Bernardo Atxagaren liburuetan ohikoa da Obaba. Herri horretan kokatu dira Sugeak txoriari begiratzen dionean, Bi anai, Soinujolearen semea eta, batez ere, Obabakoak liburuak. “Askorentzat, Obaba toki magikoa da, baina asteasuarrontzat fisikoa ere bada”, azaldu zuen atzo Pilar Legarra Asteasuko alkateak. Atxaga bertan bizi zen bere haurtzaroan eta bere literaturan nabaria da hori. Bi herriak -egiazkoa eta fikziozkoa- uztartzeko eta ezagutzeko, Muskerraren bidea izeneko ibilbidea sortu dute Udalak eta idazle ezagunak, Donostia 2016ren laguntzarekin.
ibilbidea Bisitaria Asteasun barrena murgilduko da; baldosa horien bidea beharrean, Pello Errota Herri Ikastetxetik hasi eta musker urdinek markatzen dutena jarraitu beharko du. Horrela, 2.160 metrotan zehar, herriaren historia eta Obabarekin duen harremana ezagutzeko aukera izango du ibilbidea egitera animatzen denak. Horretarako, 17 geltoki jarri dituzte eta bakoitzean informazioz beteriko panela dago. Nahi duenak, bertan dauden QR kodeen bidez, audioak eskuratu ahal izango ditu, euskaraz eta gazteleraz, eta bestela, Muskerraren bidea izena daraman liburuarekin egin daiteke bidaia. “Gida bat da eta, aldi berean, tesi bat”, azaldu zuen Atxagak atzoko aurkezpenean. “Geltoki bakoitzarekin lotuta, nire liburuen testuak jarri ditut, Obabako zein istoriorekin loturik dagoen jakiteko, eta bestetik, Asteasuko historiarekin lotutako gertaerak ere kontatu ditut”, adierazi zuen idazleak. “Gainera, Ernioren magalean kokatutako herriekin estereotipo asko daude, eta horiek haustea izan da nire helburua”, jarraitu zuen.
Lehen geltokia ikastetxean izango da, eta bertan ahozko tradizioari buruz hitz egingo da, Pello Errota bertsolariaren etxea zenaren aurrean. Herriko elizan arteaz hitz egingo da, eta Juan Bautista Agirre, Lizarraga jenerala eta Antonio Arrueren etxeetan ere geldialdiak egingo dira, pertsonaia hauei buruz gehiago ikasteko. “Interes handiko pertsonaia ugari bizi ziren Asteasun, idazle oso onak, adibidez”, esan zuen Atxagak. Zerrategitik ere pasako dira, eta errepideetatik eta herriko okindegitik, besteak beste; idazlearen literaturan edo haur-tzaroan garrantzia eduki duten leku ugari lotuz. Horrela, hainbat baserri, toki publiko eta paisaietatik ibilbidea egingo da, udaletxetik pasa eta Tranpazulo parkean bukatu arte.
asteasu, bakana “Nire ustez toki hau bakana da, ezin da beste ezeren multzo berdinean sartu, administrazioaren aldetik Tolosaldearen eta Gipuzkoaren parte dela esan badaiteke ere”, azpimarratu zuen Atxagak, eta hori agerian utzi du bidelagun izango den liburuan. “Gainera, balio poetiko handia duen zonaldea da, bertan jazotako egoera zailengatik, adibidez”, gehitu zuen. Bere ustetan, beste herri batzuetako pertsonek ez dituzte hain ondo ezagutuko herri kirolak, ezta Asteasun hain ohikoak diren apustuak ere. “Nire helburua hori guztia erakustea da, eta baita jendearen usteen kontrakoa agerian jartzea”, nabarmendu zuen idazle asteasuarrak.
Gainera, bere literaturan Asteasu hain presente egotearen arrazoiak azaltzen saiatu zen. “Literaturak lantzen dituen gai unibertsaletara iristeko izpietatik abiatu behar da, gauza konkretuetatik; Anna Karenina, adibidez, emakumeei buruzko liburua da, baina Tolstoi pertsona batean oinarritu zen liburua idazteko”, adierazi zuen. Atxaga, berriz, bere haurtzaroko herrian eta istorioetan oinarritu da idazteko. “Askotan, 13 urte bete baino lehen bizitakoak erabili ditut abiapuntu bezala”, esan zuen.
Bestalde, Xabi Paya Donostia 2016ko kultura zuzendariak adierazi zuenez, Atxagak proiektuaren berri eman zienean euren laguntza ematea erabaki zuten, “gure balioekin oso ondo enkajatzen bai-tzuen”. “Oso barrutik pentsatutako proiektua da, Obabakoak euskaratik gehien itzulitako obra da eta gainera partaidetza eredu gisa balio du, herria inplikatu baita proiektua aurrera ateratzeko”, azaldu zuen.
inaugurazioa Ibilbidea ondo estreinatzeko, larunbat honetan proiektukideek Muskerraren eguna antolatu dute, asteasuarrei eta bertaratu nahi duen pertsona orori Muskerraren bidea ezagutzera emateko. Goizean hasita, salda beroa hartu ondoren, 12.00etan Atxagarekin batera hasiko da paseoa, haren eta beste hainbat gonbidaturen azalpenak entzunez. Arratsaldean, 17.00etatik aurrera idazleak udaletxeko ekitaldi-aretoan emango duen hitzaldia izango da abiapuntua, eta hortik aurrera musika nagusituko da, pare bat kontzerturekin. “Gainera, oso momentu polita biziko dugu, Obabakoak liburuan ageri den momentu bat berreskuratzen saiatuko baikara”, azaldu zuen Atxagak. Bertan, eskolako haurrak harmailen aurrean daude argazki bat atera-tzen eta ume batek beste bati muskerra sartzen dio kolkotik.“Larunbatean, argazki horretan atera ginen haurrak bilduko gara, edo gauden guztiak behintzat, jendea hainbat lekutatik etorriko delarik”, adierazi zuen.
Bestalde, liburua laister hasiko den Durangoko Azokan jarriko da salgai, eta aurrerago liburutegietara iritsiko da.
Ibilbidea. Muskerraren bidea Asteasuko Pello Errota Herri Ikastetxean hasiko da, bertan baitago bertsolariaren familiaren etxea. Ondoren, elizatik, hainbat baserritatik eta herriko paisaia ikusten den lekuetatik pasako dira, besteak beste, 17 geldialdi eginez. Guztira 2.160 metroko ibilbidea da, eta udaletxearen ondoan dagoen Tranpazulo plazan amaitzen da.
Edukiak. Lehenengo gaia ahozko tradizioa izango da, baina beste hainbat gai agertuko dira ibilbidean zehar. Adibidez, euskaraz, arteaz, herri kirolez edota apustuez ere hitz egingo da.
Liburua. Ibilbidearen izen bera daraman liburua ere argitaratu du Atxagak, “bidelagun, gida eta tesi” bezala definitu duena. Ibilbideko geltoki berdinak egiten ditu, bertako istorioak kontatzen ditu eta bere liburu zatiekin osatu du, puntu hori bere literaturan kokatzeko.
Larunbata 28. Datorren larunbatean, ibilbideari hasiera emateko Muskerraren eguna antolatu dute Asteasun. Goizeko 12.00etan, bidea egiteko aukera egongo da Bernardo Atxagarekin batera, eta arratsaldean hitzaldia eta bi kontzertu egongo dira.