BILBO. "Nire poemarik ezagunenak hemen sortu ziren", eta Nerbioi zaharraren ertzetako bat seinalatzen du Atxagak. "Niretzat Bilbora buelta-tzea etxera bueltatzea da", dio. Fran-tzian presondegi batzuk bisitatu ostean, Obabakoak-en 25. urtemuga ospatzera etorri da bere gaztaroko hirira. Baina ospakizun eta omenaldien erdian, ezin ditu ahantzi preso bakartien begirakuneak: "Jende horren begirada leize bat da".

Gutun Zuria jaialdian ere hasi dira idazleak bidaltzen kartzelara...

Esperientzia izugarria da. Begirada apala, hila, makurtua dute presoek, gauza fisikoagatik, horma baino ez dutelako ikusten. Izugarria da be-raien begiraden atzean dagoen beltza, hor sumatzen baita hurbil daudela heriotzaren mundutik. Esperantzarik gabeko begiradak dira.

Markatu egin zaitu kartzelako bisitak.

Hura ikusi eta pena hitza etorri zi-tzaidan burura. Errekuperatu beharreko hitz bat: pena. Bidaia honetan ikusi dut hitz horren ostean dagoenaren atzetik abiatu behar naizela.

Zenbat ikusteko...

Idazlearentzat hori da politena. Ni maistraren semea naiz eta ikastea da niretzat bizitzako gauzarik zoragarrienetakoa, horrelako lekuetan ibili, ikusi eta ikastea... Eta hi-tzen atzetik ibiltzea, hitzak aztertu eta bilatzea, hitz egokiak...

...eta hitzak ez dira 'inofensiboak'.

Ez. Behin baino gehiagotan nire koadernoetan idatzi dut Faustok emango zukeela bere arima gaztetasunaren truke, eta nik emango nukeela nirea hizkuntza zer den jakiteagatik. Hitz egiteko gaitasunak eraiki du psikea, espiritua, arima, nortasuna, gizatasuna... Prometeikoa da hitza, sortzailea erabat... Horregatik kontuz eta tentuz erabili behar da, esaldi batean hitz bakarra alda-tzeak esaldiaren esanahia alda baitezake. Bai propaganda politikoa egiteko, jendearen kontzientzia pizteko, manipulatzeko, denetarako balio du... Esaterako, azkenaldi honetan izugarri pentsatzen dut azentuari buruz. Azentuan badago zer edo zer miresgarria, gure burmuinaren geruza konkretu batean eragiten duena, zaporeek eragiten diguten moduan. Eta idazki baten bitartez norbaiti burmuinaren alderdi hori aktibatzen diozunean, miresgarria suertatzen da.

Hitza horrenbeste zaindu guran, ez al zaizu idazte-prozesua neketsu egiten?

Tira, nik bidea egiten dut xehetasunetik, gertaeratxotik, hitz bat jasoaz... Hortik abiatzen zara eta ez dakizu nora joango zaren. Hor hasten da kontakizunaren genesia, eta horrekin asko disfrutatzen dut.

Bideaz gozatzen duzu, beraz.

Bai, erabat. Nire idazteko modua da. Abiatu eta idatzi. Hurrengoko egunean begiratzen dut zer idatzi dudan bezperan, eta agian aurkitzen dut helduleku bat, eta hortik segitzen dut, fikzioa bidea egitea baita.

Zure hurrengoko lana, 'Nevadako egunak', modu horretan landu duzu?

Bai, badu Obabakoak-en antza egituran. Esan dezagun esku artean daukadan liburu berri hau Obabakoak dela, baina ilea zurituta idatzi dudan Obabakoak. Eta horrek oso ezberdina egiten du.

Badirudi 'Zazpi etxe Frantzian' hobeto ulertua izan dela kanpoan. 'Nevadako egunak' lanarekin ere arrisku hori ikusten duzu?

Agian Euskal Herrian badago nirekiko neke bat, guztiz ulergarria. Urte asko dira, beti hor ikusi naute, eta ni ez naiz bakarrik idazlea izan; izan naiz, baita, intelektual organiko moduko bat.

Kanpoko irakurleari begira idatzitako nobela izan zela ere entzun nuen behin.

