BILBO. Suakaiko "Sustraiak" izeneko ikuskizunaren ondoren, Bilboko Udal Txistulari Banda formazio tradizional gisa bueltatuko da eszenatokietara astelehen honetan, urtarrilak 21. Kontzertua, jada ohikoa denez, Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan izango da, 19:30etan.

Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean (3 euro) eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan (3 euro) erosi ahal dira.

Garikoitz Mendizabal zuzendaria eta txistu lehena, Idoia Kareaga txistu bigarrena, Gorka Zabaleta eta Sabin Bikandi, silboteak, eta Iñaki Letamendiaren eskutik, perkusioa-atabala, emanaldian zehar, honakoak entzun ahal izango dira, besteak beste: Jose Luis. Ansorenaren "Portu (Lau ataletako alborada)", Aita Hilario Olazaranen "Harkaitzak", Pascual Pérez Chovíren "Lislorea" Jose Luis Ansorenaren moldaketekin, Luis Arambururen "Fandango Zaharra" eta Tomás Garbizuren "Oraingo aldian".

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal zuzendaria, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda"; Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"; "Hala ere" Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.