iruñea - Iruñeko Udalak antolatzen duen Haurrentzako Euskarazko Antzerki Testuen lehiaketan garaipena eskuratu ondoren, larunbatean Nafarroako Antzerki Eskolako eszenatokira iritsiko da Goiz Eder Iturainek idatzi eta Irantzu del Vallek zuzendutako Mikaela Paela obra. Atzo Iruñean eskainitako aurkezpenean zuzendariak berak “alegiazko abentura” bezala definitutako an-tzezlana arratsaldeko 18.00etan hasiko da. Sarrerak aldez aurretik erosi daitezke, bai NAEko webgunean baita bertako leihatilan bertan.

Antzezlanak, zazpi urteko Mikaela neskatoa izango du protagonista. Lehen eskola-eguna du ikastetxe berrian. Ikasgelara iritsi eta berehala, egoera gatazkatsua sortu da Mikel ikaskidearekin, eta Mikaelak desegoki erantzun du horren aurrean. Antzezlanak aurrera egin ahala konturatuko da eltxo baten ziztada arraroagatik izan dela. Antidotoa aurki-tzeko, Mikelak, bere adiskide Izarrekin batera, abentura fantastikoa biziko du baso magikoan, eta horrela lortuko du Mikelekin dituen desadostasunak konpontzea.

Zuzendariak zein aurkezpenean parte hartu zuen Garazi San Martín antzezleak aditzera eman zuten bezala, obra dinamikoa da, non gorputz adierazpenak, musikak eta umoreak berebiziko garrantzia duten. Bertan, haurtzaroko alegiazko mundua birsortzen da, bai pertsonaien eguneroko egoeretan bai beren barne-bizipenetako fantasia handiagoko testuinguruetan ere.

Larunbateko paseaz gain, obraren lau emanaldi gehiago egonen dira (goizez eta arratsaldez) datorren astelehen eta asteartean ikastetxe desberdinetatik bertaratuko diren ikasle-taldeentzat. Astelehenean oraindik lekua badela gogoratu zuten atzo.

Gorputz adierazpena eta sentimenduak Mikalela Paela antzezlana irabazlea izan zen lehiaketaren XXVII. edizioan, 2018an, non guztira 48 lan aurkeztu baitziren, horietako 41 gaztelaniaz eta 7 euskaraz. Saria: 2.500 euro, dirutan, baita ere antzezlana ekoiztu eta taularatzeko aukera, larunbatean gauzatuko dena.

Lehiaketaren epaimahaiak Mikaela Paela aintzat hartu zuen istorioaren interesa, testuaren oparotasuna eta ikusgarria izan litekeen taulara-tze-aukera medio. Atzokoan Del Vallek azpimarratu zuen bezala, pertsonaia desberdinek irudikatzen dituzten sentimendu eta emozioak dantzaren eta gorputz adierazpenaren bitartez irudikatzen dira an-tzezlanean.

Irantzu Sánchez, Garazi San Martín, Samuel Quel eta Irati del Valle aktoreak izango dira pertsonaia horiek taularatuko dizutenak, halaber.

Larunbatean, 18.00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 6 eurotan daude salgai, NAE-ren webgunean eta antzokiko leihatilan bertan.

Egilea. Goiz Eder Iturain Aramendi.

Zuzendaria. Irantzu del Valle.

Aktoreak. Irantzu Sánchez, Garazi San Martín, Samuel Quel eta Irati del Valle.

Ekoizlea. Iruñeko Udala.