iruñea - Eneko Lazkozek, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ospatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko eserlekua ziurtatu du dagoeneko, izan ere, Etxarri-Aranatzeko bertsolariak garaipena eskuratu zuen joan zen igandean Atarrabian jokatu zen lehenengo finalaurrekoan. 250 bertsozale inguru elkartu dira herriko Kultur Etxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Lazkozek, 399 puntu bildu zituen denetara, eta tarte zabalarekin eskuratu zuen lehenengo postua. Haren atzetik, Xabi Maia (352,5), Aimar Karrika (349), Saats Karasatorre (335), Sarai Robles (326,5) eta Joana Ziganda (312) bertsolariak sailkatu ziren. Bost bertsolari hauek hiru finalaurrekoak igaro arte itxaron beharko dute, finalera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 8 bertsolari pasako dira finalera, finalaurrekoan aritu diren 18etatik.

Atarrabiako Herriko Kultur Etxean ospatutako saioak Maider Ansa izan zuen gai-jartzaile. Epaile lanetan berriz, Jon Abril, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza aritu ziren.

Hurrengo finalaurrekoa, larunbatean Datorren larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Etxarri Aranazko Kultur Etxean izango den bigarren finalaurrekoan, 17:30ean. Han ariko dira Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eta Etxarri Aranazko Xapatero tabernan eskuratu daitezke sarrerak. Saioaren egunean bertan, gainera, leihatila irekiko da 16.00etan, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira.

Azkenik, igandean, martxoak 10, Lesakan jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, finaleko zortzikotea zein izanen den erabakiko duena. - M.M.P.