Ondo, baina zer esan nahi dute horrekin? Faborez, literaturari buruz hitz egiten denean enpirikotasun apur bat eskatzen dut. Nire lanei buruz itzelezko astakeriak esan dituzte, eta batzuetan agresibitate puntu batekin, eta hori onartu behar da, baina nik eskatzen dudana da datuak erabiltzea. Adibidez, esan zuten Behi euskaldun baten memoriak erdaraz idatzi nuela eta gero euskarara itzuli. Nondik atera zuten hori? Eta Zazpi etxe Frantzian ere... Nolatan diote kanporako ida-tzia dela? Estatu Batuetan arrakasta izan duelako? Galdetu didate niri?

Batzuetan badirudi euskal idazlea beti 'euskal' izatera kondenatu nahi dugula.

Guztiok gara hangoak edo hemengoak, denok daukagu geure gain zama bat, estereotipo jakin bat, baina idazlearen zereginetako bat da estereotipo horiei aurre egitea, arazoei erantzutea. Hori da kontu bat, eta beste bat bertarako edo kanporako idaztea. Nola egiten da nobela bat etxerako eta ez kanporako?

Hogeita bost urte bete dira 'Obabakoak' publikatu zenetik. Itxaro Bordari paradoxa begitandu zitzaion liburua, lehen irakurrian, "euskara eta euskal literatura hiritartu behar zela aldarrikatzen zutenek kontakizunak giro neo erruralaren baitan" kokatzen zituztelako.

Orduan ez zuen ezer ulertu. Esan dute, baita, exotismoa bilatu nahi izan dudala kanpoko irakurlea erakartzeko. Nola dateke hori? Adierazpen horiekin badirudi erregresio garaian gaudela, atzera egin nahi dugula denboran.

'Obabakoak' 'filologizatzeko' tentazioan ez zinen jauzi, behintzat.

Idatzi baino lehen teorizatu genuen horretaz. Argi geneukan kontu hori guztia Potten.

Eta narratzaile-zirikatzaile bihurtu zinen, fidagaitza.

Kaleidoskopikoa da Obabakoak, irakurleari planteatzen zaion joko bat, prestidigitazioa -batez ere liburuaren bigarren partea-, eta hor ez, ezin zara narratzaileaz fido.

Pentsatu zenuen irakurlegoan.

Lehendabizi, beti pentsatu izan dut ez dudala merkekorik egin behar. Eta gero agian bai, hurbileko irakurlea izan nuen buruan.

Jon Kortazarrek idatzi zuen behin "mundu baten analisi psikoanalitikoa" dela ia-ia.

Obabakoak-en atzean dago hipotesi bat: Obaba eta leku horietan ez dela psikologiarik, ez dagoela Sigmun Freud. Eta horri soluzioa emateko animaliak erabiltzen dituzu, edo mamuak.

Argi dagoena da 'Obabakoak'-ek lerro sendoa markatu zuela euskal literaturan.

Garai hartan nik planteatu nuen inork planteatzen ez zuen hipotesia: euskaraz idatzi ahal dut, euskaraz idatzi eta izan naiteke idazle profesionala, eta iritzi daiteke beste hizkuntzetara ere. Eta orduan hipotesi hori egitea... Nik uste jendeak barre egiten zuela nire bizkarretik.

Garai ilunak ziren euskararentzat...

Bai, baina noiz hasi behar dugu euskaldungoaren inferioritate sentimenduaz hitz egiten? Izugarria izan da, nik ere sentitu nuen hori, baina isildu eta irentsi beharrean joera agresiboa hartu nuen horren aurrean. Garai txarrak ziren, baina etorri nintzen Bilbora nire bandera edo aulkia jartzera.

Zentzu horretan, 'inferioritate' gabeko literatur taldea izan zen Pott.

Mitxelenak, Arestik, Txillardegik eta Joxe Azurmendik sartu ziguten gure hizkuntza eta kulturarekiko harrotasun bat, eta guk horri eutsi nahi izan genion. Eta esan behar da inguruko abertzale askok eta agintean zeudenek ez zeukatela inolako konfidantzarik gure zereginean. Oraindik ere ikusten dut inferioritate sentimendu hori: laugarren mailako idazle bat etortzen da Madriletik eta gurtu egiten dugu.

Eta zein harreman duzu orain mundu 'obabatiarrarekin'?

Bertolt Brechet-ek esaten du poema batean "beti eramango dut nirekin basoetako hotza", eta nik esango nuke "beti eramango dut nirekin nire erreka zuloetako umela" edo horrelako zerbait.