iruñea. 1200eko Araba, Gipuzkoa eta Durangaldeko konkisten ondoren, 1512koa Nafarroako Erresumaren subiranotasuna kolokan jarri zuen kolpe handiena izan zen. Aurten, gertakariaren 500 urteurrena betetzen denean, ez dira gutxi izan gai honen inguruan antolatu diren ekimenak, Nafarroaren ibilbide historikoan argia eman nahian. Azalpen helburu horretan, Udako Euskal Unibertsitateak ikastaro bat antolatu du egunotan, non Roldan Jimeno historialariak Nafarroako konkistaren eta bere eraginen inguruan solas egin duen.

Nafarroako konkistaren 500 urteurrenaren harira gertatutakoaren azalpen desberdinak aditu izan ditugu, baina, zeintzuk dira gertakizun hau ulertzeko beharrezko gakoak?

Konplexua da. Sinplekeria handiarekin hartu izan den gai bat da eta, askotan, egi historikoaren kontrako argudioak erabili izan dira. Adibidez, Nafarroako gerra zibila zela eta, gaztelarrak beaumondarrak laguntzeko iritsi eta konkista gauzatu zela... Hori askotan esan da eta esaten jarraitzen da, gizartean oso zabalduta dagoen ideia bat da. Baina arrazoiak oso konplexuak dira. Alde batetik, badaude arrazoi dinastikoak. 1505ean Fernando Katolikoa Germana Foixkoarekin ezkontzen da, Gaston IV. eta Leonor I. Nafarroako erregina izan zenaren alaba. Bere anaiaren eta iloben kontra borrokan aritu zen Nafarroako koroa bereganatzeko. Beste alde batetik, nazioartean dagoen testuingurua azaldu beharko genuke. Gaztelako eta batez ere Aragoiko koroak, Fernando Katolikoarekin; Erroma, augsburgotar eta Frantziako erregeen aurka lehian daude Italiako hainbat lurralde kontrolatzearren. Bi bloke sortzen dira: Erroma eta Fernando Katolikoa batetik eta, bestetik, Fran-tziak bultzatzen duen blokea. Hortik Pisako Kontzilioa sortuko da, 1511n. Nafarroak deus ikustekorik ez duen arren, Fernando Katolikoak egoera aprobetxatuko du Nafarroako errege-erreginak eskumikatzeko eta, bide batez, konkista justifikatzeko.

Erran duzun bezala Nafarroako gerra zibilak konkista justifika-tzeko erabili ohi dira, hala ere...

Bai. Baina gauza da garai horretan, XVI. mende hasieran, jada ez zegoela gerra zibilik. Tentsioak zeuden, bai, baina bake garai bat zen. XV. mende bukaeran zeuden gerrak amaitutzat ematen dira XVI. mendearen hasieran.

Nolakoa Nafarroako gizartea konkista gertatzen den unean?

Baketsua da baina barne-tentsioak ere badira. Hori bai, barne-tentsio horiek Fernando Katolikoak eragindakoak dira... Nafarroako erregeak, Katalina I. eta Joanes III.ak, diplomazia-lanetan jarduten dute konkista ez gauzatzeko euren eskuetan dagoen guztia egiten. Izan ere, beraiek konkista bat gauzatu behar zela ikusten zuten.

Jakina zen, beraz, Gaztelak interes handia zuela Nafarroako erresuman...

Bai, eta horren adibiderik argiena 1510ean Nafarroak Bearnorekin egingo duten konfederazioa da, hain zuzen albretarren bi lurralde horiek indartzeko, bai Nafarroa bai Bearno bera. Jakinaren gainean zeudela argi eta garbi ikusten da, konkista gainean dagoela, Nafarroako errege-erreginak ejertzitoa konkistari aurre egiteko prestatzen hasten direnean. Baina ez zuten ongi antolatzeko denborarik izan... Gainera, Gaztela sekulako potentzia zen, munduko potentziarik handiena, eta horren aurka egiteko gutxi zeukaten.

Behin konkista burututa, zein-tzuk izan ziren Nafarroako gizarte eta politika antolamenduan jasan ziren berehalako eraginak?

