EITBren webgunean jarraitu ahal izango da

‘Otto Pette’-ren 25.urteurrena omenduko dute Irakurraldi jarraituan

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, ostegunean Anjel Lertxundiren nobela irakurriko dute

09.02.2020 | 13:24
Arriaga Antzokian aurkeztu zen atzo Irakurraldi jarraituaren XII.edizioa.Argazkia: Oskar M. Bernal

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, ostegunean Anjel Lertxundiren nobela irakurriko dute

Bilbo - "Biharko klasiko bat". Hala deskribatu zuten Otto Pette, Anjel Lertxundiren nobela, orain dela 25 urte lehenengoz argitaratu zenean. Orain, mende laurden bat igarota, aurreikuspena bete da, esukal literaturaren klasiko bihurtuz. Hala, ostegunean, Bilbo Zaharra euskaltegiak urtero antolatzen duen klasikoen irakurketa jarraituaren XII. edizioko protagonista izango da; 400 pertsonek parte hartuko dutelarik.

Goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 19:00etara; Lertxundiren eleberria Arriaga antzokiko foyer-ean irakurriko da; idazleak berak ekitaldiari hasiera emango diolarik. Gainera, irakurraldia antzokiko kanpoaldeko pantaila batean eta EITBren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean; eta baita Azkuna Zentroan ere.

Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko du eleberria, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleez gain, gonbidatuak ere egongo dira; hala, guztira 400 lagun inguru izango dira bertan. Horien artean, Juan Mari Aburto alkatea edota Andres Urrutia euskaltzainburua. Gainera, euskara ikasleen jaiaren barruan kokatzen den ekitaldia erromeria batekin burutuko da arratsaldean Arriagaren aurreko plazan, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean.

Iraganera jo zuen Lertxundik atzo: "Irakurlerik gabe ezin dira 25 urte bete, ezta bost ere. Bidea irakurleekin batera egin du Otto Pettek". Izan ere, lehen zeuden hizkuntza eragozpen batzuk jadanik ez daudela aitortu zuen. Horren arrazoia? Euskara batuak egindako bidea, irakurleek ere egin dutela. Hala defendatu zuen idazle oriotarrak; eleberriaren irakurleek onartuko zuten hizkera asmatu bat sortzea izan zen, Erdi Aroan existitu litekeen hizkera bat erabiltzea.

Ana de Castrok ere, Bizkaiko Foru Aldundiko euskara ordezkariak, Otto Pettek egindako ekarpena ekarri zuen gogora: "Erreferente eta ai- tzindaria da Lertxundiren eleberria. Hizkerari eman zion garrantzia".

Horrez gain, jardunaldiak ere egingo dituzte Bilboko Euskaltzaindiako egoitzan. Atzo hasi eta bihar arte, 19:00etatik aurrera burutuko dira guztiak. Atzo, Pako Aristi eta Jon Alonsok ireki zuten zikloa; eta gaur berriz, Tere Irastortzak Otto Petteren irakurketa gidatua solasaldia eskainiko du ordu berean, eta Garbiñe Ubeda bere aldetik, Ziztada bat. Azkenik, bihar, Lertxundik berak itxiko du zikloa, hurrengo egunean, ostegunean, Irakurraldi jarraituaren XII.edizioari hasiera eman aurretik.

Irakurraldia