Lezo - Aurten ere Trapujale izango da Lezoko inauterien protagonista eta ostegunean, lezoarrek ongietorria emango diote. Lehenik eta behin, Herri Eskolan, 16.00etan eta ondoren, herriko plazan, 19.30ean, Trapujale Martizkone baserritik jaisten denean. Ez da baina, bakarrik iritsiko, alboan izango baititu alde zaharreko joaldunak eta musika taldeko kideak zein herritarrak.

Baina inauteri hauek zenbait berritasun izango dituzte. Alde batetik, ostegunean Lapurdiko Lekorne, Mendiondo eta Gerezietako ikastoletako haurrak, bataz beste 45 haur, etorriko dira otsailaren 8an, Lezoko inauterien hasiera ikustera eta dan-tzatzera, Trapujaleren dantza ikasi baitute. Udalak ongietorria egingo die haurrei arratsaldeko 19.00etan. Bestetik, Zirikuen Kalejira izango da lehenengo aldiz, ostiralean arratsaldeko 18.30ean Gurutze Santuaren plazatik abiatuko dena. Parte har-tzeko korri egiteko prest bertaratu beharko da.

Kalejirak izango dira asteburuko protagonistak. Larunbatgorri egunean, larunbatean, kalejira egingo da Lopene plazatik abiatuta arratsaldeko 16.00etan eta Gurutze Santuaren plazan amaituko da, txokolatadarekin eta Dj-arekin. (Eguraldi txarra egingo balu, kalejira Saldise plazatik aterako da eta txokolatada kiroldegiko frontoian egingo da).

Igandubelen, berriz, Murixka dan-tza taldeak kalejira egingo du 12.00etan, dantza taldearen lokaletik abiatuta Karlos Saldise plazara. Ondoren, 13.00etan, Zirikuen poteo-kalejira egongo da. 16.30ean, haur zinema egongo da Gezalan.

Astelehenarre egunean, 17.30ean mozorroen festa egingo da Karlos Saldise plazan eta bertan, hiru mozorro onenak sarituko dira. Amaieran, hurbiltzen direnentzat txokolatada egingo da.

Ohiturari jarraiki, Lezoko inauteriak Asteartebeltzean amaituko dira. 15.15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da Gurutze Santuaren plazan eta txokolatada ere egingo da. 19.00etatik aurrera, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan eta herio bidaiaren ondoren, Trapujaleri eta inauteriei datorren urtera arte agur esango zaie.

Udalak jaiez gozatzeko gonbita luzatu die herritarrei. Beste behin eskatu du arduraz eta errespetuz bizitzeko jaiak, eraso sexistarik gabeko jaiak izan daitezen.