Síguenos en redes sociales:

Patxi Zubizarretak ‘Laranja bat zaborretan’ ikuskizuna eskainiko du ostegunean

Musika, literatura eta irudia uztartzen ditu izen bereko eleberrian oinarritzen den emanaldiak

Patxi Zubizarretak ‘Laranja bat zaborretan’ ikuskizuna eskainiko du osteguneanOSKAR MONTERO

iruñea - Bidaia baten aitzakiarekin eta Laranja bat zaborretan eleberria abiapuntu hartuta, Patxi Zubizarretak performancera hurbiltzen den emanaldi berezi bat eskainiko du ostegunean Iturramako Civivoxean, arratsaldeko 19.30ean. Musika, literatura eta irudia eskutik joanen dira ikuskizunean, Zubizarreta beraren, Mintxo Cemillan margolariaren, Pello Ramirez musikariaren eta Felipe Barandiaran aktorearen eskutik; pobrezia eta aberastasunaren, Europaren eta Afrikaren edota erlijio kristau eta musulmanaren arteko harremanaren inguruko begirada kritikoa eskainiz.

Elkar Argitaletxeak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatutako emanaldiak, idazleak azaldu moduan, Laranja bat zaborretan eleberria du oinarritzat. Bertan, Zubizarretak Cairon (Egipto) bizi den Karabino gaztearen istorioa kontatu du. Karabino Mokattam auzoan bizi da, Zaborraren Hiria bezala ere ezaguna dena. Musulmanez inguratuta bizi arren, mutikoa kristau koptoa da, zabor biltzailea eta, batez ere, ameslari hutsa. Naguib pertsonaia itsuak Karabino gaztea liluratuko duten istorio eta ipuinak kontatuko dizkio. Aberastasuna eta pobrezia aurrez-aurre jartzen dituen eleberriko izpiritua da, egilearen erranetan, ostegunean eskainiko duten emanaldiaren funtsa.

Hartara, ez dira eleberriko testuak irakurriko. Nobela abiapuntu bezala baliatuz, zikoia batek Danimarkatik Marokora egiten duen bidaia bat proposatzen da, idazle ordiziarraren arabera: “Zikoina horrekin bidaiatzearekin batera, herrialdez herrialde egile desberdinen ahotsak ditugu: Danimarkan, Hans Christian Andersenen ahotsa; Alemanian Rafig Shamirena; Frantzian, Amin Maaloufena; eta Espainian, Toledoko itzulpen eskolaren istorioa jasoko dugu”.

Irakurketarekin batera, Felipe Barandiaran aktore lazkaotarrak Naguib itsuari ahotsa emango dio; Pello Ramirez musikari ordiziarrak txeloaren doinua gehituko dio eta Mintxo Cemillán margolari madrildarrak zuzenean artelan bat margotuko du. Idoia Arozena Elkar argitaletxeko ordezkariak azpimarratu bezala, “zentzumen guztien-tzat gozamen bat den ordubeteko emanaldia da, bizipenak dira, literatura da... Zerbait oso hunkigarria”.

“Begirada kritiko bat eskainiko dugu”, gailendu du Zubizarretak, “gogorra alditan, baina poetikoa betiere. Juan Mayorga idazleak esaten zuenari jarraituz, artearen eginkizuna munduaren zarata eta zikinkeriati jaso behar du artistak musika, usain ona, eta hori da transmititu nahi izan duguna”.

Mintxo Cemillán marrazkilariak eleberria ilustratu du eta, Zubizarretak gogoratu bezala, ikusleek bere lanaz gozatzeko parada izanen dute osteguneko emanaldian. Halaber, Pello Ramirez eta Felipe Barandiaranek musika eta ahotsa jarri diete nobelako kontakizunei.

‘Laranja bat zaborretan’. Ostegunean, abenduak 15, Iturramako Civivoxean, 19.30ean. Sarrera doakoa.

Egileak. Patxi Zubizarretaren izen bereko eleberrian oinarrituta, Mintxo Cemillan ilustratzaileak, Pello Ramirez musikariak eta Felipe Barandiaran aktoreak parte hartuko dute.

Antolatzaileak. Iruñeko Udala eta Elkar argitaletxea.

idoia arozena “zentzu guztien gozamenerako emanaldia da hau”

Elkar argitaletxeko ordezkariak adierazi bezala, ‘Laranja bat zaborretan’ emanaldia zentzumen guztiekin gozatzeko parada izango da. Hartara, euskaraz ez dakitenei ere zuzentzen zaie ikuskizuna, Zubizarretak azpimarratu bezala.