BILBO. Pabellón 6ko Gazte Konpainiak Los aborígenes lana antzestuko du Arriaga Antzokian, maiatzaren 8an, 19:30etik aurrera. Felipe Loza arduratuko da muntaketaz, dramaturgiaz eta zuzendaritzaz.

Etzi, asteazkenean, maiatzaren 8an, 19:30etik aurrera ikusi ahal izango dugun Los aborígenes antzezlanak, Lorcaren lan anitzak erakusten duen genero eta erritmo amalgama indartsua aurkezten du. Joan den mendeko 20ko eta 30eko hamarkadatan egindako lanaren bilakaerara hurbiltzeko aitzakia da. Bere testuetan oinarrituta berreraikitako autobiografia, bere bizitzako gertakari garrantzitsuenetako batzuk erakusten dizkiguna eta garai hartako eta garai guztietako beste bi jeinurekin, Salvador Dalírekin eta Luis Buñuelekin, izan zuen harremanean sakontzen duena.

Lorca, Dalí eta Buñuel; adiskide, konplize, maitale? Los aborígenes antzezlanak, hiru gazte horiek Institución Libre de Enseñanzako Ikasleen Egoitzan izan zuten topaketa gogorarazten du. Izan ere, txantxa eta egia artean, euren garaiko kultur paradigma aldatu zuten eta, euren antzeko beste batzuekin batera, munduko artea betiko irauliko zuen imajinarioa eraiki zuten. Albert Einstein, Sigmund Freud eta André Bretón hizlarien eraginpean, tradizio kultura hispaniarrean errotutako hiru artista gazteak Europako abangoardien lurralde ezezagunak ezagutzeko bideari ekin zioten, gaztetako hormonen eflubioen eta Madrilgo tugurioetako alkoholaren artean. Ergelkeriaren diktadurak dena apurtu zuen.

Gazte energia

Pabellón 6ko Gazte Konpainiak hiru sortzaile haien intentsitatea eta bizitasuna transmititzen du oholtzatik. Energia lehergarriak, dinamismoak eta bizitzeko pozak definitzen dute Grace Doniz, María Cerezuela, Unai Elizalde, Eneritz García, Kepa García, Josh Ortiz de Zarate, Nahikari Rodríguez, Jon Casamayor eta Yeray Vázquez antzezle gazteen lana. Horrez gain, azpimarratu behar da antzezlanak hainbat genero hartzen dituela eta, horrela, antzezleek moldakortasuna erakusteko eta hainbat interpretazio estilo lantzeko aukera dute, dramatik txotxongiloen teknikara, fartsa klasikotik naturalismo poetikora, espresionismora eta interpretazio oniriko surrealistaren tonu alternatibora.

Pabellón 6ren ekoizpen lanak estetika basatia du, eta gorputz perkusioan oinarritutako estilo koreografikoa erabiltzen du, Rafael Eizaguirre klake dantzari eta koreografoaren gidaritzapeean. Horrez gain, eszenografia digital deigarrian islatzen den osagai fisiko garrantzitsua du, Naiel Ibarrolaren eskutik etorriko diren proiekzioekin, Modernismotik Kubismora eta Surrealismora doazen atmosferak sortuz. Elementu plastikoak, atrezzoko materialak eta jantziak Sandra Quintanillak diseinatu eta egin ditu, Bea Ginelen laguntzarekin. Eduardo Berjaren eskutik etorri den argiztapenak, antzerkiaren barruan dagoen antzerkiaren kontraste espresionista eta surrealismoaren errealitate onirikoan murgiltzea bilatzen du. Hau da, irudietan aberatsa den antzerkia lortzen da, eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien baliatuz.

Azpimarratu behar da, baita ere, Lorcaren biografian hain garrantzitsuak diren abestien entseguak Iñaki Maruri musikari eta antzezleak zuzendu dituela. Mitxel Santamarina izan da zuzendaritza laguntzailea, eta ekoizpena Paula Gómezen ardura izan da.