iruñea - Udaberriak kolorea bakarrik ez, eta musika ere ekartzen du urtero nafar hiriburura, hein handi batean Kantu eta Hitza zikloari esker. Descalzos kalean kokatzen den Erraldoien Txokoa hartuko du aurten ere eszenatokitzat Iruñeko Udalak antolatzen duen zikloak, ostegunero, aste honetan abiatu eta ekainaren 27ra arte. Toki atsegina, programaren apustuaren tamainakoa. Izan ere, formatu txiki eta kalitate handiaren aldeko aldarria egin du betidanik 1997an abiatu zen zikloak. Euskal musikariak, bertako publikoarentzat.

Aurten, Petti beratarrak emango dio hasiera zikloari ostegun honetan, eta haren ondotik joanen dira, asteroko maiztasunarekin, Olatz Salvador, Rolan Garces, Maite Larburu, Maddi Zubeldia, Xabier San Sebastian eta Peio Ospital. Formatu txikiko zazpi kontzertu, muska-estilo askotarikoak, artistek beren azken lanak ezagutzera emateko baliatuko dituztenak.

Pettiren kontzertuari dagokionez, musikari beratarrak atzo Iruñean eskainitako zikloaren aurkezpenean azpimarratu zuen bezala, “emanaldi berezia izango da errepertorioaren aldetik eta musikarien aldetik”. Horretarako, musikari eta lagun handiez inguratuko da: Juantxo Zeberio piano-jotzailea teklatuan, Lutxo Neira kontrabaxuan eta Joseba Irazoki beratarra, Pettiren ohiko musikaria, gitarran. Azken honek “bere ikutu elektrikoa emango die kantuei”, nahiz eta kontzertu akustikoa izanen den. Gehienbat bluesa eta folka nagusituko dira kontzertuaren estiloan.

Zikloaren izenari berari omen eginez bezala, beratarrak kantuen hi-tzari emanen dio garrantzia. “Aukeraketa berezia egin dut horretarako. Musikak hitzak beztitzeko balio duela uste dut, hitzen erranahia musikarekin errazago sartzen da, jendeak errazago hartzen du”. Hala, Harkaitz Cano, Pello Lizarralde eta Eneko Barberenarenak agertuko dira errepertorioan, besteak beste. “Musikaren eta hitzen kalitatea orekatzen saiatu naiz”, zehaztu zuen Pettik.

“Eskertzekoa da Iruñea batean, gauzak dauden moduan eta datorrenak ikusita, horrelako ekimenak antolatzea, bai guretzat bai herriarentzat”, azpimarratu zuen beratarrak. Izan ere, euskal musikak hiriburuan finkatu duen hitzordu bakanetakoa izatea lortu du Kantu eta Hi-tza zikloak bere ibilbidean. Edizio berriaren aurkezpenean Maitena Muruzabal Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura alorreko zuzendariak adierazi moduan, “ez da erraza kulturan halako programa batek horrelako jarraipena izatea”. 1997an hasi zuen ibilbidea Kantu eta Hitzak, eta ordutik irizpide finko batzuei jarraitu die: “Kalitatea, aniztasuna estiloetan eta emakumearen presentzia programan”.

Kontzertuak, ostegunero Erran bezala, emanaldi guztiak ostegunetan eskainiko dira, 20.30ean, ea sarrera librea bada ere gonbidapenak hartu beharko dira aldez aurretik, Erraldoien Txokoan bertan, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik. Pettiren ondotik, hilaren 23an, Skakeitan taldeko teklatu jotzaile Olatz Salvadorrek bere lehenengo bakarkako diska aurkeztuko du: Zintzilik. Hilaren 30ean Rolan Garcesen txanda izango da. Iruñeko hainbat talderekin aritutakoa (Astrovandals, Granero Distorsion, Gravelites), Rolan&Loop abestiak izeneko bakarkako lehenengo diskoa aurkeztuko du, non folk, country eta blues estiloak uztartu dituen.

Musika aniztasunaren barnako ibilbidean, Maite Larburu hernaniarraren emanaldia eskainiko da ekainaren 6an. Hernani eta Amsterdamen artean bizi den biolin-jotzaileak Neighbor taldea sortu zuen Josh Cheatham zangobiola-jotzailearekin, eta oraingoan bere lehenengo bakarkako lana aurkeztera dator, Hezurren azpian, euskarazko hamaika kantaz osatzen dena.

Kantu eta Hitzaren azken txanpan, musika ibilbide luzeko artistek emango diote itxiera zikloari. Ekainaren 13an, Maddi Zubeldia abeslari eta idazle ziburutarra oholtzaratuko da. Kontzertuaren ardatza bakarka egindako azken diskoa izango da, Zimurrak baleki, non musika eta olerkia folk giroan uztartzen dituen. Xabier San Sebastianek, Izotz eta Alboka taldeetako kide izandakoak, 2004an ekin zion bakarkako ibilbideari, eta ordutik igaro diren urteetan esperimentaziora hurbildu da, folk eta rockean ere aritu ondoren. Ekainaren 20an izanen da haren emanaldia. Amaitzeko, ekainaren 27an, Peio Ospital bertaratuko da Erraldoien Txokora. Pantxoa Carrèrerekin 40 urte baino gehiago ibili ondoren, bere lehenengo bakarkakoa aurkeztuko du: Arnasa... Hatsa... Bizia.

Maiatzak 16. Petti, ‘Bonberenean zuzenean’. Joseba Irazoki (gitarra), Juantxo Zeberio (teklatua) eta Lutxo Neira (kontrabaxua) musikariekin.

Maiatzak 23. Olatz Salvador, ‘Zintzilik’. Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek parte hartu dute hitzetan. Maria Bustos, Jon Basaguren, Juantxo Arakama, Edorta Salvador eta Iñaki Salvadorrek parte hartu dute musikan.

Maiatzak 30. Rolan Garces, ‘Rolan&Loop abestiak’. Folk, country eta blues.

Ekainak 6. Maite Larburu, ‘Hezurren azpian’. Folk, bossa eta jazz.

Ekainak 13. Maddi Zubeldia, ‘Zimurrak baleki’. Folk, musika eta poesia uztartzen.

Ekainak 20. Xabier San Sebastian, ‘Zuhaitzak ez du beldurrik’. Folk eta rock.

Ekainak 27. Peio Ospital, ‘Arnasa... Hatsa... Bizia’. Paul Smet (pianoa) eta Mixel Ducaurekin (ahotsa eta gitarra).