BILBO - Aurkikuntza harrigarria izan da Mikel Prieto irakasleak egin duena. Ibon Sarasola euskaltzainak testuak aztertu eta balekoak direla ziurtatu du. Gaztelerazko bertsio horretan agertzen diren bi poema ez ziren 1964an Itxaropena argitaletxeak argitara emandako bertsioan ageri. Badirudi Arestik olerki horiek baztertu egin zituela (poemarioko lehen zatiko N eta bigarren zatiko I), Orixe sarirako aurkeztu ondoren. Miguel Arruza euskal idazleari eskainitakoak, Arestik harekin izandako polemika garratzaren ondorio dira.
Sarasolak dio Arestirenak direla testuak. Zuk zer diozu?
-Nabarmena da testu horiek Arestirenak direla. Argi dago, baita, poema bi horiek testu originaletik kendu zituela egileak. Eta biak euskaraz sortuak izan ziren lehenik, gero gaztelaniara pasatu zituela.
Zergatik diozu hori?
-Bertso neurrian eginak daudelako biak. Guk jada argitaratu genuen bietako bat, Euskal Komedia, Argitaratugabeak atalean, jakin gabe Harri eta herrikoa zela. Oharretan jartzen genuen beharbada lehen garaiko poema dela, bertsolarien neurriak eta bizkaiera erabili zuelako sarritan Arestik garai horretan.
‘Harri eta herri’ren lehen argitalpenerako kendu egin zituen. Zergatik uste duzu egin zuela hori?
-Inpresioa daukat poema bi horiek idatzita zeuzkala lehenagotik, bizkaieraz, eta liburuan sar-tzeko asmoa zeukala. Baina beharbada gero ez zituen kontsideratu egoki. Azken momentuan pentsatuko zuen ez zutela maila egokirik aurrekoekin batera joateko. Ustez, Nire izena eta Munduaren neurriaren alboan doa horietako bat, eta damutu egingo zen, hor poetika berri bat agertzen delako.
Eta arrazoia ez zen zentsura izango?
-Ez dut uste. Zentsurak ez zion oztopo handirik jarri obrari. Komentario txiki bat baino ez zioten egin Egun da Santi Mamina poeman. Antza, ‘esan noiz garen izanen gure etorkizunen jabeak’ esaldia ez zi-tzaion askorik gustatu zentsoreari, baina pasatzen utzi zuen.
80. hamarkadan egin zenuten lana zehatza izan zen, eta hala ere badira hari solteak...
-Bai, Arestiren lan osoa bildu genuen, ezagutzen genuen dena. Berarekin harremana izan zuten guztiekin egin genuen berba, baina orduan ere esan genuen litekeena zela gauza solteren bat hortik geldi-tzea, eta hara! Arestik kopia asko egiten zituen bere Olivettiarekin, kipula papera erabiliz eta ikatz papera jarriz tartean, eta gero kopia horiek lagunen etxeetan uzten dituen. Joxe Azurmendiri, Juaristiri... Esaterako, Juaristirenak Guardia Zibilak hartu eta ezabatu zituen.
Orduan, etorkizunean agertu daiteke besteren bat.
-Duda barik. Arestiren obra irekita dago, lan guztiak ez direlako aurkitu. Eta badakigu egon badirela, berak aipatzen dituelako gutunetan. Amaitu gabeko obrak, poema solteak... Desagertuta daudenak, batek daki non.
Eta non dago zuek jasotako material guztia?
-Euskal Herrian artxibo edo liburutegi nazional bat ez daukagunez, familiaren esku utzi genituen paper eta original guztiak. Gure hasierako ideia Euskaltzaindian gordetzea izan zen, eta badakit gestioren bat egin zela. Agian, bada ideia hori berreskuratzeko garaia, eta Euskaltzaindiak bere gain hartu beharko luke Arestiren originalak zaindu eta gordetzeko ardura.