, gure lehenengo saiakera izango bada, egokiagoa izango da Kantabriara mugitzea. La Hermida herrian ezagunenetarikoa aurkituko dugu bertan: El Millar. Ramales de la Victorian ere beste bat aurkituko dugu: El Cáliz, biak K1 mailakoak.

Eta opariak?

Ezin da ukatu opariek dakarten emozioa eta sorpresa. Ia mundu guztiak maite du opari bat jasotzea. Hala ere, opariak eta opariak daude, eta zientziak ere oparien gaia ikertuko du: oparien psikologia deitzen den ildo batek dio nahiago ditugula opari emozionalak materialak direnak baino. Hau da, nahiago dugu norbaitek bere denbora oparitzea esperientzia bat bizitzeko, gure eskura dagoen zerbait oparitzea baino.

Oparien psikologia deituriko korronte horrek dio lau osagaien bidez ikertu ahal direla opariak: finantza-kostuak, oparia erosten edo egiten emandako denbora, jasotzailearentzako opari egokia planifikatu eta aukeratzeko inbertitutako energia mentala, eta oparia lortzeko beharrezkoak diren kostu fisikoak.

Hala ere, nahiz eta lau osagarri horiek aipatu, psikologia korronte berak hurrengoa dio: Opari bat jasotzerakoan, denbora, energia mentala eta inbertsio fisikoa gehiago baloratzen da.