iruñea - Euskaraldiaren harira eta kanpainarekiko atxikimendua erakusteko helburuarekin, hainbat dira Nafarroan abiarazi diren ekimenak. Horietako bat izango da bihar, Nafarroako Liburutegian ospatuko den Euskal Irakurle Taldeen I. Biltzarra, goizeko 9:30ean hasi eta eguerdiko 14:00etara luzatuko dena.

Hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera sustatzea xede duen ekimenarekin bat egitea bakarrik ez, eta Nafarroako euskal literatura eta irakurzaletasuna indarrean dagoela erakustea ere badu helburu lehenengo biltzar honek, antolakun-tza taldean egoteaz gain Nafarroako Liburutegiko eta Sarrigurengo liburutegiko irakurle talderen koordinazio lanetan aritzen den Ines Castiellak azaldu bezala. “Nafarroan euskaraz dabiltzan irakurle taldeak elkar ezagutzeko asmoarekin eta irakurle euskaldunek talde horien berri izan dezaten antolatu dugu hau. Bide batez, euskarazko literatura sustatzeko modu bat ere izan daitekeela uste dugu, bai taldeetako kide eta inongo taldetako kide ez direnen artean”.

Euskaraldiaren “aitzakiarekin”, irakurle taldeak koordinatzen aritzen diren lagun batzuk bildu eta biltzarraren ideia otu zitzaien, Castiellak argitu bezala. Lehenengo urratsa, Iruñean zeuden irakurle talde guztiak zerrendaratzea izan zen. “Pentsatzen genituen baino talde gehiago daudela ikusi genuen, ez bakarri Iruñea mailan, Nafarroa osoan baizik”. Denetara, 23 taldeko zerrenda osatu dute, ez bakarrik liburutegi publikoetaketan ari-tzen direnekin, baita elkarte edota liburu-dendetan sortu diren horiekin ere. Daudenak dira baina badiren guztiak ez daudela ere azpimarratzen du Castiellak, izan ere, zaila da azken urteetan nabarmenki areagotu den dinamika honi tamaina hartzea. “Talde gutxiago izanen zirela uste genuen, eta ezagutzen ez genituen talde asko daudela ikusi genuen. Frantzisko Deuna plazan dagoen liburutegian, adibidez, badago bat ezagutzen ez nuena, eta hori Iruñea erdian dagoela”.

Biltzarraren antolatzaileentzat pozgarria izan da Nafarroan dauden irakurle taldeen kopuruak azken urteetan nabarmenki gora egin duela ikustea. “Udaberrian irakurri nuen Argiako erreportaje batean euskaraz oso gutxi irakurtzen dela, eta horrela da, orokorrean gutxi irakurtzen da euskaraz gaztelerazko literaturarekin konparatuta. Baina behintzat ikustea Iruñea batean hainbeste talde daudela, hori pozgarria da”.

Taldeetako koordinatzaile desberdinek ere elkar ezagutzeko parada izanen dute gaurkoan, “sare moduko bat” sortzeko abiapuntua izan daitekeena Castiellaren iritziz. “Lortzen badugu, gure esperientzia eta zailtasunak elkarbanatzeko, hori ere interesgarria izan daiteke, bakarrik ez gaudela ikusteko. Besteek zer egiten duten eta nola egiten duten ezagutzen badugu, aberasgarria suertatu daiteke”.

Irakurle taldeen inguruan mugitzen direnei elkar ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, biltzarrak aldarrikapenetik ere izanen du, izan ere, “Nafarroan badaude euskaraz idazten duten idazleak, Nafarroan ere bagara nor euskal literaturan. Geure buruari ikusgarritasuna ematea ere bada honen helburua”.

Goizez abiatuko da jardunaldia, Anabel Arraiza aurkezle izango duen eta Vianako Printzea Nafarroako Gobernuko Kultura erakundearen zuzendari den Dori Lopez Jurioren ongi-etorriarekin; eta horren ondoren irakurle taldeen eta, orokorrean, Nafarroan euskal literaturak bizi duen egoeraren “paisaia orokor bat ematea” helburu izanen duen mahai-ingurua eskainiko da, Ipar Alkain, Leire Alonso, Izaskun Etxeberria eta Fertxu Izquierdo idazleak, Joxe Angel Irigarai Pamielako editorea eta Inma Errea itzultzailea solasean jarriko dituen saio batean.

“Jolaserako” parada ere eskainiko da eguerdian, Xabier Terreros eta Sarai Robles bertsolariak literaturaren inguruan abesten jarriko dituen saio batekin. Bertso-saioak, Mikel Taberna izanen du gai-jartzaile.

09.30. Harrera.

09.45. Ongietorria. Anabel Arraiza (aurkezlea) eta Dori Lopez Jurio (Kultura eta Vianako Printzea Institutuko zuzendaria)

10.00. Mahai ingurua nafar idazleekin. Irakurraldia: ‘39 idazle nafar’. Ipar Alkain, Leire Alonso, Inma Errea, Izaskun Etxeberria, Joxe Angel Irigaray eta Fertxu Izquierdo.

12.00. Kafea

12.30. Bertso literatur saioa: Mikel Taberna (gai-jartzailea), Xabier Terreros eta Sarai Robles.

14.00. Ekitaldiari itxiera

14.30. Bazkaria Askartza Jatetxean.

Booktrailerra. Kafe tartean, 2-3 minututako irakurketa motzak grabatuko du LABRIT Multimediak, booktrailer bat egiteko.

Oraindik irekita. Biltzarrean parte hartu nahi dutenek izena-eman dezakete oraindik..