Síguenos en redes sociales:

Silveira, zazpigarrenez txapeldun Nafarroako Bertsolari Txapelketan

lesakarrak 20 puntuko aldea atera zion atzo sotori Silveira, Soto, Lagoma eta Fernandezek lortu dute Bertsolari Txapelketa Nagusirako pasea

Silveira, zazpigarrenez txapeldun Nafarroako Bertsolari Txapelketan

iruñea. Silveira ez zen, alta, irabazle bakarra suertatu, izan ere, hurrenez hurren lehenengo bigarren, hirugarren eta laugarren postua egin zuten Soto (568 puntu), Erika Lagoma (558 puntu) eta Eneko Fernandezek (541,5 puntu) ere udazken partean hasiko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako paseak eskuratu zituzten.

Arratsaldeko bostak pasatxotan eman zitzaion hasiera azken saio handiari. Banaka, zortzi protagonista handiak taularatzen joan ziren Anaitasuna lepo bete zuen 1.500 zaleen txalo zaparraden artean bilduta: Oskar Estanga, Julio Soto, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Eneko Fernandez eta Jon Barberena. Txapela bereganatzea lortu zuen bertsolariak saio borobila egin zuen hasieratik. Zortziko handian nahiz zortziko txikian fin aritu zen eta puntuei erantzuten publikoa piztea lortu zuen. Kartzelako ariketan nabarmendu zen lesakarra, batez ere. "Seinalea jaso duzu, orain ez dago atzera bueltarik" gaiaren aurrean, Silveira etakide baten azalean sartu eta tentsioa mantentzea lortu zuen azken bertsoraino: "Urteak dira bizi naizela, pistola bat eramanez, askatasuna edo heriotza, lau haizetara erranez, ze bizi da hau jasan behar dena, besteen menpe izanez, horrela izan behar badugu, berdin izan zein izan ez, hogeita bost urte janez, hiltzeko prest nagoenez, askatasunik nahiz´ta ez lortu, honi bost tiro emanez, balio beza beste inor hil, ez dezagun gutxienez", bukatu zuen lesakarrak.

Sotok, bere aldetik, saio ona egin zuen, nahiz eta ez zituen Silveiraren aurka buruz-burukoa jokatzeko haina puntu bildu. Gorritiarra zorrotz ibili zen puntuei erantzuten eta sei puntuko motzean ariketa ederra osatu zuen Erika Lagomarekin batera, alkoholarekin arazoak dituzten bikote baten azalean sartuta: "Zure begien orbana, ezintasuna hor barna, zertan exeri aurrera, joan gintezke pixkana, nere eskua eman, har dezakezu laztana, alkoholetan ez dadila ito, gure harremana".

Lagoma bera ere, zortziko txikian errimaren batekin izandako irristadak irristada, fin aritu zen Anaitasunako oholtzan, azken lau urteetako atsedenaldiak ez duela bere bertso jarioan eragin ik izan erakutsiz: "Berriro sentitu naiz, oholtzan gustora, ez da alperrik pasa, joan zen denbora", aipatu zuen kartzelako ariketan. Hirugarren egin zuen lesakarrak, 2009an jokatu zuen finalean bezalaxe, eta Euskal Herrirako pasea eskuratu zuen.

Eneko Fernandezek zer erran baduela erakutsi zuen, ez soilik atzokoan, Txapelketa osoan zehar baizik. Bere lehenengo parte har-tzean, finalera iritsi eta laugarren postuaren eskutik Txapelketa Nagusirako atea irekitzea lortu du lesakarrak. Lasaitasunez aritu zen atzokoan Fernandez eta publikoaren txalo eztandak piztu zituen behin baino gehiagotan.

541,5 punturekin, Fernandezek bi puntuko aldea besterik ez zion atera bosgarren egin zuen Eneko Lazkozi. Seigarren postua Jon Barberena baztandarrarentzat izan zen, eta Oskar Estanga eta Aimar Karrikak egin zuten, hurrenez hurren, zazpi eta zortzigarren lekuak.

Nafarroako bertsogintzak indarrean dagoela erakutsi zuen berriro atzokoan. 31 bertsolarirekin, handiena izan den Txapelketa honek lurraldeko bertso-sarea zabaltzen ari den froga argia izan zen.

PUNTUAZOIAK Xabier Silveira. 588 puntu.- l Julio Soto. 568 puntu. l Erika Lagoma. 558 puntu. l Eneko Fernandez. 541,5 puntu. l Eneko Lazkoz. 539,5 puntu. l Jon Barberena. 526 puntu. l Oskar Estanga. 506,5 puntu. l Aimar Karrika. 480,5 puntu.

IRABAZLEAREN AGURRA

"Egoi, Arane, Jon eta Gaizka

Aipatu nahiko nituzke

Ama, izeba, aita, Igoa

Erki, Esti ta hainbeste

Muxu handi bat agur ta ohore

Presondegi zein herbeste

Zuei ere bai nafar euskaldun

Su hau ez baita dena ke

Beñat itxoin ordu bete

Amets bat behar dut bete

Baina Silveira goizero

jasan dutenak zuek zarete

Zuentzat beraz azken txapel hau

Solete eta Txabete".

JAKIN BEHARREKOATxapelketa handiena. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizio hau orain arte ospatutako handiena izan da, 31 bertsolarirekin. l Anaitasuna, lepo. Sarrera guztiak agortu ziren atzoko final handian. Denetara 1.500 zale inguru bildu ziren Iruñeko kiroldegian. l Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurten ekingo zaio berriro lau urtean behin ospatzen den Txapelketa Nagusiari. Silveira, Soto, Lagoma eta Fernandez izango dira bertan.