Eraginak berehala nabaritzen hasi ziren. Konkista uztailean burutu zen eta, abuzturako, Fernando Katolikoa errege bezala onartu zezatela eskatu zien Albako dukeak Iruñeko agintariei. Abuztuaren bukaeran Fernando Katolikoak berak Nafarroako koroa bereganatu izana justifikatzen du. Abendurako erregeorde bat jar-tzen dute, Diego Fernandez de Cordoba, eta ordutik erakunde berriak ezartzen dira inolako arazorik gabe. Horretaz gain, oso ekintza praktiko garrantzitsuak egiten dituzte, besteak beste, moneta aldatu eta Fernando Katolikoaren izeneko monetak ezar-tzea, Gaztela eta Aragoiko monetaren balio berdinean. Honek sinbolismoa handia dauka subiranotasunari dagokionez. Hasieratik, ogasuna, justizia... erakunde guztiak kontrolatu zituzten. Elizarekin gertatutakoa ere esangura-tsua da, izan ere, goi kargu guztiak, apezpikuak bezala, Gaztelakoak izango dira ordutik aurrera. Gaztelako erregeak izendatuko ditu Erromaren oniritziarekin, jakina.

Kontrarreformak pisu berezia izango zuen hor...

Bai, baina Kontrarreformarena beranduago iristen da, Karlos V. eta Felipe II.aren garaian. Konkista atzean gelditu eta protestantismoa nabaritzen hasten denean gertatzen da. Felipe II.ak elizbarrutiak aldatuko ditu. Baztan, Bortziriak eta Malerreka lehen Baionako elizbarrutian bazeuden, ordutik Iruñeko elizbarrutiaren barruan sartuko ditu, Pirinioak benetako muga politiko eta erlijiosoan bilakatuz.

Euskal kulturari dagokionez, zein ondorio izan zituen konkistak?

Jakina, ez da onerako izango, ez eta gutxiagorako ere. Baina euskararen atzerakada nagusia, Nafarroaren kasuan, XVIII. mendeak gertatuko da, borboidarrak boterean daudenean. Borboidarrek sekulako zentralismoa ezarri zuten, absolutistak ziren. Inperio bat hizkuntza bat lelopean, gaztelania inposatu zuten Euskal Herrian eta inperio osoan, baita Ameriketan ere. Bertako hizkun-tza indigena gehienak desagertu ziren.

Zein puntutaraino errango zenuke izan dela erabakigarria gertaera historiko hau Nafarroaren subiranotasunarentzat?

Erabatekoa. Nafarroak, bere historian zehar, gertaera oso garran-tzitsuak izan ditu bere subiranotasunaren galerari begira: 1076 urtea, Errioxa galtzen duenean; 1200 urtea, Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea galtzen dituenean; eta 1512a, bere independentzia galtzen duenean, nahiz eta Erresuma eta erakunde juridiko eta instituzional ugari mantendu. Baina egon badira ere beste data garrantzitsu batzuk, egungo egoeraren aurrekari zuzenak direnak. Beste urteurren ahaztu bat 1812koa da, Kadizko konstituzioak Nafarroako foruak erabat deuseztatu egiten dituenean, nahiz eta gero berreskuratu ziren. Hor ditugu ere 1839 eta 1841a, Nafarroa Erresuma izatetik probintzia izatera pasatzen denean. Konkistarena garrantzitsua da, zalantzarik gabe, baina ez da bakarra. Zalan-tzak ditut konkistak Nafarroako historiarako garrantzi berdina edo gutxiago daukan XIX. mendean gertatu zenarekin alderatuz...

Urteurrena dela eta, herri mugimendu garrantzitsua sortu da gai honen inguruan. Gizartea kon-tzientziatuagoa dagoela errango zenuke?

Urteurren honetan, 1912koan ez bezala, sekulako garrantzia ematen ari zaio konkistari. 1912an ez zen ukitu ere egin, orduan Navas de Tolosako gertakaria ekarri zen gogora gehienbat. Baina, aurten, konkistaren gaia komunikabideetan agertzen ari da etengabe. Konkistaren inguruan informaturik ez dagoenak nahi ez duelako izango da, informazio ugari jasotzen dugulako. Besteetan ez bezala herri mugimendu interesgarria sortu da konkistaren ingurua eta hori oso esanguratsua da. Jendeak oso argi dauka, nire ustez, Nafarroan gertatutakoa konkista izan zela.