Nafarroako Bertsolari Txapelketako 44. edizioko txapela Julio Sotorentzat izan zen, eta honekin bosgarrena eraman zuen gorritiarrak. 2017koan bezalaxe, Enekok Lazkozekin batera iritsi zen buruz-burukora, eta azken ariketetan eman zuen hoberena, batez ere kartzelakoan. Joxema Razkin bertsolariak jantzi zion txapela Sotori, Iruñeko Anaitasuna lepo bete eta dudarik gabe final eder batetaz gozatzeko parada izan zuten 1.350 bertsozaleen txalo-zaparradak babestuta. Bere azken bertsoa, bizitzari eta zoriontasunari eskaini zion txapeldunak.

Gorritiko bertsolaria ia ariketa guztietan nagusitu zen hasieratik, bai zortziko handian, bai bakarkako lanetan ere: puntuko ariketan eta gai-jar-tzaileek emandako gaiari erantzuten. Soto eta Lazkozen atzetik, Xabier Terrerosek egin zuen hirugarren, eta haren ondoren gelditu ziren Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Eneko Fernandez, Xabat Illarregi eta Xabi Maia. Denek ala denek izan zuten, hala ere, une azpimarragarriak saio osoan zehar.

Giroa, egun osoan zehar Iruñea bertsolaritzaren besta handiaren eszenatoki bilakatu zen atzo, egun osoan zehar. Eguerditik bertso-giroa nabarmena zen hiriko alde zaharreko kaleetan, eta 15.30ean Anaitasunako ateak ireki ziren unetik hasi ziren zaleak aretoa betetzen, gutxinaga, baina etengabe. Ohiko moduan, bertsolari bakoitzaren aldeko pankartak zintzilikatu zituzten jarraitzaile sutsuenek: Terreristak hil arte, 2015 III, 2017 II, 2019... kontubek atia!, Anai-ta txapeldun...

Publikoan, haur, gazte eta heldu, bertsolari eta euskal kulturaren inguruko aurpegi ezagunen bate ere ikusi ahal izan zen, denak ala denak bertsozale. Bertsoaren plaza, Nafarroan, osasuntsu dagoela argi gelditu zen, hartara.

Oholtza gainean, zortzi finalisten lehenengo agurrek argi utzi zuten bakoitzaren aldarte eta gogoa. Finalean lehenengoz aritu ziren Illarregi anaiei txalo zaparrada ederra oparitu zion publikoak, eta Joanesek lehen bertsoan erran bezala, “borrokara” heldu zirela erakutsi zuten biek ala biek, saio osoan zehar maila altua mantenduz, eta gazteak izanagatik eskarmentua badaukatela erakutsiz. Eszenatokiko beteranoak, Zelaietak, txapelketan jarraitzeko indarrean dagoela azpimarratu zuen bere lehenengo bertsoan: “Rockero zaharrak ez dira hiltzen / esaerak dio hala / ta nik garbi dut ahal dudan arte / hontan segitu nahi dudala / baina gaurkoa bizi nahi nuke / azkena balitz bezala”.

17.30eak aldean heldu zitzaion saio puntuagarriari, zortziko handiko ariketekin. Finalistek bertso-gogoz heldu zirela erakutsi zuten hasieratik, errefuxiatuak, emakumeen pornografia, Erorien Bailarako hildakoak eta futboleko indarkeria gaitzat izan zuen zortziko handiko lehenengo ariketan. Bertso-ale ederrak utzi zituzten zor-tzi finalistek hasieratik, elkarrizketa biziak osatuz eta bertsoak ongi betez.

Zortziko txikian egindako ariketek zirika eta barrerako tartea eman zuten. Terreros eta Maiak, musika talde bat duten bi anairen paperean, publikoaren algarak piztu zituzten: “Harrokeri guztia / gainean hartuta”, bota zuen Terrerosek, “nere anaiak orain, pinta txarra dauka, guztia omen zen guau, guau guau ta aupa, ta ahotsak dirudi, zakurraren zaunka”. Hamarreko txikian zein puntuari erantzunez ere bertso ederrak josi zituzten finalistek.

Buruz-burukoa 20.00ak aldean iragarri zuen gai-jartzaile lanetan aritu zen Alaitz Rekondo Bertsozale Elkarteko lehendakariak buruz-burukoa jokatuko zuten bertsolarien izenak. Saioa oso orekatua izandakoa zen ordura arte, eta dudak airean zeuden. “Eneko Lazkoz eta Julio Soto”. Zaleen txalo-eztanda izugarria izan zen, baita oholtzan gelditu ziren gainontzeko sei bertsolariena ere.

Bi finalistak fin aritu ziren elkarrekin abesten, baina bereziki nabarmentzekoak izan ziren kar-tzelako lanak. “Tolestu eta gorde egin duzu”, izan zen Rekondok proposatutakoa, eta bide guztiz desberdinetatik jo zuen bertsolari bakoi-tzak. Lazkoz, semeak 2019kobertsolari txapelketan irabaztea desio duen bere amaren azaletik abestu zuen, 2017ko buruz-burukoaren argazkia begiratu eta tolestuta gorde bitartean. Gorritiarrak, aldiz, bere testamentua prestatzen ari den laurogei urteko agurearen paperean sartu zen, eta bere alerik distiratsuenak bota zituen: ”... eta bai hi herio-tza / habil korri eta korri / inportarik ez diala /bizar beltz edo ume gorri / baino arren ez begiratu / Julio dena gure horri / pixkaten bizi nahi dik ta / oraindikan ez etorri”, bukatu zuen bere azken ariketa, atzo berriz ere Nafarroako txapeldunean bilakatu zenak.

Bertsoa, bizitzari.

Ez da uste bezain zaila

Zoriona aurkitzea

Besteei pakea eman

Zein norberak sentitzea

Baldintza derrigorra da

Orainean gelditzea

Burua atzoan edo

Geroan ez ipintzea

Nahiz gertatu gozatzea

Bezelaxe sufritzea

Ondoan norbait sortzea

Ondoan norbait hiltzea

Nahiz gertatu gozatzea

Bezalaxe sufritzea

Bere poz eta bere min

Ederra da bizitzea

Sailkapena

Julio Soto1172

Eneko Lazkoz1114,5

Xabier Terreros635

Joanes Illarregi631

Julen Zelaieta626,5

Eneko Fernandez620

Xabat Illarregi608

Xabier Maia597

1350

Iruñeko Anaitasuna kiroldegia lepo bete zuten bertso-zaleek atzo, Nafarroako bertsogintza bizi-bizirik dagoela erakutsiz.

Emakumeak, oholtzan ez baina gaietan bai. Finalisten artean emakumerik egon ez bazen ere, generoa, identitatea, emakumea eta sexualitatea bezalako gaiak hainbat unetan atera ziren atzokoan. Buruz-burukoan, adibidez, sexu-aldaketa egiteko tratamendua hartzen ari den iloba baten aitonaren paperean jarri behar izan zen Julio; eta sei puntuko motzean, ipuinak berridaztea erabaki duten ipuinetako printzesetan bilakatu ziren Lazkoz eta Soto.